Samara Joy, Pat Metheny, David Murray eta Marcus Miller ariko dira Donostiako 61. Jazzaldian

Uztailaren 22tik 26ra egingo dute jaialdia. Gaur plazaratu dute ordainpeko kontzertuen zerrenda, eta datozen hilabeteetan iragarriko dituzte doako kontzertuak.

Samara Joy abeslaria, 2023an emandako kontzertu batean. MICHAEL REYNOLDS / EFE
Samara Joy abeslaria, 2023an emandako kontzertu batean. MICHAEL REYNOLDS / EFE
edurne begiristain
2025eko abenduaren 15a
13:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hala artista ezagunen nola proposamen berrien erakusleiho izango da Donostiako Jazzaldiaren 61. aldia. Gaur iragarri dute ordainpeko kontzertuen zerrenda, eta, besteak beste, Pat Metheny, David Murray, Joe Lovano, Samara Joy, Carmen Lundy eta Diana Krall ariko dira.

2026ko uztailaren 22tik 26ra egingo dute Jazzaldia, hiriko hainbat gunetan. Ordainpeko kontzertuak Trinitate plazan, Kursaaleko auditoriumean, Viktoria Eugenia antzokian eta San Telmo museoan egingo dituzte. Bihar izango da sarrerak eta bonuak erosteko aukera, 11:30etan hasita, bai leihatilan, bai online, Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren webguneetan.

Julius Rodriguez taldearen emanaldiarekin hasiko da Donostiako 61. Jazzaldia, uztailaren 22an. AEBetako pianista gaztearen energia bizi eta kutsakorraz gozatu ahal izango du San Telmo museora doanak. Haren ondoren, Jazzeñe zikloa izango da Viktoria Eugenian, SGAE fundazioak antolatuta; aurreko urteetan bezala, bina emanaldiko lau saio izango dira, uztailaren 22tik 25era, showcase formatuan. Udaberrian iragarriko dute zer artista ariko diren ziklo horren barruan. Carmen Lundy ere igoko da antzokiko oholtzara, uztailaren 22an.

David Murray jazz modernoaren sinboloaren txanda izango da uztailaren 23an, Trinitate plazan. 70 urte ditu AEBetako saxofoi jotzaile ospetsu horrek, eta erakutsiko du oraindik ere sasoi onean dela. Haren ondoren, Joe Lovanok, Julian Lagek, Santi Debrianok eta Will Calhounek osatutako Paramount Quartet taldea igoko da Trinitate plazako oholtzara.

Izar berrien artean, bada bat distira berezia duena: Samara Joy. AEBetako jazz abeslari gaztea bere ahots sakon, bero eta dotoreagatik da ezaguna, eta askok jazz klasikoko izen handienekin alderatu dute, hala nola Sarah Vaughanekin eta Ella Fitzgeraldekin. 2021ean argitaratutako Samara Joy eta ondorengo Linger Awhile diskoen bitartez nazioarteko aitortza lortu du, Grammy sarietan besteak beste, eta jazz garaikideko ahotsik garrantzitsuenetako bat da. Uztailaren 23an joko du Kursaaleko auditoriumean.

Europako jazzaren erakusleiho ere izango da jazzaldia. Esaterako, Norvegiako Nils Petter Molvaek Khmer bere aurreneko diskoaren moldaketa bat oholtzaratuko du Kursaalean, uztailaren 24an. Europako jazz garaikidearen ordezkari nagusietako bat ad, eta bere lengoaia propioa sortu du tronpetarekin, doinu elektronikoak, inprobisazioa eta soinuen esplorazioa uztartuta.

Miles Davis eta John Coltraneren omenez

Miles Davis eta John Coltrane oro har XX. mendeko musikak eta zehazki jazzak emandako musikari handienetakoak dira, eta, hain zuzen, omenaldia egingo die Jazzaldiak, jaio zireneko mendeurrenarekin bat eginez, beren lan garrantzitsu eta gogoangarrienetako batzuk interpretatuta. Besteak beste, Coltraneren omenez joko dute Azar Lawrence Quartetek eta Cecile McLorin Salvantek uztailaren 24an, Trinitate plazan. Hurrengo egunean, uztailaren 25ean, Charles Tolliverek eta Marcus Millerrek ere Davis eta Coltrane omenduko dituzte, bakoitzak kontzertu batean; horiek ere Trinitate plazan izango dira.

Uztailaren 25ean, Pat Metheny jazzaren mito bizia eta azken hamarkadetako gitarrista karismatiko eta handienetakoa izango da Kursaalean. 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du egina, eta oso musikari gutxik baiezta dezaketen zerbait lortu du: bere instrumentuaren soinua etengabe berrasmatzea, nortasuna inoiz ere galdu gabe. 

Uztailaren 26an, bestalde, Diana Krall abeslari eta pianista kanadarra ariko da Donostian. Krall ez da ezezaguna Donostian, behin baino gehiagotan izan baita jaialdian —azken aldiz, iaz—. 2020an kaleratu zuen bere diskorik berriena, This Dream of You. Egun berean, Louis Sclavis klarinete jotzaile frantziar ospetsua ariko da Viktoria Eugenian, eta haren kontzertuak emango dio bukaera jaialdiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.