KRITIKA. Literatura

Probokazio bat

high 33765 34 TWITER maketa
2025eko urriaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera

Egilea: Laura Macaya, Hamaca. Itzultzailea: Amaia Astobiza. Argitaratzailea: Katakrak.

Probokazio bat da Laura Macaya eta Hamacaren arteko elkarrizketa biltzen duen Gatazka eta abusua ez dira gauza bera liburua, Amaia Astobizak euskaratua eta Katakrak etxeak berriki argitaratua. Hain zuzen ere, Itziar Zigak hitzaurretik bertatik ohartarazten gaitu horretaz: «Bidegurutze horretan, liburuxka bikain hau probokatzailetzat jotzen da, eta horregatik dugu beharrezko». Feminismo antipunitibista eta intersekzionala dago, Zigak aipatzen duen bidegurutze horretan ez ezik, obraren beraren muinean ere. Hizlarien ideiak bost atal nagusitan antolatuta dauden arren –«Punitibismoa», «Sexu-indarkeria», «Zis gizonik edo erasotzailerik ez dagoenean», «Kantzelazioak» eta «Kasu instituzionalak»–, aipatutako perspektiba bi horiek zeharkatzen dituzte, hasi eta buka, azpiatal guztiak. Horretan datza irakurleari liburuak –eta hizlariek– egingo dioten lehenengo erronka: aldarri feministaren magalean, orain artean hartu ditugun hainbat erabaki eta jokamolde auzitan jartzen ditu eta bestelako alternatibak defendatzen. Alternatiba horiek, batetik, ez dira inolaz ere zigorrean oinarritzen, eta min indibidualaz haratagoko beharrizanak hartzen dituzte kontuan; bestetik, eta, ondorioz, intersekzioan sinesten dute, zigorrak ere, edozein zapalkuntza bezala, ez direlako beti berdin aplikatzen guztiongan. Feminismoa ulertzeko modu horrek, ezinbestean, errotik eta sistematikoki eraiki ditugun balio eta sinesmenetan egingo digu hazka, bai eta, Macayaren eta Hamacaren ideiok ulertzeko, zenbait kontzeptu deseraikitzera bultzatuko ere. Baina, irakurleari elkarrizketa-liburuaren izenburua aski izango zaio obraren izaera desafiatzaile horretaz konturatzeko. Izan ere, obrak eskaintzen dizkigun lehenengo hitzek auzi kontzeptual bati begira jarriko gaituzte: abusu terminoaren bitartez, eta zehatzago, (genero) indarkeria kontzeptuarekin, ez ote ditugu gauza gehiegi izendatzen?

Obraren formatuak, aldiz, ez nau horrenbeste konbentzitu. Ez bere horretan ez delako egokia; interesgarria iruditzen zait gai transzendentalak hizpide dituzten elkarrizketak idatzian jaso, eta laburrean kontsumitzeko aukera ematea. Hala ere, niri neuri, hausnarketek eta zenbait ideiak dakarten haustura dela medio, labur geratu zait batzuetan. Badakit halako formatuen helburua ez dela izaten inondik ere monografikoena, ez direlako, interesgarriak eta trinkoak izan arren, sakontasun berarekin garatzen hizpide direnak, eta, kasu honetan, testua sortu den testuinguru diskurtsiboa ere oso kontuan izan behar dugu, gainera. Hala ere, horren apurtzaileak iruditu zaizkidan auziekin, esaterako, alternatibak proposatu bai, baina, alternatiba horiek praktikan nola aplikatu eta erabili aipatzerakoan, azalpen luzeago eta zehatzago bat izan dut faltan. Segur aski neroni izan naiz argitalpenaren helburua igartzen eta neurria hartzen jakin ez duena. Edozelan ere, liburuak irakurlea interpelatu, eta hari egiten dizkion galderek bultzatu naute jarrera hori hartzera duda barik, eta iruditzen zait xaxatzeko abilezia hori izatea badela, jada, meritu nahikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.