«Musikaren bidez gizarte gaiak jorratzeko duen gaitasuna» saritu diote RTZ Baionako rap kolektiboari. Paolo Cantaruttik zuzendu epaimahaiak agerian eman ditu OPHek Frel Asiatek eta Petrik osaturiko kolektiboaren «energia, adierazpenaren indarra eta oholtza gaineko presentzia». Publikoaren saria Kataluniako Olivias taldeak ukan du, eta Altre Europe saria, berriz, Premio Ostana hizkuntza gutituetako literatur egitasmoak irabazi du.
2009tik Udinen (Italia) antolatu ohi dute Suns Europe, hizkuntza minorizatuetako sorkuntza garaikideko jaialdia. Europako hainbat hizkuntza gutitutan egiten den arte garaikideko topaketa da. Aurten, Teatro Nuovo Giovanni antzokian zazpi artista eta talde lehiatu dira. Urriaren 10ean iragan zen jaialdiko finala, eta euskara, friuliera, esloveniera, galegoa, sardiniera, katalana eta galesera oholtzaratu ziren bertan.
RTZ kolektiboaz gain, Bilboko Adur rave punk bikoteak parte hartu du jaialdian, baina ez du nehongo saririk irabazi. Euskal folklorea eta musika garaikidea uztartzen ditu, eta aurten Punk<Rave lehen disko luzea presentatu du jaialdian.
Suns Europek, Europako hizkuntza gutituetako sorkuntzari behatzen dion neurrian, musika, zinema eta literatura biltzen ditu, hizkuntza komunitate anitzetako artisten arteko topaketa eta trukea sustatuz. Etxepare Euskal Institutuak hainbat urte daramatza jaialdiarekin elkarlanean euskarazko sorkuntzaren nazioarteko presentzia sustatuz, eta aitzineko aldietan, bertzeak bertze, Verde Prato, La Basu edo Paxkal Irigoien izan ziren jaialdian.