PERENNIAL
1990eko hamarkadaren erdian, hardcore-punk testuinguruetan sortutako hainbat musikari mod azpikulturara gerturatu ziren, 60ko hamarkadako modernitatean eztanda egin zuten hainbat adierazpide bereak egiteko asmoz, hala nola soula eta rhythm and bluesa, psikodelia, latin jazza, Blue Note jazz diskoetxeko katalogoa edo Frantzian loratutako Nouvelle Vague zine mugimenduaren estetika.
Ondorioz, hastapenetako haserre eta amorrua alde batera utzi zituzten, proposamen koloretsuagoak eta dantzagarriagoak eratzeko, betiere, punkaren energiari bizkarra eman gabe. Hala, AEBetako Washington DC hiriburuan The Make Up eta Delta 72 sortu ziren, Suediako Umea hirian The (International) Noise Conspiracy eta Herrialde Katalanetako Bartzelonan Tokyo Sex Destruction. Formula berrituak ez zuen zale andana erakarri —gurean, esaterako, ez dugu horrelako bandarik ikusi—, baina talde horietako batzuek aztarna utzi zuten hardcore-punk jarraitzaile heterodoxoenen artean.
Bada, 30 urteren ondoren, AEBetako Connecticut estatuko Perennial taldeak aurretik aipatutako ezaugarri guztiak betetzen ditu. Diskoaren azalari eta izenburuari erreparatzea baino ez dago: mod talde revival zale baten diskoa dirudi!
2015ean sortu zuten Chad Jewett (gitarra eta ahotsa), Chelsey Hahn (organoa eta ahotsa) eta Ceej Wolf (bateria) musikariek Perennial. Hirukoteak hasiera-hasieratik baxua alboratu zuen organoaren alde, soinu gordin, erritmiko eta melodiko baten mesederako.
Estatubatuarrek orain arte lau disko argitaratu dituzte, baina laugarren honekin lortu dute oihartzunik handiena, nahiz eta 2024ko Art History mugarri izan zen taldearentzat; izan ere, grabazio horretan lortu zuten 60ko hamarkadako eraginak eta hardcore-punkaren oinarria egoki koipeztatzea. Haatik, Modernism honetan lortu dute mod, soul eta punk estiloen uztarketa elegantziaz fintzea, bai eta zorroztea ere. Horren erakusle Bandcamp webguneak iragan hileko punk disko onenen artean kokatu izana: «Modernismoa zerbait ausart eta hordigarrira goratu dute. Punka ez da inoiz hain dotore entzun, laztana».
Horiek horrela, hirukoteak hamar lehergailu kontzentratu ditu 20 minutuan: gitarra riffak sutan haizatzen dira, organoa sexy ageri da eta ahotsak aldarriak dira. Entzuleen artean gasolina eta pospoloak banatzea baino ez zaie falta. Soinua sutsua da, frenetikoa, eta hitzak lelo kriptikoz bustitako karkaxak dira: «I’m feeling abstract, baby, are you abstract?» (Abstraktu sentitzen naiz, abstraktua zara, maitea?).
Tarteka esperimentaziorako joera ere erakusten du taldeak, besteak beste, Granny Smith Apple barean edo jazz kutsuko Baby, Are You Abstract? kantuan. Halere, segidan datorren oldarraldiaren bidez, The Shadow, taldeak bozgorailuak kiskaltzen ditu napalm bonba baten ahalmen suntsitzailearekin. Hemen ez dago atsedenerako lekurik. Frenesia eta urgentzia dira nagusi.
Diskoari laguntzeko taldeak zabaldu duen sustapen-testuan bete-betean asmatu dute: «Motown eta Dischord zigiluen ondarea uztartzen zuen euren soinua fintzen joan ziren, distira handiko estilo propioa eta ñabarduraz aberatsa lortu arte». Ez dute inolaz ere egungo panorama musikala hankaz gora jarriko, baina zure burmuinak bor-bor egingo du 20 minutuz.