Pablo Berastegi. Donostia 2016ko zuzendari nagusia

«Proiektua hazten ari da oraindik, eta eroso gaude joera horrekin»

Bide erdia egin du Donostia 2016 egitasmoak. Orain arteko jarduerez, oro har, balorazio positiboa egin du zuzendari nagusiak, eta adierazi du udan proiektua apur bat «lausotu» egin daitekeen arren udazkenean indartsu itzuliko dela.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
San Fermin egunaren bezperan, Iruñeko Udaletxe plaza gainean suziria piztu eta ordu gutxira hartu du BERRIA Pablo Berastegik (Iruñea, 1968), Donostia 2016ren egoitzako bere bulegoan. «Gustuko ditut sanferminak, baina bereziki zalea ere ez naiz, eta askotan igaro izan ditut kanpoan. Asteburuan bilduko naiz hara, familiarekin bazkaldu eta buelta bat ematera; horrekin nahikoa zait». Kultur Hiriburutzaren programak ez du etenik, eta bide erdia egitera iritsi denean, Donostian zer eginik ez du falta proiektuaren zuzendari nagusiak. Bide erdiko puntu hori ere ez da txarra orain artekoaz balantzea egin eta datorrenari begira jartzeko.

Ekuadorrera iritsi da D2016. Espero zenuten puntuan zaudete?

Ez genuen leku jakin batean egotea pentsatzen, baina eroso sentitzen gara gauden lekuan. Duela hilabete asko, gorago egon nahiko genukeen agian, baina egon dira beherago egon gintezkeela pentsatu dugun aldiak ere. Proiektua hazten ari dela uste dugu, eta eroso gaude ikusgarritasun eta interes aldetik hazteko duen joera horrekin.

Orain urtebete, BERRIAri eman zenion elkarrizketan esan zenuen 2016a ereindakoa jasotzeko garaia izango zela. Zer da orain arte jaso duzuena?

Gauza asko; batzuk agerikoagoak dira edozein herritarrentzat, beste batzuk zuzenean inplikatuta gaudenok sentitzen ditugu, eta ziur naiz oraindik kontziente ez garen beste asko jasoko ditugula. Agerikoen artean, adibidez, Udagau bateko ametsa dago; jende askoren lan jarraituak halako mailako ekoizpen bat gauzatzea posible dela erakusten duen adibide garbia da. Bestalde, herritarrak hainbeste jabetzen ez diren gauzen artean ere dezente daude. Adibidez, Kukai taldearen Oskara ekoizpena Mugalariak proiektuaren emaitza da, Ipar eta Hego Euskal Herriko artisten arteko egonaldi programarena. Eta, azkenik, oraintxe jabetzen ez garen gauzen esparruan, intuizioa dugu, akzioz edo erreakzioz, gauza batzuk gertatzen ari direla, lurraldearentzat onuragarriak izango direnak. Lehen esaten banuen 2016an ereindakoa jasoko genuela, orain lorpen horiek ikusgarri egiteko lan egin behar dugu.

Urtea ez zen bereziki ongi hasi, inaugurazioaren polemikarekin. Oraingo distantziatik, zerk egin zuen huts? Eta, bestalde, gainditu al da utzi zuen sentsazioa?

Bukaeratik hasita, uste dut gainditzen hasi dela. Orain hainbatek esan didate hain gaizki ere ez zutela ikusi, eta iruzkin bat besterik ez da, baina duela hilabete batzuk inork ez zuen halakorik esango; ahazten ari den seinale izan daiteke. Nire ustez, gure lanaren parte batean asmatu egin genuen; ikusgarritasun handiko zerbait nahigenuen, eta a priori emaitza ona eman behar zuen balio batengana jo genuen, eta, hori ongi aukeratu izanaren ondorioz, ikusmina sortu genuen, gero geure kontrara jokatu ahal izan zuena agian, baina uste dut horrek eragin zuela telebistaz 250.000 lagunek ikusi izana eta beste 50.000 Donostiara etorri izana. Hori ongi joan zen. Ongi atera ez zena, aldiz, jende askok ez zuela ulertu, ez zelako behar bezala azaldu, ez ongi hauteman, hainbat gauza ez zirelako ongi egin, edo lausotuta geratu zelako ideia interesgarria izan zitekeena. Hori horretan gera zitekeen, baina gero asko nahastu zen polemikengatik; horrek ematen dit pena handien, batez ere gugandik at zeuden gauzak zirelako, eta ezer gutxi esan genezakeelako. Sortu zen zaratak kalte handia egin zigun, eta denbora asko hartu zigun iaztik proiektuaren inguruan berriro sortua zen interesa berreskuratzeak. Tira, mendate bat gehiago igotzea egokitu zaigu, eta horrek ere agerian jarri du zailtasunak gainditzeko proiektu bat dela hau.

