Xilabako lehen faseko hirugarren saioan, sei bertsolari aritu dira kantuan, Ainhoako Elkartetxean (Lapurdi). Ramuntxo Christyk bildu du puntu gehien, 336,5 denera, eta, horrenbestez, zuzenean sailkatu da txapelketaren bigarren faserako. Hiriburun kantatuko du, abenduaren 21ean.
Haren ondotik, Patxi Iriart geratu da bigarren, 333,5 puntu eskuratuta, eta Mizel Mateo hirugarren, 317,5 puntu lortuta. Johaine Sarraillet (309 puntu), Battit Crouspeyre (291,5 puntu) eta Xan Alkhat (285 puntu) sailkatu dira ondotik.
Amaia Kastorene Luro aritu da gai emaile.
Hurrengo saioa, Ligin
Hilaren 30ean jokatuko da Xilabako lehen faseko laugarren eta azken kanporaketa, Ligiko herriko gelan (Zuberoa). Beñat Larrori, Bittor Thikoipe, Irantzu Idoate, Irati Alcantarilla, Maddalen Arzallus eta Pettan Prebende ariko dira kantuan.
Hilaren 8an abiatu zen Xilaba. Bidarteko Beheria antzokiak hartu zuen txapelketaren lehen saioa, eta Maddi Ane Txoperena nagusitu zen, 340 puntu eskuratuta. Bigarrena, berriz, Domintxainen (Zuberoa) jokatu zuten, joan den larunbatean, eta Miren Artetxe Sarasola gailendu zen, 342,5 puntu lortuta. Bai Txoperena bai Artetxe zuzenean sailkatu ziren bigarren faserako: Txoperenak abenduaren 6ko saioan kantatuko du, Aiherran (Nafarroa Beherea), eta Artetxek, berriz, abenduaren 13koan, Muskildin (Zuberoa).