Sarai Robles garaile Nafarroako Txapelketako lehen saioan

354 punturekin irabazi du Roblesek, eta Altsasuko finalaurrekoan kantatuko du, azaroaren 4an. Saioa Alkaizak egin du bigarren, 333 punturekin

Miren Mujika Telleria.
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Sarai Roblesek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa, 354 puntu eskuratuta. Iruritako gizarte gunean izan zen aurreneko saioa, atzo. Hala, irabazlea zuzenean sailkatu da azaroaren 4an Altsasun jokatuko den finalaurrekorako.

Saioa Alkaizak egin zuen bigarren, 333 puntu bilduta, eta Idoia Granizo (328,5), Ekain Alegre (324), Eneko Fernandez (320,5) eta Egoitz Gorosterrazu (291) izan zituen atzetik, hurrenez hurren. Maialen Belarrak emandako gaiei erantzun zieten kantuz sei bertsolariek.

Txapelketaren final-laurdenetako faseak datorren asteburuan izango du segida. Are, bi saio jokatuko dituzte. Larunbatean, urriaren 14an, Vianan izango da saioa: Aitor Irastortza, Ekhiñe Zapiain, Julio Soto, Patxi Castillo, Urko Gartzia eta Xabat Illarregi arituko dira kantuan, herriko kultur etxean. Igandean, berriz, urriaren 15ean, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan jokatuko da kanporaketa, eta hauek izango dira kantuan ariko diren sei bertsolariak: Beñat Astiz, Eki Mateorena, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Mikel Lasarte eta Xabier Silveira. Urriaren 21ean jokatuko da azken final-laurdena, Leitzan, eta Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Bittori Elizalde, Endika Legarra, Saats Karasatorre eta Fernando Ziganda izango dira oholtza gainean. Zehazki, lau final-laurdenetatik gailentzen diren 18ek egingo dute aurrera.

Finalaurrekoetan, berriz, hiru saio izango dira: azaroaren 4an, Altsasun; azaroaren 11n, Agoitzen; eta azaroaren 19an, Lesakan. Finalaurrekoetarako sailkatutako zortzi bertsolariek Iruñeko finalean kantatuko dute, Anaitasuna kiroldegian, abenduaren 2an. Zortzi horietatik, saioan zehar puntu gehien lortzen dituzten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta orduan erabakiko da zein izango den 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, finala salbu —17:00etan abiatuko da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.