Itsasoko piztiak eta odola izango dira aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Asteko protagonistak. Datorren urriaren 30ean hasiko da, eta azaroaren 6an amaitu. Lau sail ditu jaialdiak: Film Luzeen Saila, Film Laburren Nazioarteko Saila, Espainiako Film Laburren Saila, Euskal Film Laburren Saila eta Animazio Film Laburren Saila. Orotara 32 film luze, 33 film labur eta telebistako telesailetako sei atal emitituko dira. Jaialdiaren baitan, III. Animedon Anime Topaketa egingo dute.Â
Norma Vila zuzendariaren lehen filmak, Salitre-k, irekiko du jaialdia. Sitgeseko zinema festibalean (Herrialde Katalanak) estreinatu ostean, Euskal Herrira iritsiko da. Nagore Aranburu eta Haizea Carneros dira protagonistak, ama-alaben roletan. Aranburu izango da ama, goxoa bezain krudela, eta ezinegona nagusituko da etxean pixkanaka hazten joango zaien krustazeo misteriotsuarengatik. Rhys Frake-Waterfild zuzendariaren Pinocho: Unstrung film britainiarrak itxiko du festibala. «Bere senetik ateratako» hezur haragizko Pinotxo da protagonista, eta Poohniverse haurrentzako istorioak beldurgarri bihurtzen dituen faktoriaren bigarren ekoizpena da.
Film Luzeen Sail Ofizialean hamazazpi film lehiatuko dira, besteren artean, Kasper Kalle zuzendariaren No Rest for the Wicked. XIX. mendeko kondaira batean oinarrituta, filmak izua eta erromantizismoa uztartzen ditu. Itsasora eroritako mutil baten eta hura erreskatatzen duen baleontziaren arteko istorioa kontatzen du, eta Faroe Uharteetan eta Danimarkan girotuta dago.Â
Era berean, saileko film luzeen artean blody horror edo odol bidezko izu efektua oso presente egongo da. Adibidez, Nikias Chryssos-en Bloody Tennis pelikulak tenisaren munduan murgilduko du ikuslea: hiltzeraino lehiatzeko prest dauden tenis jokalarien partida bat du ardatza. Sail berean arituko dira, halaber, Jonathan King-en Black Sheeps (2006ko Black Sheep pelikularen jarraipena), Angel Gomez Hernandez-en Crawlers eta Paolo Strippoli-ren L’estrenea, Italiako hautagaia AEBetako Oscar sarietarako.
Jaialdiaren prentsaurrekoan Donostiako Kultura Zinegotzi Ana Lopez Loyartek harro adierazi du jaialdia nazioartearekin lotzen dela: «Jaialdiak zubiak eraikitzeko gaitasuna du, bai belaunaldien artean bai herrialdeen artean. Aurten nazioarteko lankidetzak indartzen jarraitu dugu». Hain zuzen, Hong Kong-eko (Txina) zinema ekoizpenari egin diote leku berezia. Back to the Past ( Jack Lai, Yuen Fai Ng, 2025) eta Ultimate Revenge (Terry Ng, 2025) filmak emango dituzte, baina lehiaketatik kanpo. Karate contra mafia Ramon Saldias zuzendariaren 1981eko filma ere emitituko dute, lehiaketatik kanpo hori ere. Eta halaxe eskainiko dituzte Matrix (1999) eta [REC] (2007) ere.Â
Iñigo Sbeltzaren Izaki pixkat gardenak telesaila ere emango dute Sail Ofizialean, lehiaz kanpo. EITBren eskutik ondutako filma da. Mamuak dira sei ataleko telesail horretako protagonistak, zeintzuek, beldurtu beharrean, heriotzaren alderik politena erakusten duten. Jon Plazaola, Patricia Urrutia eta Xabier Elizalde daude aktoreen artean.
Film Laburreko Sailak
Hamar lan lehiatuko dira Film Laburren Nazioarteko Sailean, tartean, Breathwork (Erik Westerström, Suedia) eta The Last Jiangshi (Yu Chih-Chieh, Txina). Espainiako Film Laburren Sailean, berriz, zazpi ekoizpen lehiatuko dira, besteak beste, Amor de padre (Caye Casas) eta La casa de la bruixa (Toni O. Prats). Askotariko gaiak jorratuko dira, adibidez, zonbien apokalipsiaren osteko mundua, iraganeko pertsonen presentzia, 1936ko Gerra eta fantasia sexualak.
Euskal Film Laburren Sailean zortzi film labur lehiatuko dira, tartean, Imanol Olalderen Antxumeak. Eneritz Sanchez aktorea da protagonistetako bat film horretan. Sanchez, Amaiaren paperean, basoan murgilduko da semearekin, baina halako batean, hura galdu eta tentsioa nagusituko da.
Animazio Film Laburren Sailean zortzi film arituko dira lehian. Horietako bat da Find Enjoyment In Your Toil (Robert Kleinschmindt, AEB). Animazioan eguneroko errutinaz nazkatuta dauden pertsonaiak azaltzen dira, norbere buruari galdezka ea izango ote litzatekeen beste bizibiderik errutina horretatik at.Â
Anime Topaketa
Jaialditik kanpo, urriaren 26tik azaroaren 1era III. Animedon Donostiako Anime Topaketa egingo dute. Lau ikus-entzunezko emango dituzte, eta horrez gainera, Shin Chan pertsonaia ospetsuenaren saio berezi bat eta Danel Galdaeraren eta Eneko Garciaren Flop Kultura podcastaizango dira, azkeneko horretan animea queer munduarekin uztartuz. Bestalde, erakusketa bat ere irekiko dute Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan: Hyakki yagyo: Ehun deabruen gaueko desfilea. Urriaren 30etik azaroaren 15era egongo da ikusgai. Â
Bi jaialdietarako lehen txartelak bihar jarriko dituzte eskuragarri, 09:00etan, Antzoki Zaharreko leihatilan. Gainerakoak datorren urriaren 26an erosi ahal izango dira, 11:00etatik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturako webgunean.