Ruper Ordorika, Jabier Muguruza eta Doctor Deseo Eh Sona jaialdian ariko dira

Laurobak irekiko du bihar Bartzelonako Euskal Etxearen jaialdia, eta 15 kontzertu izango dira hilabete batez

Erredakzioa
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen EH Sona jaialdiak 15. urteurrena beteko du aurten. Horregatik, eta krisi garaiak izan arren, inoiz baino jaialdi osoagoa antolatu dute. Inoiz baino bakarlari eta musika talde gehiagok emango dituzte kontzertuak Bartzelonako hainbat aretotan, bihar hasi eta abenduaren 1a bitartean.

Helburu bikoitza izango du aurten EH Sona jaialdiak, antolatzaileek jakitera eman dutenez: hasten ari diren edo baliabide urriak dituzten taldeei Bartzelonara joateko aukera ematea eta programatzaile katalanek izan ditzaketen aurreiritziak gainditu eta gaur egungo euskal musikaren aniztasuna lehen eskutik ezagutzea. 15 urte bete ditu jaialdiak, eta 15 ekitaldi izango dira orotara. Lauroba pop-rock talde donostiarrak abiatuko du jaialdia bihar, eta DJ Makalak egingo du azken emanaldia abenduaren 1ean, Euskal Etxean bertan, doako kontzertuan.

Tartean estilo eta mota askotako kontzertuak izango dira hilabete pasatxoko jaialdian. Etzi, larunbatean, Lisabok eta Ama Sayk eskainiko dute kontzertua Apolo aretoan. Ama Sayren agur kontzertua izango da, gainera, puska baterako behintzat. Areto berean ariko da Soziedad Alkoholika ere, azaroaren 30ean. Razzmatazz areto ezagunean ariko da, berriz, Doctor Deseo. Emanaldi lasaiagoak izango dira Jabier Muguruzarena (azaroaren 10ean, Hospitaleteko Tecla Sala Liburutegian), Ruper Ordorikarena (azaroaren 16an, CATen) eta Mikel Urdangarinena (azaroaren 22an, Euskal Etxean).

Festa giroko eguna izango da azaroaren 3koa. Triki-poteoa aurrenik, eta 60ko hamarkadako pop estiloarekin garai bateko abesti ezagunen bertsioak egiten dituen The Sparteens ondoren, gauean. Etxe (urriaren 31), The Hot Wok (azaroaren 2a) , Kherau (azaroaren 9a), We Are Standard (azaroaren 10a), Norte Apache (azaroaren 17a) eta Peachy Joke (azaroaren 24a) taldeek osatzen dute EH Sona jaialdia. Egitarau osoa ehsona.com webgunean ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.