Musika

Rusowskyren 'bedroom pop' itsaskorra

Rusowsky artista madrildarrak aldian-aldian kantu solteak kaleratuz erdietsi zuen bere tokia musika eszenan, 2019tik aurrera, undergroundean lehenbizi eta 'mainstream'-ean gero. Estudioko lehenbiziko lan luzea eman du aurten: 'Daisy'.

Ruslan Mediavilla 'Rusowsky' artista madrildarra, 'Daisy' diskoaren promozio irudietako batean.  PABLO MAS
Ruslan Mediavilla 'Rusowsky', 'Daisy' diskoaren promozio irudietako batean. PABLO MAS
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko irailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere kantu guztiak elkarren artean batzeko «plastilina» askirik ez dagoela esandakoa da Rusowsky musikaria (Valladolid, Espainia, 1999). Eta haiek genero bakarrean edo estilo zehatzen baten gerizpean sartzeko ere aski lan izaten dute bai kritikak eta baita artistak berak ere. Deitu bedroom pop, deitu bedroom pop elektroniko, deitu «musika suabe» —Rusowskyk berak hainbatetan deskribatu du bere obra horrela—, edo deitu jazz eta R&B ukituko pop malenkoniatsu; Rusowskyri berdin omen zaio nola definitu. Baina, hori bai, sortzen duena «itsaskorra» izan dakiela entzuleei. Musikariak hori erdiestea izaten du helburu nagusietako bat, kantuen konposizio zein ekoizpenean. Eta lortzea zer den ere badaki dagoeneko: 2019etik aitzinera tantaka, aldian-aldian, emandako dozenatik gora abestiek —So so, Dolores, +suave eta mwah :3, adibideznabarmen ezagutarazi zuten artistaren izena bere ibilbidearen hastapenetan. Madrilen hasi, Espainiako beste txoko batzuetara zabaldu, eta atzerrian ere sona izateraino. Aparretan segitzen du egun ere. Eta arrakasta are eta handiagoa da aurtengo udaberrian bere lehenbiziko album luzea eman duenetik: Daisy

Valladoliden jaioa izanagatik, Madrilgo Fuenlabradan hazi zen Rusowsky —aita espainiarra da; ama, bielorrusiarra—, eta Ruslan Mediavilla izena du sortzez. Izenordea bere egiazko izenaren laburdura —Rus— eta Munstroak, S.A. filmeko Mike Wasowski pertsonaiaren izena uztartuta osatu zuen, hark aitortu duenez, baina, izenaren kontura, ohartarazpena ere egin du sarri: «Ruslan eta Rusowsky gauza bera dira guztiz». Zentzua du. Sortzen duen musika bere buruaren ispilatze fidela izatea baitauka tema, eta, horri loturik, helburua zintzo aritzea izanik, are eta logikoagoa ematen du bere barnera biltzeko eta kantuak sortzeko toki kutuna etxeko logela izateak.

Izan ere, intimitatean aritzea maite du Rusowskyk: horregatik sortu ditu logelan Daisy albumeko hamahiru kantuak, «hasi eta buka». Hala eta guztiz, abeslariaren ahots eztia ez ezik, beste kantari batzuk ere aditu daitezke kantuetan, zenbait kolaborazio ere plazaratu baititu tartean.

Gaur egungo musika eszenan indartsu ari diren Jean Dawson, Ralphie Choo, Kevin Abstract eta La Zowi artistekin sortu ditu pieza batzuk. Eta zaleen arreta bereziki bereganatu duen kolaborazio hau ere eman du, gainera: 2000ko hamarkadaren hasieran Espainian ikur bihurtutako Las Ketchup taldearekin grabatutako Johnny Glamour. Zehazki, hirukoteak 2002an kaleratutako Kusha las payas abestiaren bertsio bat kabiarazi dute lan horretan.

Nostalgiko eta maitekiro

38 minutu eta 51 segundoko entzunaldia eskaintzen du diskoak osotara. Hasi, KINKI FÍGARO abestiarekin hasten da, eta %99 izenekoak jartzen dio amaia. Bai haietan, baita tartean diren beste 11 abestietan ere, gaztelania eta ingelesa ageriko gidalerrorik gabe nahasiz kantatzen du Rusowskyk oro har, eta batez ere maitasunari, maitasunik ezari, melankoliari eta nostalgiari egiten die kantu. Esaterako, 4 Daisy kantuak honela dio: «Quise guardar/ toda' mis caricia', y niña mía, ¿dónde estás?/ Tristes heridas que me duelen de verdad/ Ese estilito Malibú te va genial/ I was thinking 'bout you» (Nire laztan guztiak/ gorde nahi nituen, eta, maitea, non zaude?/ Benetan min ematen didaten zauri tristeak/ Primeran doakizu Malibu estilo hori/ Zu zintudan buruan).

2019tik hona argitaratutako lanetan, konposizioari, kantuari eta ekoizpenari loturiko bertuteak ez ezik, musika instrumentuak jotzeko daukan gaitasuna ere bistaratu izan du Rusowskyk: formakuntza musikal sakona jasotakoa da, eta pianoa, gitarra eta zeharkako flauta jotzeko gai da, besteak beste.

Iragan uztailean NPR irrati kate estatubatuarraren Tiny Desk Concert programarako egindako zuzenekoan garbi erakutsi zuen alderdi hori —bideoak kasik bi milioi ikustaldi izan ditu jadanik—, eta zuzenekoetan ere ohitura du musika tresnak jotzeko. Asteon bertan iragarri duenez, 2026ko otsailaren 26an Bilboko Santana aretoan arituko da. Sarrerak bihartik izanen dira salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.