Robert Duvall aktorea hil da

95 urte zituela zendu da. Besteak beste, Oscar sari bat irabazitakoa da. Makina bat rol garrantzitsu jokatu ditu bere ibilbidean, hala nola 'The Godfather' eta 'Apocalypse Now' pelikuletan.

Robert Duvall, haren emazte Luciana Duvallekin batera, 2011n. PAUL BUCK / EFE
Robert Duvall, haren emazte Luciana Duvallekin batera, 2011n. PAUL BUCK / EFE
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko otsailaren 16a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Robert Duvall Hollywoodeko aktore entzutetsua hil da. Luciana Duvallek, haren emazteak, The Daily Mail egunkariari eman dio albistearen berri. 95 urterekin hil da. Batez ere The Godfather filmean egindako lanarengatik egin zen ezagun, baina luzea da parte hartu duen filmen zerrenda. 1984an, aktore onenaren Oscar saria erdietsi zuen. Horrez gainera, BAFTA sari bat eta lau Urrezko Globo ere irabazi zituen. 2003an, Donostia saria eman zioten Zinemaldian.

San Diegon (Kalifornia, AEB) jaio zen, eta amarengandik jaso zuen aktore izateko grina; izan ere, aktore amateurra izan zen hura. Aita militarra zuen, eta mundu horri erabat lotuta hazi zen. Ikasketak amaitu zituenean, 20 bat urte zituela, urtebete eman zuen AEBetako armadan. Garai horiek oroituz, honako hau azaldu zuen Duvallek: «Ikaragarri txarra nintzen denean, antzezten bakarrik nekien». Armadako denboraldi horren ostean —1955ean— ekin zion antzerkia ikasteari. New Yorkera joan zen, eta Neighborhood Playhouse School of Theatre-n eman zuen izena. Bertan, gerora Hollywooden ezagunak egin diren beste aktore batzuk izan zituen ikaskide; besteak beste, Dustin Hoffman.

Pixkanaka antzerkiaren munduan tokia eginez joan zen, eta makina bat proiektutan hartu zuen parte, harik eta Broadwayra iritsi zen arte. 1966an egin zuen debuta bertan, Wait Until Dark antzezlanean.

Sarien hasiera

Broadwayn hasi baino lau urte lehenago hasi zen zinemaren munduan, To Kill a Mockingbird pelikulan (1962). Horton Foote izan zen filmeko gidoilarietako bat —Duvallekin antzerki ikasketak egin zituen—, eta hari esker lortu zuen Boo Radleyren rola. Garai hartatik aurrera, lan egiteko eskaintzak ugaritu egin zitzaizkion, eta 1970eko hamarkadan lanez gainezka ibili zen. Haren sona zela eta, 1972an, The Godfather filmean parte hartzeko hautatu zuten. Taldeko gizonezko aktore onenaren Oscar saria lortzeko hautagai izendatu zuten film horretan egindako lanagatik. The Godfather pelikularen hurrengo lanetan ere parte hartu zuen; hain zuzen, bigarrenean eta hirugarrenean.

Geroz eta rol garrantzitsuagoak gorpuztea egokitu zitzaion Duvalli, eta lan horri esker hasi zen sariak jasotzen. Apocalypse Now (1979) pelikulan izandako parte hartzearengatik BAFTA sari bat eta Urrezko Globo bat jaso zituen. Izendapenak lortzen zituen arren, kosta egin zitzaion Oscar sari bat lortzea —hirutan egon zen hautagaien artean—. 1984. urtera arte itxaron behar izan zuen horretarako; Tender Mercies filmari esker lortu zuen.

1990eko hamarkadan ekoizle eta zuzendari lanei ere ekin zien. 2000. urtetik aurrera, ordea, lan gutxiago egiten hasi zen. 2014an, 84 urte zituela, Oscarretarako izendapen bat lortu duen aktorerik helduena izan zen. 2022koa da haren azken lana: The Pale Blue Eye.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.