Programak sei hilabete martxan daramala, sumatu duzue herritarrek izan zezaketen jarrera uzkurra aldatu edo hobetu denik?

Baietz dioen informazio formala eta informala dugu; neurketak eginez goaz prozesu osoan, eta, bai, sentitzen dugu pertzepzioa hobetu dela, baita kalean jendearekin ere. Bestalde, jakin badakigu oraindik hazi egin daitekeela. Hautagaitzaren garaian, nolabait,baldintzarik gabea zen babesa, eta hori orain zailagoa da, gauzak egiten ari zarelako eta ez soilik amesten, baina irudipena dut gehiago haziko garela, eta orain bizitzen ari garena baino are hobekiago gogoratuko dugula. Ideia erabat subjektiboa da, dena den.

Sei hilabeteotako proposamenetatik, zein esango zenuke izan direla arrakastatsuenak?

Hemen, berriro ere, plano ezberdinetan lan egiten dugu. Badaude ikusgarritasun terminoetan oso ongi atera diren proposamenak, publiko handikoak, eta, horien artean, aurreikuspenak bete dituzte, adibidez, Time Machine Soup-ek, arriskatua zen arren; edo eMusik-ek, iaz entseguak gogobete ez arren, emaitza askoz hobea izan duenak; edo txotxongiloen nazioarteko jaialdiak; edo Uda gau bateko ametsa-k; edo Bake-ituna-k... Gero, formatu txikiagoko jarduerak daude; nire ustez, oso garrantzitsuak. Bi adibide bakarrik jarriko ditut: batetik, Adiorik gabe-ren lehen saioa, proiektu batere erraza ez zena eta arrakastatsua izan dena; eta, bestetik, Esther Ferrerrek hilabeteotan Mediterraneoan hil direnen omenez egin nahi izan zuen ekintza txiki sinboliko hori, Gutun Zuriak ildoaren barruan. Mugarri txikiagoak dira aurrekoen aldean, baina garrantzitsuak.

Arriskatu hitza aipatu duzu Time Machine Soup proiektuarekin, Uda gau bateko ametsa ere hala izan daiteke. Arriskatzea izan liteke arrakastarako formula?

Ez, ez... nigatik balitz, behintzat, aldi batzuetan kontserbadoreagoak ginateke [barrez]. Agerikoagoak eta kontrastatuagoak diren ikuskizunen alde egin genezakeen, funtzionatuko dutela dakigun horien alde, edo espazio publikoan ez egitearen alde, jende gutxiagorekin eginez baina eguraldiaren ziurgabetasunik gabe. Bueno, proiektuaren izaera hori zen, esperimentatu egin nahi zen eta, esperimentatzen duzunean, okerrak egiten dituzu; kontua da nola hartzen dituzun oker horiek, asko ikasten baita horietatik.

Egon da zuen aurreikuspenak bete ez dituen proiekturik?

Inaugurazioa salbu, zubiko ekitaldiaz gain ongi atera ziren beste jarduera asko izan baitzituen, ez da egon guk espero bezala funtzionatu ez duelako aipatzeko modukorik. Izan da zaildu eta birformulatzera eraman gaituenik, eta horregatik atzeratu denik.

Eta bertan behera geratu denik?

Guztiz erori denik ez, baina bazegoen komikia lantzeko egitasmo bat. Halako batean, konturatu ginen lankidetzan ari ginen eragileak eta guk jarrera ezberdinakgenituela, eta birformulatzea erabaki genuen. Bi aldeen erabakia izan da; beste era batera izatea gustatuko litzaiguke, baina birpentsatzeko beharra ikusi genuen. Komikia ez dadin programaziotik at geratu lan egingo dugu; agian, nahi genuenaz beste era batera.

Baina izan da sei hilabeteotarako aurreikusitako proposamenik, oraindik egin ez denik, ezta?

Bai, Bakearen milia, adibidez, atzeratu egin behar izan dugu. Baziren lehen seihilekoan martxan jarriko ziren beste batzuk, eta prozesuak jarri direnak martxan, baina agian ez dira ikusgarri egin. Adibidez, DSSirez martxan jarri da, eta pentsatuta zegoenaren oso antzera egingo da, baina atzerapenarekin joango da.

