Radarretik at bada uhinik

Nevermind Triok 'Onena heltzear dago' atera du, ibilbideko laugarrena. Kantu propioak dira guztiak, eta taldearen soinua «finkatu» egin da

gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Osaerak berak ematen dio berezitasuna taldeari. Jazz hirukotearen moldera hurbiltzen da ezertara hurbiltzekotan; ahotsik ez izateak jada abstrakzio maila bat ematen dio taldearen musikari, eta baxurik ez izan eta haren ordez saxoa erabiltzeak proposamenaren izaera jolastia azpimarratzen du. «Lehen begiratuan, jendearentzat urruneko proposamena da gurea; nolabait, radarretik kanpo gaude; baina, gero, zuzenean ikusten gaituztenean, erantzun ona jasotzen dugu, gertuago sentitzen gaituzte». Hasier Oleaga da Nevermind Trio taldeko bateria jotzaile eta piezen sortzaileetako bat; uste du Onena heltzear dago (Errabal) disko kaleratu berriarekin «urrats bat» egin eta euren proposamena «sendotu» dutela. «Egiten dugun horretan fedea izatea da kontua. Nahiago genuke zuzenean jotzeko aukera gehiago izango bagenu, baina adiskidetasun batetik abiatutakoa da gure egitasmoa; musika hau egiten duen eta formatu hau duen talderik ez dago ia hain ibilbide luzea duena. Jazzaren munduan promiskuitate musikala da arau, baina guk dagoeneko laugarren diskoa dugu, eta, izenburuak dioen bezala, onena heltzear dagoela uste dugu».

Nevermind Trioren laugarren diskoak bederatzi pieza instrumental bildu ditu, eta guztiak dira hiru taldekideek sortutakoak. Oleagaren beraren konposaketak dira diskoari izenburua ematen diona, Pangea / Gure panpinak eta Tolouse the Pappers. Jorge Abadias gitarra jotzaileak sortu ditu Tejido 34, Tejido 44, Tejido 21, Otombau eta Manías mías. Tejidos saileko hiru piezak ikasle garaiko ariketa batzuetatik abiatutakoak dira, Oleagak azaldu duenez. « Musikene goi mailako musika ikastegian aritu ginen hirurok, eta orduko irakasle baten ariketen garapenak dira».

Julen Izarra saxo jotzaileak —tenorra nahiz sopranoa— konpasatu du Haika izenekoa, euskal herriko musikaren oihartzuna duena. «Jazza deitzen diogu egiten dugunari, batez ere inprobisazioari leku egiten diogulako. Baina gustuko ditugun musika guztien eragina nabari daiteke. Badago jazzaren tradizio hori, baina badago rockaren eraginik aurreko lanetan bezala, eta baita herri musikarena edo folkarena ere».

Taldeak 2010ean egin zuen debuta, Nevermind People izenarekin. Laukotea zen orduan, eta Ainara Ortega jazz kantariak jarri ohi zien ahotsa orduko konposaketei. Nirvana taldearen Nevermind diskoko kantuak jazz moldaketez jantzi zituzten; Be (Errabal, 2012) bigarren lanean hiruko bilakatu zen —Aritz Luzuriagak kontrabaxua jotzen zuen—, eta jazz klasikora hurbildu ziren, kantu propioak sortuz. Sustrai barik (Errabal, 2013) hirugarrenarekin egungo talde osaeraren zimenduak ezarri zituzten, eta, laugarrenarekin, apustua sendotu egin dute. «Aurreko lanen ondorioa da honaino iritsi izana. Geroz eta gertuago gaude gure soinu definitu propio horretatik», zehaztu du Oleagak. Izarra taldekideak osatu du egungo soinuaren definizioa. «Diskoak badu batasun bat, baina pieza bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bakoitzak izaera propioa du. Erritmikoki desberdinak dira, eta hor dago aberastasuna».

Bertsio propio bat

Ohikoa izan du Nevermind Triok beste musikarien bertsioak egitea. Aurreko lanean The Beatlesen Dear Prudence kantuaren bertsioa egin zuten. Oraingoan, berriz, etxe barrura begira jarri, eta hirugarren disko horretako Manías mías-en moldaketa dakarte. Horretarako, Escandalo Exposito saxo jotzaile eta rap kantariaren —Hugo Astudillo berezko izenez— kolaborazioa izan dute: «Elkarrekin ikasi genuen Musikenen, eta, saxo jotzaile aparta izateaz gain, raparen munduan oso estimatua da». Juan Pablo Balcazar Kolonbiako musikariak ere parte hartu du baxu elektrikoa joz diskoko lau kantutan. Aspaldiko urteetan, Bartzelonan bizi da, eta Oleagarekin berarekin parte hartu du hainbat proiektutan.

Diskoa 2016ko abuztuaren lehen bi egunetan grabatu zuten, Bartzelonako Cal Pastoreten, Josue Pascual teknikari zutela: «Ezagutzen gaitu, eta ondo ulertzen dugu elkar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.