Izar bat gutxiago da dirdiraka Hollywooden: Robert Redford aktore eta zinema zuzendari entzutetsua zendu da, 89 urte zituela. Haren ordezkaritza agentziak eman du heriotzaren berri, eta jakinarazi du bart hil dela, Utah estatuko (AEB) mendialdeko bere etxean, «lo zela». Azken hamarkadetako eta batik bat 1960ko hamarkadatik aurrerako AEBetako zinemagintzan erreferentea izan da Redford, eta luzea da oso aktore modura parte hartu zuen filmen zerrenda. Zinemagintza independentea bultzatzeko izandako jarrerak ere egin zuen ezagun —Sundance jaialdiaren sortzaileetako bat izan zen—, eta paradoxa hori ere biltzen du nolabait haren izenak, maite zuelako independente hitza bere mundu ikuskera deskribatzeko, baina aldi berean maiz hartu zuelako parte ekoizpen handietan.
Marraztea eta istorioak kontatzea gustuko zuen haur bat izan omen zen Redford umetan. Gazte hil zitzaion ama, eta, Europan denboraldi bat igaro ostean, AEBetara bueltan zela hurbildu zen interpretazioaren mundura, New Yorken. Ez omen zeukan argi bide horretatik jarraitu nahi zuen hasieran, baina lan aukerak heltzen hasi zitzaizkion, telebistarako hasieran eta antzerkirako gero, eta 1961ean lortu zuen lehen arrakasta handia Broadwayn, Sunday in New York antzezlanarekin.
Haren itxura fisikoak ere izan zuen zerikusirik bizkor irabazten hasi zen ospearekin, eta ez zuen beti eroso bizi izan hura, inoiz azaldu izan zuenez: «Garai gogor bat igaro nuen pelikuletan parte hartzen hasi nintzenean; bat-batean, dena zen nire itxura fisikoa. New Yorkeko antzokiko ofizioak erakarrita hasi nintzen aktore lanetan; ez nengoen prest zineman sartzeko, eta, horrekin bat, nire fisikoarengatik epaitua izateko».
Zinemarako jauzia 1967an izan zen Redfordentzat. Gene Saks zuzendariaren Barefoot in the Park pelikulan protagonistaren rola antzeztu zuen, eta ziztuan bihurtu zen izar. Ospeari eta industriaren babesari eutsi zien ordutik.
Kameraren bi aldeak
Handik gutxira heldu zen Butch Cassidy and The Sundance Kid (1969) filma, eta han eginiko lanagatik ezagutu zuten askok Redford. Paul Newman aktorearekin aritu zen film hartan, eta orduan osatu zen askoren ustez zinemaren historiako bikote entzutetsuenetako bat izan dena. Hurrengo urteetan egin zituen Hollywoodeko izar gisa finkatu zuten pelikulak, hala nola The Candidate (1972), The Sting (1973) —Newmanekin hori ere; aktore hoberenaren Oscar saria irabazteko hautagai izan zen—, The Way We Were (1973), The Great Gatsby (1974) eta All the President's Men (1976) —azken horretan politikaren gaineko ikerketa kazetaritza pantaila handira eraman zuen, Watergate auziaren ikerketan murgildutako kazetari baten rola antzeztuta; Oscar sarietarako sei hautagaitza lortu zituen lanak, tartean, film onenarena—.

1980ko hamarkadan, batik bat, bi filmekin segitu zuen lehen lerroan Redforden izenak: Sydney Pollacek zuzendutako Out of Africa (1986) drama erromantikoarekin, non Meryl Streepekin aritu zen; eta Ivan Reitmanen Legal Eagles (1986) umore ukituko thrillerrarekin, non Debra Winger eta Daryl Hannahrekin aritu zen, besteak beste. Hurrengo bi hamarkadetako lan aipagarrienen artean daude, bestalde, Indecent Proposal (1993, Demi Moorekin), Spy Game (2001, Brad Pittekin) eta The Clearing (2004, Helen Mirrenekin).
Aktore gisa sona eta aitortzak lortzeaz gain, zuzendari modura ere lortu zuen arrakasta Redfordek. Hasieratik beretik. 1980an zuzendu zuen bere lehen filma, Ordinary People, eta zuzendari onenaren Oscar saria lortu zuen harekin. Drama intimo eta sozialki konprometituen aldeko apustua egin zuen gerora, eta The Milagro Beanfield War (1988), A River Runs Through it (1992) eta Quiz Show (1994) filmak zuzendu zituen, besteak beste —azken horrekin eskuratu zuen, hain justu, zuzendari onenaren Oscar sarirako bigarren hautagaitza—.

Maiz aipatzen zuen naturarekiko lilura eta ardura. Hamarkadetan garatu zuen ingurumenaren aldeko aktibismoa —klima aldaketaren aurka maiz altxatu zuen ahotsa, eta natura babesteko proiektu askotan parte hartu—, eta zaldiekiko zaletasunaz ere aritu zen behin baino gehiagotan. Agerian utzi zuen hori 1998an zuzendutako The Horse Whisperer filmean. Nicholas Evans idazlearen eleberri batean oinarritutako filma da hura, eta Neil Gordonen beste nobela batean oinarritutakoa, berriz, zuzendu zuen azken pelikula: The Company You Keep (2012) thriller politikoa.
Industriaz harago
Kameraren alde bietan aritzeko ez ezik, AEBetako zinemagintzan eragiteko gogoa ere izan zuen Redfordek, eta Sundance izan zen horretarako bilatu zuen modua —Butch Cassidy and The Sundance Kid pelikulatik hartu zuen izena, The Sundance Kid izena baitzuen lan hartan antzeztu zuen pertsonaiak—. Zinemagile gazteentzako eskola modura hasi zena egile berrien lanak erakusteko jaialdi bilakatu zen handik gutxira, film ez horren komertzialentzako erreferentziazko jaialdia, AEBetan zein handik kanpo. Artean lehen urratsetan zirela, han nabarmendu ziren izenetako batzuk dira, esaterako, Paul Thomas Andersonena eta Quentin Tarantinorena.Â
«Ez naiz inoiz egon [zinema] industriaren kontra, ni haren produktu bat izan bainintzen, hark zabaldu baitzidan bidea. Baina iritsi nintzen puntu batera non pentsatu nuen egon zitekeela zerbait gehiago, istorio askotarikoagoak», azaldu zuen elkarrizketa batean.
2010eko hamarkadan ere ez zuen lanik falta izan aktore modura Redfordek, baina The Old Man and The Gun (2018) filma egin ostean iragarri zuen erretiroa hartuko zuela. «21 urte nituela hasi nintzen... aski da», esan zuen orduan, eta Avengers: Endgame (2019) filmean egindakoa izan da ordutik egin zuen agerraldi bakarretakoa.
Ohorezko sari mordoxka bat jasotzeko urteak ere izan dira azkenak Redfordentzat; Ohorezko Oscar saria eman zioten 2002an; Urrezko Lehoia Venezian, 2017an; eta Ohorezko Cesar saria, 2019an, besteak beste. Barack Obama AEBetako presidente ohiaren eskutik, Askatasunaren Domina Presidentziala ere jaso zuen 2016an.