Artea

Ruth Asawari eta Jasper Johnsi erakusketa bana eskainiko die Guggenheim museoak

Bilboko museoak aldi baterako zazpi erakusketarekin osatu du 2026ko programazioa. Igshaan Adams, Zadie Xa, Dan Flavin, Pipilotti Rist eta Steve McQueen sortzaileen obrak ere ikusgai izango dira aurten.

Igshaan Adamsen 'Linealtasuna hautsiz' (2025) obra. Artistaren lanen bilduma bat ikusgai izango da Bilbon. GUGGENHEIM MUSEOA
Igshaan Adamsen 'Linealtasuna hautsiz' obra (2025). Artistaren lanen bilduma bat ikusgai izango da Bilbon. GUGGENHEIM MUSEOA
Ainhoa Sarasola.
2026ko urtarrilaren 16a
19:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Guggenheim museoak aldi baterako zazpi erakusketa hartuko ditu aurten. Tartean dira Bigarren Mundu Gerra osteko Ameriketako Estatu Batuetako artearen ordezkari diren bi sortzaileri eskainiko dizkion atzera begirakoak: Ruth Asawaren bilduma bat eta Johnsen beste bat jarriko dituzte ikusgai. Horiekin batera, halaber, Igshaan Adams, Zadie Xa, Dan Flavin, Pipilotti Rist eta Steve McQueen sortzaileen obrak ere ikusgai izango dira Bilbon.

Miren Arzalluz museoko zuzendariak eta zentroko arte arduradunen taldeak aletu dituzte xehetasunak. Arzalluzen ustez, aurtengo programazioa «askotarikoa» da, eta iragarri du «kalitate handikoak» eta «anbiziotsuak» izango direla erakusketak. 

Martxoaren 19an zabalduko dute lehena, Ruth Asawa artista japoniar-estatubatuarrari eskainitakoa. Aurten mende bat beteko da Asawa jaio zenetik, eta, irailaren 13ra bitarte, hark 1947tik 2006ra sortutako 250 obra ikusi ahal izango dira Bilbon, hala nola eskulturak, margolanak, marrazkiak eta grabatuak. San Franciscoko eta New Yorkeko arte modernoaren museoek antolatu dute bilduma, eta, Geaninne Gutierrez-Guimaraes komisarioaren arabera, «artista aitzindariaren produkzio aberatsaren alderdi guztiak» bilduko dituen lehen erakusketa izango da. 

Maiatzaren 5ean irekiko dute hurrengo erakusketa, zeina in situ izeneko saileko proposamen berria den. Sail horren bidez arte garaikidearen ikuspegi zabalago bat eskaini nahi du museoak, artea beste diziplina batzuekin uztartzen duten sortzaileen lanak erakutsita. Oraingoan, Igshaan Adams artista hegoafrikar multidiziplinarraren obrei egingo diete lekua, eta azaroaren lehenera bitarte izango dira ikusgai. «Haren praktikak pertsonala dena eta politikoa dena uztartzen ditu, materialen, keinuaren eta obrek hartzen dituzten formen bidez», azaldu du Lekha Hileman komisarioak.

Eta urtearen lehen erdia ixteko, Jasper Johns artistaren atzera begirakoa jarriko dute ikusgai. Arduradunen hitzetan, sortzailea funtsezkoa izan zen XX. mendearen bigarren erdiko artegintzan. Maiatzaren 29tik urriaren 12ra bitarte, artistaren 70 urteko ibilbidea erakutsiko du museoak, hainbat bildumatatik iritsiko diren 130 bat piezaren bitartez. «Erakusketa honek aukera ezin hobea emango digu Johnsen obraren konplexutasuna ulertzeko, eta baita ere ulertzeko hala hainbat belaunalditan izan duen eragina nola XX. mendearen bigarren erdiaren arte eszena estatubatuarra birdefinitzeko izan zuen gaitasuna», adierazi du Marta Blavia komisarioak.

Udazkena

Udazkenean, urriaren 1etik aurrera, Film & Video aretoak Pipilotti Rist artista suitzarraren bideo instalazio bat hartuko du: Ever is Over All. Hurrengo urteko urtarrilaren 17ra arte egongo da ikusgai ikus-entzunezko pieza hori.

Eta handik gutxira, urriaren 9an, Steve McQueen artista eta zinemagile ingelesaren instalazio bat zabalduko dute —hori ere 2027ko urtarrilaren 17ra arte egongo da ikusgai—. Sortzaileak berak urtearen amaieran Bilbora bisita egingo duela ere iragarri dute; haren zenbait film proiektatuko dituzte museoan, eta hainbat solasalditan parte hartuko du.

Azaroaren 12an, bestalde, erakusketa handi bat osatuko dute Dan Flavin artista estatubatuarraren artelan batzuekin; Solomon R. Guggenheim Museoaren funtsetatik ekarriko dituzte lanak. 30 urte dira arte minimalistaren ordezkaria hil zela, eta haren hogei lanek museoaren espazio zabal bat hartuko dutela azaldu dute.

2026ko aldi baterako azken erakusketa in situ saileko bigarrena izango da: Zadie Xa artista korear-kanadarrarena. Gaur egun sortzailea lantzen ari den obrak ikusgai jarriko dituzte azaroaren 19tik 2027ko apirilaren 25era arte, eta, beraz, orain arte inoiz erakutsi gabeak izango dira.

Horiek ez ezik, urte osoan Guggenheim Bilbao museoaren bildumako artelanak erakusketa ikusgai izango dute bisitariek —iazko azaroan erabat berritu zuten—. Gogora ekarri dutenez, erakusketa horrek «Bigarren Mundu Gerraren ondorengo artearen historiako une garrantzitsuenak nabarmentzen dituzten lanak aurkezten ditu, eta berriki bildumara gehitu diren pieza ugari ere biltzen ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.