Sam Neill aktore zeelandaberritarra hil da, 'Jurassic Park' filmeko izar izandakoa

1970eko hamarkadan hasi zuen ibilbidea zineman, baina Steven Spielbergen 'Jurassic Park' filmari esker lortu zuen oihartzuna, 1993an. 'Peaky Blinders' telesailean ere parte hartu zuen.

Sam Neill aktorea, 2019. urtean, Madrilen. SUSANNA SAEZ / EFE
Sam Neill aktorea, 2019. urtean, Madrilen. SUSANNA SAEZ / EFE
mikel lizarralde
2026ko uztailaren 13a
10:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sam Neill aktore zeelandaberritarra gaur hil da, 78 urte zituela, Sydneyn (Australia), haren senideek jakinarazi dutenez. Gaixo zegoen arren, haren heriotza «bat-batekoa eta ezustekoa» izan da, aktorearen gertukoen hitzetan. Hamaika film eta telesailetan parte hartu zuen, baina dinosauroei eskainitako superekoizpenari esker egin zen ezagun mundu osoan.

Neill Irlandan jaio zen, 1947an, baina 7 urterekin Zeelanda Berrira joan zen bizitzera, hangoa baitzuen aita. 1975ean hasi zuen aktore ibilbidea, eta lehenengo urte haietan Zeelanda Berrian eta Australian egin zuen lan batik bat. Roger Donaldsonek zuzendutako Sleeping Dogs lanak (1977) egin zuen ezagun, eta, orduz geroztik, AEBerako jauzia egin zuen. Hurrengo urteetan hainbat filmetan parte hartu zuen, bai Hollywoodeko ekoizpen handietan —Omen III: The Final Conflict (Graham Baker, 1981), Enigma (Jeannot Szwarc, 1983), The Hunt for Red October (John McTiernan, 1990)—, bai handik kanpoko lan independenteetan —Possession (Andrzej Zulawski, 1981); Dead Calm (Phillip Noyce, 1989), Until the End of the World (Wim Wenders, 1991)—, eta erakutsi zuen genero ugaritan moldatzeko gaitasuna zuela.

Urrezko Palma eta saurioak

Ordurako aktore ezaguna bazen ere, 1993an bere ibilbidea markatuko zuten bi film estreinatu zituen Neillek. Jane Campion zinemagile zeelandaberritarraren The Piano pelikularekin, Urrezko Palma irabazi zuen Cannesko zinemaldian, eta urte berean estreinatu zuten Steven Spielbergen Jurassic Park, aktorea izar bilakatu zuena mundu zabalean. Film horretan Alan Grant paleontologo eszeptiko eta arrazionalaren rola bete zuen. Gerora, dinosauroen saga horretako beste bi filmetan ere parte hartu zuen Neillek: Jurassic Park III (2001) eta Jurassic World: Dominion (2022). 

Zineman ez ezik, telebistan ere lan mordoxka egin zituen, bai telefilmetan, bai telesailetan. Tartean daude The Tudors eta Peaky Blinders. Azken horretan, Chester Campbell polizia inspektore gupidagabearen rola bete zuen.

Ez zuten inoiz izendatu Oscar sarietarako; bai, ordea, Urrezko Globoetarako, hirutan, betiere telebistarako egindako lanengatik. Halere, ez zuen behin ere irabazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA