'Romeo eta Julieta'-ren egokitzapen garaikidea estreinatuko du BBK Salak, La Dramatica Errante konpainiarekin elkarlanean

'R&J' obrak gaur egungo maitasunaren inguruko gogoeta egiten du, nerabeekin egindako lanetik abiatuta eta harreman eredu askotarikoen isla eskainiz. Euskaraz irailaren 26an eta 27an emango dute.

'R&J' antzezlaneko aktoreak, zuzendaria eta ekoizleak gaur, Bilbon. BBK
'R&J' antzezlaneko aktoreak, zuzendaria eta ekoizleak gaur, Bilbon. BBK
Leire Rodero
2025eko irailaren 15a
13:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

La Dramatica Errante konpainiak R&J produkzioa sortu du Bilboko BBK Salarekin elkarlanean. William Shakespeareren Romeo eta Julieta klasikoaren eguneratze eta berrikuspen garaikidea da ikuskizuna, eta Bilboko Kale Nagusian dagoen BBK Salan estreinatuko dute, bi hizkuntzatan: irailaren 26an eta 27an euskaraz, eta urriaren 3tik 5era gaztelaniaz. Sarrerak dagoeneko salgai daude BBK Salaren webgunean eta leihatilan, 12 euroko prezioan.

«Guk ere gaurko maitasunaz hausnartu nahi dugu: emozioaren likidezian, sare sozialen eraginpean eta lotura mota berrien artean», azaldu du Maria Goirizelaia zuzendari eta testuaren moldaketa lanaren arduradunak. Proiektu horrek literaturako maitasun istorio ezagunenean du abiapuntua, baina gaur egungo testuingurura ekarrita. Oholtza gainean bost interprete ariko dira: Ane Pikaza, Aitor Borobia, Egoitz Sanchez, Nagore Gonzalez eta Luix Mitxelena. Goirizelaia: «Maitasun esklusibo, binario, tragiko eta murriztaile hori zalantzan jarri nahi da ikuskizunean, gaur egun bizi dugun bezala ulertzeko: likido, anitz, kontraesankor eta disidente».

«Guk ere gaurko maitasunaz hausnartu nahi dugu: emozioaren likidezian, sare sozialen eraginpean eta lotura mota berrien artean»

MARIA GOIRIZELAIA Zuzendari eta testuaren moldaketa lanaren arduraduna

R&J-ren hazia BBK Pact programaren bidez sortu zen, nerabeei zuzendutako egitasmo baten baitan. Bertan, autozaintza, elkar zaintza eta harreman osasuntsuak sustatzea izan zen ardatz. Hainbat hilabetez, La Dramatica Errante taldeak gazteekin lan egin zuen irudikatzeko gaur egun nola ulertzen duten maitasuna eta Shakespeareren maitaleak nor liratekeen identifikatzeko. Prozesu horretatik sortu zen gaur egungo gizartean dauden harreman eredu askotarikoen erretratua, non maitasun erromantikoaren kontzeptua deseraikitzen den eta beste gai batzuk ere jorratzen diren, hala nola maitasunaren merkantilizazioa, teknologiaren rola eta sare sozialen eragina harremanetan.

«Guretzat, aldaketa sozialaren motorra da kultura, hausnarketarako eta komunitatearen kohesiorako tresna. R&J-ren gisako proposamen bat ikuspegi horretan kokatzen da erabat», nabarmendu du Nora Sarasola BBK Fundazioaren Gizarte Ekintzako zuzendariak. BBK Salak tokikoa eta berritzailea den sormen artistikoaren aldeko apustua berresten duela gaineratu du.

Bederatzigarren produkzioa

R&J antzezlana BBK Salak ekoizten duen bederatzigarren obra da. BBK Salaren produkzio ibilbidea 2021ean hasi zen Yerma lanarekin, eta hura ere La Dramatica Erranterekin elkarlanean egindakoa izan zen. Ikuskizun hark 80 emanaldi baino gehiago izan zituen Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian, eta Max saria eskuratu zuen antzerki moldaketa onenaren kategorian. Harrezkero, bestelako proiektu arrakastatsuak ere garatu dituzte: Borderland ganbera opera —Madrilgo Fernan Gomez antzokian programatu zen—, ¡Agur, Otxoa feroz! —Bizkaiko hainbat aretotan berriro taularatu da—, eta Yarin dantza lana —Europako eta Amerikako agertokietara heldu da—.

Aurten, R&J izango da BBK Salaren hirugarren produkzio propioa, Cinco golondrinas eta Confeti. El regreso lanen ondoren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.