Autobusekoagatik ezagutuko dute gehienek, legeak ezarritakoaren aurka, 1955eko abenduaren lehenean, gizon zuri bati lekua utzi beharrean bere eserlekuan geldi-geldi geratu zelako. Autobusa gelditu, Rosa Parks atxilotu, eta zigortu egin zuten. Ondotik, eta baita lehenagotik ere, halako hamaika ekintza egin zituen Parksek; finean, askatasuna aldarrikatzeko. Beltzen askatasuna, eta emakumeena. 2005ean hil zen, baina 1992an —79 urte zituenean— liburu bat idatzi zuen Jim Haskinsekin batera, eta haurra zenetik ordura arte bizi izandakoak kontatu zituen han. Orain, Euskal Herriraino iritsi da Parks, Amaia Astobiza Uriartek euskaratu egin baitu liburua: Rosa Parks: Nire istorioa, Katakrak argitaletxeak argitaratua.Â
«Erreferente bat da». Hedoi Etxarte idazle eta Katakrak argitaletxeko editoreak eta Astobizak elkarrekin egin dute liburuaren aurkezpena, eta esaldi bera erabili dute biek ekintzailea definitzeko. Arrazakeriaren kontra altxatzeagatik eta emakumeen eskubideak defendatzeagatik ez ezik, baita indarkeria apurrik ez erabiltzeagatik ere. «Hitzekin egin zuen borroka, eta horregatik irabazi zuen», erran du Astobizak. «Liburuan kontatzen zuen behin edo behin pentsatu zuela indarkeria erabiltzea, batzuetan amorrua handiagoa zelako beste ezer baino, baina, zahartzarotik begiratuta, ikusi zuen erabaki horrexek markatu zuela haren iraultza».Â
«Buruzagi politiko bat» izan zen Parks, itzultzailearen ustez. «Kontzienteki baina inozentzia puntu batetik egin zuelako borroka». Eta, Astobizaren erranetan, hori liburua ireki bezain laster antzeman daiteke, Parksek bere burua ez duelako erreferente gisa aurkezten, baizik eta «emakume arrunt eta xume» baten eran.Â
«Mutiko zuri bati aurre egin zion Parksek behin, hura neskatila batekin sartzen ari zelako. Etxera joandakoan amonari kontatu zion gertatutakoa, eta sekulako errieta egin zion. Amonak esan zion zuriei ezin zietela hitzik egin, eta gutxiago mendekurik hartu»
AMAIA ASTOBIZAÂ Itzultzailea
Hizkera berezia du jatorrizko liburuak: sinplea eta ulergarria, esaldi motzekin eta ahoz erabiltzen diren esamoldeekin lagunduta. Arreta eman zion horrek itzultzaileari, eta azaldu du «tentuz» saiatu dela estilo hori bere horretan mantentzen. «Ez dut lexiko konplikaturik erabili, eta nik ere zaindu dut kaleko hizkuntza hori», azaldu du. Horrek, ezinbertzean, hurbildu egiten die liburua gazteei eta nerabeei. «Eta hori aberasgarria da oso, historia ikasteko modu bat delako», erran du.Â
Kronologikoki antolatuta dago liburua, eta hiru zati nagusi dauzka: haurtzaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Ez da eguneroko bat, baina bada Parksen mundua ulertzeko modu bat. Alegia, orriz orri kontatzen du nolakoa zen bere bizimodua artean haurra zela, eta nola joan zen jabetzen jasaten zituen bidegabekeriez. Nola ohartu zen pertsona beltzak eta zuriak daudela munduan, eta nola jakin zuen beltzak zurien mende bizi zirela.Â
Bizitakoak gertatu bezala kontatzen ditu egileak, gogoetarik tartekatu gabe; gero, irakurleak berak atera ditzan ondorioak. «Liburu honek nahi gabe eramaten du hausnartzera, inork hala esan gabe hasten zarelako pentsatzen ezinezkoa dela hainbeste bidegabekeria jasatea», iragarri du Astobizak.Â
Aitonari ikasitakoak
Aitona da lehen zatiko protagonista nagusietako bat; amaren aita. Hari ikasi zion Parksek bertze edozein pertsonak merezi zuen tratu bera merezi zuela berak ere. Itzulitako zatitxo bat irakurri du Astobizak aurkezpenean: «Soldadu batek neskatila arrunt bat banintz bezala tratatu ninduen, ez neskatila beltz bat banintz bezala». Itzultzaileak deskribatu duenez, azal zurikoa zen aitona, beltza izanik ere. «Horregatik elkartzen zen hainbeste zuriekin, aitona zuritzat hartzen zutelako askotan». Testuinguru horretan ikusi zituen Parksek lehen aldiz kolorearen araberako desberdintasunak, eta orduan erabaki zuen ez zituela jarrera horiek zertan onartu.Â
«Mutiko zuri bati aurre egin zion Parksek behin, hura neskatila batekin sartzen ari zelako. Etxera joandakoan amonari kontatu zion gertatutakoa, eta sekulako errieta egin zion. Amonak esan zion zuriei ezin zietela hitzik egin, eta gutxiago mendekurik hartu», aipatu du Astobizak. «Pentsatzekoa da egoera horiek guztiek bultzatu zutela Parks militantzian murgiltzera».Â
Baina bigarren zatian agertzen da hori. Parks helduak Amerikako Estatu Batuetako alderdi komunistaren bileretan hartu zuen parte; are, itzultzaileak erran du zenbait bilera egiteko bere etxean elkartzen zirela batzuetan. Senarrarekin batera aritzen zen militantzian, Raymond Parksekin, alegia. Rosa Parks beltzen garapenerako elkarte nazionalean sartu zen, eta boto eskubidearen alde ere makina bat aldiz borrokatu zen, liburuan agertzen denez.Â
«Liburuan kontatzen zuen behin edo behin pentsatu zuela indarkeria erabiltzea, batzuetan amorrua handiagoa zelako beste ezer baino, baina, zahartzarotik begiratuta, ikusi zuen erabaki horrexek markatu zuela haren iraultza»
AMAIA ASTOBIZAÂ Itzultzailea
Eta hirugarren zatian, hain zuzen ere, aitortzaz eta sinbolo bat izateaz jarduten da idazlea. Astobiza: «Hari ez zitzaion gustatzen publiko aurrean egotea; ez zuen erreferente bat izan nahi, baina, aldi berean, pozik zegoen jende asko altxatu zelako bere ondotik». Parksek ikusi zuen legeak aldatzen, sentitu zituen bere haziak loratzen, baina ez zegoen trankil. Halaxe erraten du liburuaren amaieran: «King doktoreak esan ohi zuen legea aldatzeak ez zuela esan nahi bihotzak ere aldatu zirenik, baizik eta babes pixka bat lortzen genuela. Arrazoia zuen. Orain badugu nolabaiteko babesa, baina oraindik ere arrazismo eta arraza indarkeria handia dago».Â
Gaur-gaurko garaiari buruzko gogoeta bat ere egin du Astobizak. Haren hitzetan, akaso sekula baino garai hobea delako oraingoa liburua argitaratzeko. «Palestinan egunero ari direlako giza eskubideak urratzen, Parksekin-eta egiten zuten moduan».