Desazkundea egikaritu gura zuen Asel Luzarragak (Bilbo, 1971), eta, literaturaren bidez bederen, teknologiaren demasari bizkar emanda eta naturarekin bat eginda bizi den gizarte asanbleario bat sortu. Lurralde bat asmatu zuen horretarako, Askayala, bai eta hango gorabeherak narratzeko fikziozko pertsonaia bat ere: Simun Palsu idazle eta kronikaria. Gauzak behar bezala kontatzeko eleberri bat aski ez, eta trilogia bat egingo zuela erabaki zuen gero, eta, Esan gabe doa eleberriarekin ekin zion, 2022an. Zortzigarren hiria (2024) heldu zen atzetik, aurrekoaren jarraipentzat baino gehiago aurrekaritzat jo daitekeen eleberria, iraultza egin aurreko egoera kontatzen baitu bertan. Eta Puta jainkotiarrak karrikaratu du orain, zikloari amaiera ematen dion hirugarren nobela. Txalaparta argitaletxearen eskutik egin du trilogia osoa.
Artean Wallmapun (Txile) bizi zela bururatu zitzaion Luzarragari trilogia osatzeko ideia, 2009. urtean. Geroztik, batez beste bi urteko tarteaz plazaratu ditu hura osatu duten hiru eleberriak, baina etengabe izan du gaia gogoan: «Hamarkada eta erdiz egindako hausnarketaren emaitza da, eta batez ere, amets egiteko, imajinatzeko eta ausartzeko deia».
Iñigo Satrustegi editorea, berriz, metaliteraturaz mintzatu da: «Asel Luzaragak sinatzen ditu Simun Palsuk idatzitako eleberriak, baina, aldi berean, Palsuk jasotzen ditu Askayalako testuak, istorioak, pasadizoak eta bestelakoak». Hain zuzen, eguneroko baten itxuran idatzita dago Puta jainkotiarrak. Jacinto eta Agus aita-semeen bidez, Askayala bere osoan ezagutuko du irakurleak: ohiturak, tribuak, herrixkak, hiriak eta antolatzeko zein pentsatzeko modu berriak. Horrez gain, urte batzuen buruan gertatutako aldaketen berri ere ematen du idazleak, eta, horretarako, aita-semeek elkarri idatzitako gutunak ditu tresna nagusi. Agus «filosofotzat» dauka Satrustegik: «Haren gogoeten bidez, hizkuntzarekin eta pentsamenduarekin esploratzeko beste aukera bat izan du Luzarragak». Irakurlea pentsatzera akuilatzen duten gai asko darabilzkiela ere esan du: «Biluztasuna, zaintza, burokraziarik edo dirurik eza, lanaren banaketa...».
«Agus pertsonaiaren gogoeten bidez, hizkuntzarekin eta pentsamenduarekin esploratzeko beste aukera bat izan du Luzarragak»
IÑIGO SATRUSTEGI Editorea
Editoreak esandakoa gehiago zehazte aldera, Luzarragak Ursula K. Le Guin zientzia fikziozko liburuen idazlea hartu du ahotan: «Hark zabaldutako bideari buelta bat ere bada liburu hau, bidean hainbat ahotsek aberastua». Gainera, The Down of Everything saiakera eta haren egile David Graeber antropologoa eta David Wengrow arkeologoa ekarri ditu hizpidera: «Gure zibilizazioak bestelako antolakuntza eta bizimodua imajinatzeko eta aurrera eramaten saiatzeko gaitasuna galdu dela aipatu zuten. Ea betiko ez den, nora joan behar dugun erabakitzeko, lehenengo horren irudia egiteko gai izan behar dugulako».
Idazteko prozesuaz ari dela, Luzarragak esan du ez diela beldurrik izan burura etorritako korapiloei: «Batzuek hobesten duten solarpunk genero tekno-utopikoak saihestutako galderak jartzen ditu liburu honek mahai gainean. Askayalaren oinarria ez da doktrina liburu lizundu bat, eguneroko esperimentazioa baizik». Nabarmendu du, baina, «guztiaren gainetik» literatura dagoela; hura bera duela egiteko nagusitzat: «Literaturak berak eroan behar du irakurlea. Kasu honetan, nagusiki Agusen ahotsak. Niretzat funtsezkoa baita pieza bakoitzak eskatzen duen ahots literario egokia aurkitzea». Eta kritikarik ere heldu da hari horri tiraka: «Sentsazioa dut euskaraz gero eta liburu gehiago argitaratzen dela, baina gero eta literatura gutxiago».
«Batzuek hobesten duten solarpunk genero tekno-utopikoak saihestutako galderak jartzen ditu liburu honek mahai gainean»
ASEL LUZARRAGA Idazlea
Bestalde, Satrustegik elkarrekin alderatu ditu trilogia osatzen duten eleberriak. Haren ustez, Puta jainkotiarrak da besteei gehien lotzen zaiena: «Esan gabe doa eta Zortzigarren hiria modu independenteagoan irakur daitezkeela esango nuke».