Kritika. Literatura

Promesak objektu txikietan

Liburuaren azala
Liburuaren azala
2026ko irailaren 27a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maite Aizpuruak Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlana estreinakoz oholtzaratu zuenetik sei urtera ari naiz haren inguruko kritika idazten. Izan ere, oraintsu argitaratu du lehen aldiz Susak haren idatzizko bertsioa, Infinitudrama konpainiarekin elkarlanean sortu eta ekoitzitako Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena konposizioekin batera, hirurak ere Herrenaren promesak izenburupean.

Lehenengoa Maite Aizpuruak berak ondu eta errepresentatu zuen, gorputz herren bakar bat protagonista izanda, zapaltzen eta debekuz janzten gaituen gizarteaz, alegia, gorputz kolektiboaz eta haren minez hausnartzeko. Bigarren eta hirugarren antzezlanek, ostera, laguntasunaz dihardute eta laguntasunean ondu dira, gainera: Aizpuruaz gain, Infinitudrama osatzen duten beste hainbat artista ere presente egon dira sortze eta ekoizte prozesuetan. Liburuak, neurri batean, sortze prozesu horren lekukotasuna eskaintzen digu, hirugarren antzezlana bigarrenaren luzapen edo hedapen bezala uler daitekeela kontuan izanda. Hurrenkerak eta garapenak logikoa dirudi, eta seguru zenbaitentzat morbosoa izango dela bide hori nola garatu den idatziz (ere) ikustea; niri neuri, ostera, alderdi hori iruditu zait proposamen literarioaren ezaugarririk nekosoena, bai behintzat bata bestearen ondoan horrela aurkeztuta.

Antzezlan buruaskiak diren arren, erraz identifika daitezke elkarrekin lotzen dituzten hariak. Haietako bat da lengoaia nola erabiltzen den eta, intentzionalki, nola egiten den jolas elementu horrekin. Bat-bateko erregistroaren aldeko hautu sutsu eta, bide batez esanda, ez bereziki erraza igarri diot obrari oinarrian; ahozkotasuna darie testu guztiei, gazte hizkeratik hurbilagoko esamolde eta anglizismoak bere horretan mantentzen dira maiz, eta irakurleak ez du umore eta ironiarik faltan izango. Alderdi horiek, duda barik, arintasuna ematen diete testuei, baina, batez ere, esango nuke mesede egiten diotela euskararen aktualizazioari, azkenaldiko hainbat testu literariotan, zuzenean edo zeharka, aldarrikatu izan den bezala —gogora datozkit Danele Sarriugarteren eta Miren Amurizaren azken nobelak—.

Bigarren elementu transbertsala antzezlan guztietan ezkutatzen den mezuan eta kritikan datza. Promesen inguruan bilbatzen dira hiru antzezlanak, hain zuzen ere, (hetero)normari eta kapitalismoari emandako erantzun bezala. Promes horiek guztiak objektu txikietan materializatzen dira hein handi batean. Hala, ibilian dabilen zinta mekanikoak etenik ez duen zapalkuntza materialista eta heteropatriarkala iradoki dit lehen antzezlanean; bigarren eta hirugarren antzezlanetan, berriz, zutabeak eta lokarriak, estutzen eta askatzen doazen harremanen sinbolo bezala irakurri ditut, eta eszenatokiaren erdigunea hartzen duen pontxez betetako arrainontzia, ostera, laguntasunaren «ur sakon» eta konplexua. Edozein obraren indarra esaten denaren eta esan gabe geratzen denaren arteko espazioan gotortzen dela esan ohi dute, eta nago Aizpuruak eta bidaide izan duen Infinitudrama konpainiak, kasu honetan, objektu zehatz horietan bilatu dutela espazio labainkor eta iradokor hori; baita aurkitu ere.

'Herrenaren promesak'

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA