Santos Beloki hil da, Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetako bat

Gai jartzaile eta epaile ere aritu zen. Arantzazun hasi zuen frantziskotar bidea; Donapaleun 25 urte eman, eta Bermeoko komentuan hil da, 89 urterekin.

Santos Beloki bertso eragile eta frantziskotarra. JON URBE / FOKU
Santos Beloki bertso eragile eta frantziskotarra. JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
2025eko abuztuaren 6a
20:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezkurran (Nafarroa) jaio zen Beloki, 1936an; Plazenea etxean, zehazki. Okina zuen aita, eta gazte zela joan zen Arantzazura. Han hasi zuen frantziskotar bidea. 25 urte eman zituen Donapaleun bizitzen (Nafarroa Beherea), eta 1980ko hamarkadan Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Horrez gainera, Ipar Euskal Herriko lehen bertso eskoletan ere irakasle izan zen. Gaur hil da, 89 urterekin.

Bertsularien Elkarteak eman du albistea, ohar bidez, eta elkartearen lehen urte haietan izandako jarrera aipatu dute. «Garai hartako kalapitak gainditurik», bertsolaritza Seaskako ikastoletan sartzeko ahalegina egin baitzuten Belokik eta elkarteko beste zenbait kidek. Bertsolaritza irakasten ere aritu zen Beloki, Donibane Garaziko ikastolan, 1984an, eta Hazparnen (Lapurdi) eta Maulen ere aritu zen lan bera egiten, ondotik. Elkarteko zuzendaritzako kide ere izan zen 1987tik 1990era bitartean.

Irakasle ez ezik, gai jartzaile ere aritu zen, bai eta epaile lanetan ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta Lapurdiko Bertsolari Sariketan ere bai. Bertso idatziak ere sortu zituen.

Bertsozaleak sortzeko eskola

«Beti maite izan dut bertsolaritza». Hitz horiekin aitortu zion bere zaletasuna BERRIA egunkariari, Pantxike Agirre kazetariak 2009an egin zion elkarrizketan. Xanti Iparragirre eta Jesus Arzallus ere izan zituen kide Bertsularien Lagunak elkartearen lehen urrats haiek egiterakoan, eta eskolen hasierak ere hartu zituen gogoan elkarrizketa hartan. «Elkartea sortu genuelarik, haiek esaten zuten bertsolari eskolak sortzen saiatu behar genuela, Hegoaldean bezala». Eta laburbildu zuen orduan izandako asmoa: «Guretzat, bertsolariak sortzea baino gehiago, zaleak sortzea zen, bertsozaleak baldin badaude aterako direlako bertsolariak».

Seguran (Gipuzkoa) bizitzera joan zen 1991n, eta Segura irratiko kolaboratzaile ere izan zen. Galtzen ari diren hitzei buruz aritzen zen. 2021eko urtarrilaren 21ean, esaterako, Euskal Herriko hamaika herritan izotza izendatzeko erabiltzen diren hitzak bildu zituen.

Santos Beloki, Segura irratian hizketan.

Zarauzko frantziskotarren komentuan egon zen bizitzen Segurako egonaldiaren ondoren, eta Bermeoko egoitzara (Bizkaia) erretiratu zen duela urte batzuk. Han bertan egingo diote hileta elizkizuna, bihar, 17:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.