Eta, sei hileotan, gehitu da programan ez zegoen egitasmorik?

Zalantzak ditut baten batekin... Iazko urriko aurkezpenean azaldu genuenez, baziren landu genituen hainbat proiektu, baliabide ekonomikoak lortzearen arabera, badaezpada tiraderan gorde genituenak. Esango nuke In&At ez zela programan sartu, baina deialdi bat egin dugu orain, argazkilariei begira. Ohiz kanpoko zer edo zer salbu, aurkeztu genituen proiektuak egin ditugu, baten baten kasuan epeak aldatu dira, besteren bat birpentsatu, eta ez da hasieran aurreikusitakoa izango, eta landu genuen baina aurkeztu ez genuen besteren bat gehitu da azkenean.

Eta loa kendu dizun baten bat?

Bueno... oro har, nire mahaira iristen diren proiektu guztiak dira loa kentzeko modukoak; zeren, arazoren bat izan delako-edo, lan estra bat behar dutenak soilik iristen zaizkit; bestela, ni ez naiz zuzenean proiektuez arduratzen.

Izan da polemika eragin duenik, esaterako, Bakearen milia, hainbat fotokazetarik egin zuten salaketaren harira. Zer neurri hartu dira kasu zehatz horretan?

Aktiboago egotea eta aldeen artean bitartekaritza egitea erabaki dugu, bien jarrerak ulertu eta akordio bat lortzen lagundu nahian. Horretan dihardugu, gertu gaude, laster jakingo dugu azken erabakia.

Hasieratik egon da Hiriburutzaren proiektua hainbat polemika eta kritikaren erdigunean. Kritikak, barrutik, nola bizi dituzue?

Energia jaten digute batzuetan. Haatik, maiz, naturala ere badela pentsatzen dugu. Batzuetan, apur bat tristatu nau kritika asko oso interesatuak izan direla; lan ikaragarria da edozein adierazpen gezurtatu beharra. Baina gogoko dut kritikan arrazoitik zer dagoen ikustea; entzun egiten ditut, eta saiatzen naiz aztertzen esaten den horretan egiatik zer dagoen.

Izan da kritika bat, formagatik, gutxienik originala eta deigarria izan dena. Espainiako Errege-erreginen bisitaren harira agertu ziren kartelez ari naiz. Zuri zer iruditu zitzaizun ekintza hori?

[Barrez] Bai, bai. Oso irudimentsua iruditu zitzaidan. Argi dago hiriko biztanleen zati bati ez zitzaiola egokia iruditu guk egindako gonbidapena, eta hori aldarrikatzeko era elegante bat iruditu zitzaidan, ironiaz egina. Beti da estimagarriagoa ironiaz egitea eta ez bestela. Izan dira beste batzuk, are nire irudia erabili dutenak, eta grazia handia egin didate.

Kontuei dagokienez, gastua espero bezala ari zarete egiten ala izan da ezustekoren bat?

Ezustekorik ez da izan. Ekarpen pribatuei dagokienez, jarri genituen helburuak baino apur bat justuago gabiltza. Garai zaila da enpresetatik dirua lortzeko...

Ekarpen pribatua %25 izatea aurreikusi zen hasieran, ondoren %15 izatea...

Hautagaitzaren garaian, %25 zen; gero, %15era jaitsi zen, eta, oraintxe, ez dakit zenbatean gabiltzan... %15 horretatik ahalik eta gertuena egon nahi dugu, baina ez dakit iritsiko garen. Egia da, halaber, lortuko ez bagenitu ere hainbat modu aurreikusi genituela diru sarreren gabezia leuntzeko. Lehen aipatu jarduera multzo hori adibide bat da, zeintzuek dirua lortu ezean ez ziren egingo. Eta gero, 2014-2016 artean, funtspropio batzuk sortu genituen. Beti izan gara oso zuhurrak horretan; legatu bat utzi behar duen proiektua izanik, beti izan dugu oso argi defizit bat dela utzi ezin dezakeen legatu bakarra. Ez dugu gasturik konprometituko ez badugu sarrera ziurtatua.

Edonola, espero duzue urtea bukatu aurretik ekarpen pribatu gehiago egotea?

Lanean segitzen dugu. Abagune on batean gaude; urtebeteko egitasmoa da, hainbat markari proiektu zehatzak gidatzeko eskatzen diegu; oraindik aurkeztu gabeko batzuk egonik, oraindik baliabideak lor daitezke.

