Arkeologia museoetan emakumeek duten presentzia aztertzeko ikerketa egin du Emakundek, eta andreek bertan duten ikusgaitasuna eskasa dela azaleratu du lanak. Euskadiko ondare arkeologikoaren (BER)irakurketa feminista: berdintasuna historian genero ikuspegiari esker du azterketak izenburu, eta bost ikerlarik eraman dute aurrera: Itziar Aloria kultur ondarearen hezkuntzako eta kudeaketako adituak, Onintza Odriozola soziologia doktoreak, Janire Castrillo historia doktoreak, Aitziber Gonzalez arkeologoak eta Teresa Campos Lopez arkeologia eta hezkuntza doktoreak. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, lanak argi uzten du museoetako edukiek «joera androzentrikoak» dituztela eta, beraz, emakumeen ekarpenik gabeko diskurtso historikoa «legitimatzen» dutela.
Camposek bat egin du Elgarrestak esandakoarekin, eta zera gaineratu du: «Jaso dugun diskurtsoa unibertsaltzat hartu dugu, baina gizonen interpretazioa besterik ez da —are gehiago, gizon zuriena—». Horiek horrela, eta museoek erakusten duten hori «errealitatea» den ala ez egiaztatzeko, material arkeologikoak aztertzeko irizpideak zeintzuk diren definitzea izan da ikerketaren abiapuntua.«Instituzio horiek garrantzi handia dute gure memoria historikoa, identitatea eta kultura eraikitzeko orduan, eta diskurtso horren legitimatzaile bihurtzen dira». Bide horretatik jarraituz, gainera, ikerlariekerreminta kuantitatibo eta kualitatiboak ere garatu dituzte ikertzeko ea zenbatekogarrantzia eta ikusgaitasuna duten emakumeek halako espazioetan, eta ea zein den herritarrei helarazten zaien hezkuntza ondarea.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museo bana hartu dute ikerketa egiteko lagintzat: Gasteizko Bibat museoa, Bilboko Arkeologia Museoa eta Irungo Oiasso museoa. Euskal Herriko historiaren etapa jakin bat erakusten du bakoitzak; historiaurrea lehenengoak, Erdi Aroa bigarrenak, eta erromatarren garaia hirugarrenak. «Historian ibilbide luzea egiteko aukera eman digu horrek, eta, bestalde, hiru lurralde horietan zeharka joatekoa». Argazkiak, testuak, ikonoak eta beste hamaika gauza aztertu dituzte garatutako tresna horiekin, eta jasotako emaitzekin hamaika grafiko osatu gero. Hasieran bildutakoa, baina, ez zen batere positiboa izan. «Adibide bat jartzearren, emakumeen izen propiorik ez zen agertzen museoetan». Bakar bat topatu zuten, Greziako jainkosa batena. Campos: «Bizkaiko jaunaz aritzen bagara, zergatik ez Maria Diaz de Haroz?».
Aldaketak, astiro
Egoerari aurre egiteko hainbat proposamen egin dituzte ikerlariek. Hala azaldu du Camposek: «Museoetako testuak errepasatu behar ditugu, hizkuntza benetan inklusiboa izan dadin; egoeraren inguruko formakuntza saioak eskaini behar zaizkie langileei; eta aldaketak egin behar dira erakusketa iraunkorretan». Arkeologoak berretsi du oinarrizko aldaketak egitea ez dela nahikoa, eta azpimarratu du gauzak poliki egitea dela gakoa, askotariko baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak behar baitituzte guztia egin ahal izateko. «Ez da nahikoa hizkera maskulinoa aldatzea: emakumeen ekarpenei ere aitortu behar zaie historian izan duten balioa».
Esaterako, museoek harresiak eraikitzen zituzteneko momentuak irudikatzen dituztenean, emakumerik ez da agertzen irudikapen horietan. «Baina hori ez zen horrela», ziurtatu du Camposek. «Emakumeek askotan eraikitzen zituzten harresiak, eta, gizonei baino gutxiago ordaintzen zietenez, gehiago ziren batzuetan». Erdi Aroko gremioen irudikapenak egiten dituztenean ere antzekoa gertatzen da. «Errementari baten tailerra marraztu, eta gizona da beti hor dagoena, baina emakumeak ere bazeuden bertan».
Bide beretik, emakumeek egiten zituzten lanak ez dituzte garrantzitsutzat hartzen, are gutxiago emakume izatearekin zerikusia bazuten. «Zaintza edo mantentze lanak bigarren planoan utzi dituzte beti». Gizonei lotutako lanak bai, ordea. «Gerra eta ehiza, esaterako». Baina, ikerlarien arabera, horretan ere oker daude «diskurtso hegemonikoa» sortu zutenak: «Zientziak dio emakumeak gerran eta ehizan ere presente egon direla urteetan». Hori guztia zuzentzen hasteko garaia dela uste du arkeologoak, eta sumatu du museoek badutela horretarako gogoa: «Jendea prest dago ikasteko, eta jakin-mina dute, baina bidea luzea izango da. Gauzak ezin dira egun batetik bestera aldatu».
Salatu dute emakumeek presentzia eskasa dutela arkeologia museoetan
Arkeologiaren historia «gizon zuriek» kontatu dutela dio Emakunderen ikerketa batek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu