Robert Wilson sortzaile polifazetikoa zendu da

Antzerkigilea eta artista zen, eta 1993ko Veneziako Biurtekoan Urrezko Lehoia eskuratu zuen eskulturagintzan. Atzo zendu zen, 83 urte zituela, New Yorken.

Robert Wilson, 2024an Milanen (Italia) jaso zuen sari baten harira egindako ekitaldian. DANIEL DAL ZENNARO / EFE
Robert Wilson, 2024an Milanen (Italia) jaso zuen sari baten harira egindako ekitaldian. DANIEL DAL ZENNARO / EFE
2025eko abuztuaren 1a
16:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Robert Wilsonek (Waco, AEB, 1941) antzerkigile eta eszena zuzendari gisa lortu zuen osperik handiena, baina artearen beste hainbat diziplinatan ere jardun zuen. Artista bisuala, antzerki eta opera zuzendaria, arkitektoa, eszenografoa eta argi diseinatzailea izan zen bere ibilbide luzean. Atzo hil zen, New Yorken, 83 urte zituela, Wilsonek berak sortutako Watermill Center erakundeak jakinarazi duenez. Azken unera arte sortzen jarraitu zuela ere adierazi dute zentroko kideek, eta hark utzitako lorratza nabarmendu: «Haren agertokirako lanek, paperek, eskulturek eta bideo erretratuek, baita Watermill Centerrek ere, iraun egingo dute».

Artearen munduan dantza eskolak hartuz hasi zuen bere ibilbidea Wilsonek. 1963an Parisera joan zen pintura ikastera, eta, urtebete geroago, New Yorken arkitektura ikasketak egin zituen. Operari, berriz, 1976an heldu zion lehen aldiz, eta Philip Glass konpositorearen Einstein on the Beach (Einstein hondartzan) lanean parte hartu zuen —gerora hainbatetan ariko ziren biak elkarlanean—. 1984ko Pulitzer sarietarako izendatu zuten hamabi ordu irauten zituen The Civil Wars (Gerra zibilak) operarengatik. 

Arte eszenikoen arloan, Byrd Hoffman Watermill Foundation konpainia sortu zuen. Antzerkigintzan eta performanceetan sortu zituen lanetan argiek, espazioek eta mugimenduek garrantzi gehiago zuten elkarrizketek eta narratibak baino. Horren adibide dira, besteak beste, Deafman Glance (Sorraren begirada, 1970) eta Life and Times of Joseph Stalin (Iosiv Stalinen bizitza eta garaiak, 1973-74) obrak, zazpi eta hamabi orduko antzezlan mutuak, hurrenez hurren.

Eskultore ere jardun zuen, eta 1993ko Veneziako Biurtekoan Urrezko Lehoia eskuratu zuen arlo horretan.

Bere ibilbide luzean zenbait artistarekin lankidetzan aritu zen: Lady Gaga abeslariarekin, Brad Pitt, Winona Ryder eta Renee Flemming aktoreekin, Lou Reed musikariarekin eta Susan Sontag idazlearekin, esate baterako. Artista horietako asko mundu osoko museo eta galerietan ikusgai egon diren bideo erretratuetan agertu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.