Ekitaldi asko izan da udaberrian. Udan eskaintza apalduko da?

Ez da gutxituko; agian, apur bat lausotu, hirian ikusgarritasun oso handia duten beste egitasmo batzuk laguntzen ariko garelako. Beste izen batzuk dituztenegitasmoei ari gara baliabideak eskaintzen, nolabait. Esaterako, Jazzaldian egitekoa den Europako 12 Points jaialdia, elkarrekin finantzatuko dugu, baina askok ez dute jakingohorretan lagundu dugunik. Hori Musika Hamabostaldiarekin ere gertatzen da, Zinemaldiarekin, jaialdi txikiagoekin... Guretzat,garrantzitsua zen ez kontraprogramatzea, hiriko kultur jarduera garrantzitsu horiei lehiarik ez egitea. Udazkenean indar handiz itzuliko da.

Hemendik urte bukaerara, zein jarduera nagusi geratzen dira?

Datorren astean bertan, Europa bat-batean hasiko da, etauda hasierako zati honetan garrantzitsua izango da. Gero,12 Points etorriko da, eta Entzumenaren behatokia proiektuak, Bake-itunak-en beste erakusketa batzuk... Agian, ez dira udaberrikoak bezain ikusgarriak,baina bai kalitate handikoak. Ekoizpen handiagoen artean, Gabon Txirrita eta Cervantesen inguruko Tratos proiektua ditugu; Adiorik gabe-ren saio gehiago izango dira; Jone San Martinen proposamenak iritsiko dira urrian; Hizkuntz Aniztasunaren Foroa...

Beti aipatzen duzuen legatu horiproiektu jakinen baten jarraipenarekin zehaztuko da?

Oraingoz, jarraipena izango dutela ziur dakigun proiektuak Mugalariak eta Beste hitzak dira; lehenarekin, 2017rako deialdia egin da jada, eta bigarrenak Europako laguntzak jasoko ditu 2018ra arte. Proposamen bat lantzen ari gara patronatuari aurkezteko, uste dugulako ez dela soilik gure ardura proiektuari jarraipena ematea. Zaila da buru bikoitz horrekin lan egitea, programa ongi lantzea batetik, eta zer eman ahalko lukeen amestea bestetik. Ez da beti erraza, baina horretan ari gara.

Datozen urtean errepikatzeko hiru proiektu aukeratu ahalko bazenitu, zein izango lirateke?

Nabarmenak direnetara ez jotzeagatik... Interesgarria litzateke Uda gau bateko ametsa-ren moduko ekoizpen bat aldian-aldian egitea. Artisten egonaldien programekin zer ikusia duen guztia ere oso interesgarria iruditzen zait. Olatu Talka eta Stop War jaialdien gisakoek jarraitzea ere interesgarria litzateke. Bai eta Berriak ildoarekin zer ikusia dutenak ere, ikusmira berriak, komisario berriak... oso interesgarria litzateke horiek jarraipena izatea, ikusgarritasun txikiagoa badute ere ehuna sendotuko luketelako.

Proiektu jakinetatik harago, zer ondare utzi behar du D2016k, urtebeteko lorea izan ez dadin?

Era batean, proiektuen jarraipena legatua planteatzeko era bat da. Gero, badira metodologiekin zerikusia duten beste batzuk; ahalduntzeari edo sareak sortzeari lotutako proiektuek etorkizunean garrantzitsuak izan daitezkeen jarduerak ekar ditzakete, eta zaila izango da esaten gure lanaren ondorio diren ala ez. Eta lehen esan bezala, akzioz edo erreakzioz, hainbatetan, are gure proiektuarena bezalako eredu baten aurrean, hainbat jende dago aktibatua gauza interesgarriak sor ditzakeena. Hori ere zaila da neurtzen, eta ebaluazio on bat egiteko kezka badugu. Defendatzen ditugun balioei dagokienez, hori oraindik are zailagoa da neurtzen, baina gure ardura izan ala ez, horretan egin daitekeen edozein ekarpen oso positiboa iruditzen zait.

Azken galdera euskaraz egingo dizut. Zer moduz, ari al zara ikasten?

Ai ama... [irribarrez] Gaizki... [gazteleraz] Ez dut lortzen denborarik ateratzea, eta burua informazioz erabat beteta daukat gehiago atxikitzeko. Ez dakit egia ote den, baina irakurtzean egiten ditudan ahaleginagatik doinu egokia omen dut behintzat, baina ez dakit... Legaturako utziko dugun beste lan bat izan beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.