BERTSO JARRIAK

Salda badago

Azpeitian (Gipuzkoa) jaioa, 1997. urtean. 11 urterekin hasi zen bertsotan, eta, egun, Erniarraitz bertso eskolako kidea da. Lehenengo plazak gazte sariketetan egin zituen, eta 2019an lehenengoz parte hartu zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.

Oier Etxeberria Zubimendi
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
1.
Zerbitzatu gaitzaten
nola dugun laket
desoreka daukate
barraren bi aldek
kafe kikara edo
txikito godalet
zer ikusten dituen
kontatu dezaket
mostradore atzetik
tabernari batek

2.
Goizetan kafesnea
lehenengo otordu
kaixo eta mesedez
eskatzeko modu
langile bakartien
proletario gu
adeitasun tanta bat
gehitzen badiogu
zenbat ordaintzen da ta
zenbat balio du?

3.
Eguerdian terrazan
begira aritu
familiak haurrekin
nitzake aurkitu
ezin badu amaren
bermuta ukitu
umeak kalamarrak
behar omen ditu
bazkaria mikatza
baietz iruditu

4.
Lehen zutenek Manso
ardoaren mantxa
errioxar barrikan
dute esperantza
batzuek urtekoa
gehienek kriantza
lehen biak dastatu
laurekin balantza
kopak mokoa findu
egiten du antza

5.
Ilunabarrez tripa
zorriak ugaldu
kuadrilla bat barrara
ohi zaigu azaldu
galdetzeko: tortillak
tipula ba al du?
parrandan ezin denez
denborarik galdu
Voll-Damm bana besterik
ez dute afaldu

6.
Regetoidun larunbat
iluntze osoak
nerabe aurrenekoz
mozkorren pausoak
amonaren pagatik
beteta basoak
konbinatu xelebre
likore gozoak
begira baleuzkate
euren gurasoak

7.
Goizaldera ixteko
musika emenda
argiak piztu eta
Coca Colak zenba
zabor kamioi hotsik
ez da entzuten ba
gosaltzera doazen
horditu zerrenda
ilunetako lanez
lotsatzen hasten da
Doinua: Kantuz sortu naiz eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.