Literatura

Rilke berrirakurtzen, Lady Gagaren azalean

Iaz 150 urte bete ziren Rainer Maria Rilke jaio zenetik, eta aurten ehun izango dira hil zenetik. Bere garaiko lirikaren gailurtzat daukate idazle adituek, eta oraindik ere etengabe berrirakurtzen dira haren lanak.

Rainer Maria Rilke, 1924an, Zurich inguruan. BERRIA
Rainer Maria Rilke, 1924an, Zurich inguruan. BERRIA
Inigo Astiz
2026ko apirilaren 26a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egiazta ezazu ea zure bihotzaren lekurik sakoneneraino hedatzen dituen bere sustraiak; aitor iezaiozu zeure buruari ea hil egingo zinatekeen idaztea ukatuko balitzaizu. Eta, guztien gainetik, hau: zure gaueko orenik isilenean galdeiozu zeure buruari: idatzi behar dut?». Munduan poeta gazteak diren bitartean, beti egongo da Rainer Maria Rilkeren Poeta gazte bati idatziak eskutitz liburu sonatuaren berredizio berriren bat, baina, 2009az geroztik, liburuetan zein edizio digitaletan ez ezik, Lady Gaga abeslariaren besoko tatuajean ere irakur daiteke testu horietan egileak literaturarekiko eskatzen duen muturreko konpromisoari buruzko pasartetxo hori. Iaz 150 urte bete ziren jaio zenetik, eta aurten ehun beteko dira leuzemiaren ondorioz Suitzako ospitale batean hil zenetik, eta, halere, hain jarraitzen du bizirik haren figurak, ezen egungo pop izarren azalean ere berrirakurri baitaiteke haren lana. Neurri batean, hori delako haren obrak aldiro-aldiro berritzen dituen gogoetagaietako bat: egile baten eta bere garaiaren arteko harremana, hain zuzen.

Rilke Pragan sortu zen, hiria oraindik ere Austro-hungariar Inperioaren parte zenean, eta, frantsesez idatzitako testu gutxi batzuen salbuespenarekin, alemanez idatzi zituen lan guztiak. Garai hartako lirikaren gailurtzat jotzen dituzte adituek haren poemak, eta, bereziki, hamahiru urteko etenaldi baten ostean, 1920ko hamarkadaren hasieran kaleratutako Duinoko eresiak eta Sonetoak Orfeori poesia liburuak nabarmentzen dituzte. Han zuzen ere, haien lirikotasun mistiko eta kultua gailendu egiten delako, lirikak sasoi hartan zuen krisi orokorrarekin kontrastean. Adituen hitzetan, Lehen Mundu Gerraren eta haren izugarrikerien ondoren, joera lirikoak baztertu, eta bestelako adierazmolde eta lengoaia batzuen bila jo baitzuten sortzailerik gehienek.

Artista-eremita erromantikoaren ideala gorpuztu zuen Rilkek. Existentziaren hondoetan murgilduta, garai hartako krisi espiritual betean, mundua zeharkatzen zuten iraultza, gerra eta miserietatik apartaturik.

Antidotoa

Eta, halere, edo agian horregatik, etengabea izan zen haren igurtzia garai hartako sortzaile eta pentsalari puntakoenekin. Leon Tolstoi ezagutu zuen Errusian, Gustave Rodin eskultorearentzat idazkari lanetan aritu zen Parisen, eta zinez ederra da, gerora, hari eskaini zion liburuttoa. Eta Stefan Zweig eta Ignacio Zuloaga euskal artista ere ezagutu zituen. Azken horri buruzko monografiko bat idazteko ideia ere izan zuen buruan Rilkek, baina ezerezean geratu zen gero. Eta, justu, hil baino hilabete batzuk lehenago, 1926ko udan zehazki, eskutitz truke ezin intentsoagoa izan zuen Errusiako lirikan eragin sakona utziko zuten bi poeta orduan gazterekin: Boris Pasternak eta Marina Tsvietaieva.

Tsvietaievak berak garaien kontra deskribatu zuen Rilke. Halaxe utzi zuen idatzita 1932an argitaratutako Poeta eta garaia artikuluan. «Rilke ez da ez gure garaiaren enkargua eta ez haren demostrazioa ere —haren kontrapisua da. Gerra, hilketak, desadostasunaren haragi urratua —eta Rilke. Rilkegatik gure denbora barkatuko zaio —munduari. Kontrakotasunez, alegia, beharrez, alegia, gure garaiaren antidoto modura, Rilke Rilken baino ezin zen jaio. Horretan datza haren garaikidetasuna».

Rilkeren lana berrirakurtzen ari dela, zuzen-zuzenean begiratzen dio poesiaren eta historiaren jarioaren arteko harreman korapilatsuari Adam Zagajewski poeta poloniarrak ere. 2009ko Rereading Rilke (Rilke berrirakurtzen) liburuan datoz haren hitzak. Baina, hain justu, erreferentzia historikoen absentzia da Zagajewskik Rilkeri nabarmentzen diona.

Historiaren absentzia

Zagajewskik zehazten duenez, Rilkeren poesian ez baitago historia garaikidearen aztarnarik txikiena ere. Eta, kasu honetan, Mieczyslaw Jastrun poeta poloniarraren ispiluan begiratzen dio horri idazleak. Absentzia horrek ezinegona sortzen baitzion Jastruni. Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan, bereziki. Rilkeren zale porrokatua izan arren, eta haren aditu eta itzultzaile nagusietako bat izanik ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan zail egin zitzaion haren poesiarekin baketzea. Jastrunek dioenez, okupazio naziaren ondoren horretan, Rilkeren hilobia bisitatzera joan, eta ordura arte sekula baino «urrunduago» sentitu zuen gainerakoan beti hain miragarri suertatu zitzaion egilea.

Eta Zagajewskik hala borobiltzen du kontraesan horrek piztutako gogoeta: «Rilkek jainkoekin eta aingeruekin duen solasaldiak, gauaz eta heriotzaz egindako gogoetek  —heriotza lasai eta aristokratiko bati buruz, eta ez gas ganberen edo metrailadoreak eragindako heriotza plebeioari buruz— erabat bazterrean uzten zuten eguneroko sufrimenduaren lurralde inolaz ere ez sublimea, zeinak, bestalde, errekonozimendua eta bere poesia mota propioa eskatzen baitzuen».

Poeta orok, gutxienez, bi arriskuri aurre egin behar diola aipatzen du Zagajewskik gogoeta horren ondoren. Gertakarien eraginaz libre dagoen bizitza espiritualaren izenean historia modernoaren mina ahaztea da lehen arrisku horietako bat. Eta bestea da historia garaikideari erreparatu bai, baina gizakiaren «barnetasunaren substantzia izendaezin eta hauskorra» ahaztea. Baina Rilke lehen arriskuan erortzen dela onarturik ere, haren poesiak duen indarra nabarmentzen du egileak. Eta haren Duinoko eresiak bildumako lehen poema leitutakoan sentitutakoa aipatzen du horren adibidetzat. «Bat-batean kaleak desagertu egin ziren, lurrundu egin ziren erregimen politikoak, eguna intenporala bilakatu zen, eternitatearekin topo egin nuen eta poesia esnatu egin zen».

17.000 eskutitzak

Poesia liburuak dira haren lanik ezagunenak, baina eskutitz idazle porrokatua ere bazen. Adituek kalkulatzen dutenez, 17.000 eskutitz idatzi zituen, eta genero horretan idatzita dago euskarara osorik itzulitako haren liburu bakarra. Patxi Salaberri Muñoa itzultzaileak ekarri zuen euskarara Poeta gazte bati idatziak ezaguna, eta Jakin aldizkariak eman zuen argitara 2002. urtean. Tituluak adierazi bezala, literaturari buruzko aholku eske ari zaion Franz Xaver Kappus poetari bost urtez idatzitako eskutitzak biltzen ditu lanak, eta, bertan, Rilkek behin eta berriz egiten du sasoian sasoiko modak baztertu eta bere barne-barne ahotsik zintzoenari bakarrik jarraitzeko gomendioa.

Hortik hartuta dago Lady Gagaren besoko tatuajearen itzulpena. Pop izarrak jatorrizko bertsioan tatuatu baitzuen, alemanez, alegia, Japonian egiten ari zen bira batean. Eta keinu horrek islatu dezake bai egungo garaia, bai eta Rilkeren garaikidetasun denboragabea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA