Punkaren antologia bat

Taldekideak «markatu» dituzten kantuen bertsioak egin ditu Txapelpunkek 'La krem de la krem' diskoan

Bilbo
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
La krem de la krem (Edita Txapelpunk, 2012) izenburupean argitaratu du Txapelpunk taldeak bere bosgarren diskoa. Argitalpen mugatuko lana plazaratu dute, musikariak «markatu» dituzten hamalau kantaren bertsioekin. Kortatu, Eskorbuto, Cicatriz, MCD eta Etsaiak taldeetako abesti bana hartu dute, besteak beste. Joaquin MCDko gitarristak, Auo Etsaiak taldeko abeslariak eta Oihane Eskurzak kolaborazio bana egin dute. Diskoa Durangoko Luberri estudioan (Bizkaia) grabatu dute, eta Iñigo Arrasate Txapel abeslaria oso pozik agertu da emaitzarekin. «Diskoak oso soinu ona du, oso indartsua, gure ustez; oso garbia eta oso kañeroa».

Gertuko dituzten 80etako Euskal Herriko punk taldeak dira hautatutako gehienak. «Gaztetatik markatu gaituzten taldeak eta abestiak dira», azaldu du. «Taldekide bakoitzak hiruzpalau kanta aukeratu ditu». Horien artekoa da Zurrapak punk talde gernikarraren Divino tesoro abestia, horrekin «omenaldia txiki bat» egin nahi izan diote taldeari.

Abestien bertsio fidelak egiten saiatu dira gehienetan; hala ere, «izkintxoren bat egin dugu, baina, oro har, kalkatuz joan gara». Ume Gaiztuen Ume gaiztuen festa, Kortaturen Zu atrapatu arte, MCDren Barrenkalle, Eskorbutoren Adiós, reina mía, BAPen Plastikozko janariak eta Orquesta Mondragonen Caperucita feroz abestiak aukeratu dituzte, beste batzuen artean.

Baina, agian, omenaldirik berezienak beraien ibilaldiko taldeei egindakoak izan dira: Txapelek, Atrofik eta Tokik Auo Etsaiak taldeko abeslaria izan dute kantu lagun Paranoia abestian; Askaturen —Txapelen aurreneko taldea— Sucias patadas eta Txapelpunken Kaguen Dios abestiaren ingelezko bertsioak ere (Shit God) beren lekutxoa izan dute diskoan. «Geure buruei ereegin behar genien omenaldi txiki bat», esan du, txantxetan.

Auok ez ezik, MCDko Joaquinek ere bere ekarria egin du albumean; izan ere, berak jo du gitarra Barrenkalle abestian: «Hasiera batean gure gitarristarekin grabatzen hasi ginen, baina ez zen gauza bera, Joaquinek oso soinu berezia du. Estudiotik grabatzera pasatuko zen galdetzeko deitu genion, eta baietz esan zigun, gustu handiz egingo zuela. Etorri zen, hartu zuen gitarra eta plist-plost, abestiak kristoren soinua du eta oso pozik gaude denok».

Txanogorritxuri kantu

Txapelek hautatutako abestien artekoa da Caperucita feroz, errepertorioko hautapenik bitxiena; Orquesta Mondragonen kantua punk doinuetara moldatu dute. «Gaztetan bi hilabetez edo egon nintzen gaixorik, eta amak diskoa erosi zidan, hilabete batez edo, diskoari buelta eta buelta ibili nintzen, besterik ez zegoen eta. Nolabait, markatu ninduen».

Arrasaten, Lemoan, Gernikan, Madrilen eta Donostian egingo dituzte birako lehen kontzertuak, eta beste leku batzuetan erdi loturik dituzte kontzertuak. «Diskoa zuzenean defendatzeko asmoa dugu; ahal dela, urtebetez-edo jotzea espero dugu». Kontzertuekin batera, proiektuz kargatuta dabiltza; hurrengo urtean beste disko bat atera nahi dute abesti berriekin. Aurrekoetan bezala, protesta mezuz jositako hitzak ekarriko dituzte. «Beti egongo da zerbaiti abesteko, beti egongo dira injustiziak». Gaur egungo egoerari erreparatuta, hitzak egitea «erraz» izango dute, abeslariaren ustez.

Atlantikoa gurutzatzeko plana ere hor dute, Kaliforniako (AEB) disko etxe batekin harremanetan daude beren abestien ingelesezko hainbat bertsio disko batean biltzeko, eta AEBetan bira bat egiteko, diskoa promozionatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.