Rushdie: «Fatuak ez ditu zipitzik ere aldatu nire pentsabidea eta obra»

Herrialde arabiarretako errebolten «galtzailea» Al Kaeda dela uste du: «mundua ez dela armaz aldatzen argi geratu da»

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Herrialde arabiarretan gertatzen ari diren herritarren matxinaden «galtzaile nagusia» Al Kaeda dela esan zuen atzo Bilbon Salman Rushdiek (Bombay, India, 1947). «Jendeak ikusi du ez duela zertan terrorista izan eta armaz borrokatu mundua aldatzeko. Kalera atera eta ekintza zuzenarekin aski dela. Ondorioz, fundamentalismo islamiarra izan da kaltetuena jazoera horiekin», Rushdieren iritziz. Gutun Zuria jaialdian mintzatu zen, Slavoj Zizeken ondoren. Kazetarientzat nork bere aldetik aurrez eginiko agerraldietan bata zein bestea legarrik gabe mintzatu ziren. Zizekentzat Rushdiek ez du ahalegin nahikorik egin islamean sakontzeko, eta ezker muturretik kapitalismo liberalera lerratu da. «Islamaren azalean geratu eta establishment britainiarrera gerturatzera mugatu da», esan zuen goizean. Arratsean iritsi zen Rushdieren erantzuna: «Betiko Salman Rushdie naiz. Azken hogei urteetan ez da zipitzik ere aldatu nire pentsabidea».

The Satanic Verses idazteagatik Jomeini Irango ayatollah-k 1989an agindutako fatuak ez duela bere obran lehen eta orain bat markatu adierazi zuen, eta bere burua ez duela inoiz zentsuratu. «Egia erdiak esango badituzu hobe duzu isilik geratu. Niri kontrara gertatzen zait: zenbat eta indar handiagoz isilarazten saiatu, orduan eta ozenago mintzo naiz».

Umore zorrotzez, eta tarteka mingotsez heldu zien zenbait gairi. «Iranen ere herritarrak matxinatuko diren? Ez zaizkit profeziak gehiegi gustatzen. Nahiko arazo izan dut profetekin [kar, kar, kar]. Gainerako herrialde arabiarretan sumatzen den aldaketarako gogoa Irango gazteek ere badutela uste dut. Baina Iranen Gadafi bera baino ankerragoak izatera iritsi daitezke, genozidagoak».

Bere biografia idazten ari da

Tunisia, Egipto, Libia, Yemen eta beste herrialdetan jazotzen ari dena Mendebaldearentzat apaltasun irakaspen bat dela sinetsita dago. «Mundu guztiak nahi du aske izan eta hobeto bizi. Inori ez zaio gustatzen tirania erlijioso edo diktadura militarren pean bizitzea, ez hemen ez inon, Ekialdeari sarritan horren desberdin begiratzen diogun arren».

Midnight's Children, Shame, The Moor's Last Sigh eta The enchantress of Florence-ren egilea bere bizitzako azken hogei urteei buruz idazten ari da.«Autobiografia moduko bat» izango da, eta urtearekin batera amaitzea espero du. Hortaz, urte berriarekin kaleratuko du. Irango agintariek ezarritako heriotza zigorraren ondorioz izandako bizimodua azalduko du, besteak beste. Hamalau urte zituenean Erresuma Batura bidali zuten gurasoek ikastera. Egun herritartasun britainiarra dauka, eta 2007an sir izendatu zuen Elizabeth II. erreginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.