Bertsolaritza

Saretzeko ariketa bat

Aurten hamar urte bete ditu Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak. Ia ezer ez zegoen errealitatetik, egitura sendo bat sortzera igaro dira tarte txikian. Pello Errota sariketaren finala jokatuko dute gaur.

jarraia234179.jpg
unai zubeldia
2023ko urriaren 20a
12:23
Entzun

Hamar urte atzera, bertsoaren jiran ari ziren, batean eta bestean, Tolosaldean. «Baina ez geneukan ezer ofizialik; bertso eskola ibiltari bat bakarrik, eta hor ere ahal zuena egiten ari zen bakoitza», azaldu du Beñat Iguaran Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kide eta bertsolariak. «Belaunaldien arteko eten bat» sortzen ari zela ere nabaritu zuten taldean. «Gazte askorik ez zetorren, ez geneukan 20 urtetik beherako bertsolaririk bertso eskoletan, eta errealitate horren aurrean zerbait egin nahiak elkartu gintuen». Beñat Iguaranek aitortu du garai hartan Mikel Artola alegiarra «egoskortu» zela pixka bat zerbait egin zezaketela sinetsita —Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea da gaur egun—. «Eta egin egin genuen».

Hasieratik, elkargune izateko jaio zen Harituz. «Ez bertsolariena bakarrik; bertso eragileena, zaleena… denena», zehaztu du Oihana Iguaranek, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kide eta bertsolariak. «Bertsotan egiteko eta elkartzeko premiak sortu zuen proiektua, guztiok kohesionatzeko beharrak. Baina, hasieratik, eragiteko asmoa ere bazeukan Harituz-ek: gai jartzaileen artean, tokian tokiko antolakuntzan zebiltzanen artean… Denborarekin planifikatu dugu dena, pixkanaka». Oihana Iguaranek aitortu duenez, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren mugimendu osoa iraunarazteko daukan proiektua eredu gisa hartuta eta Tolosaldera egokituta. «Bertsolariak sortzea ondo dagoelako», esan du Beñat Iguaranek. «Baina bertsolaria alferrik ari da zalerik ez badago». Euren belaunaldia «mugitua» zela azpimarratu du Beñat Iguaranek. «Eta inguruan beti geneukan laguntzeko prest zegoen jendea».

Oihana Iguaranek kontatu du «bilera» bihurtzen zirela bertso eskolako egun asko. «Proiektua forma hartzen ari zen pixkanaka, eta gero eta ideia gehiago geneuzkan buruan». Denera iritsi nahi horrek lanez kargatu du Harituz. «Duela bost bat urte hasi ginen udalei dirua eskatzen, langile bat liberatuta edukitzeko; Artolaren ideia izan zen hori ere», jakinarazi du Beñat Iguaranek. «28 udal daude Tolosaldean, eta ia-ia guztiek ematen dute diru laguntza. Eskertzekoa da, noski, baina burokrazia lan handia eskatzen du gero guretzat».

Klaseetarako, liberatuta

Lan karga horri guztiari aurre egiteko, Unai Mendizabal aritu zen lehenengo bi urtez, %100eko lanaldiarekin, eta Haritz Mujika ondoren, beste bi urtez. «Klaseak emateko langile bat hartuta daukagu orain ere, baina paper kontu guztiak egiteko ez daukagu inor, eta lan asko da». Gipuzkoako Bertsozale Elkartea ere «etengabe laguntzeko prest» egon dela goratu dute biek.

Oihana Iguaranek jakinarazi du hamargarren urteurrenak «guraso izan berritan» harrapatu dituela Harituz-eko talde eragileko kideetako asko. «Kostatzen ari zaigu erreleboa gauzatzea; egitura ez da berritu, baina etorriko da». Beñat Iguaranek zehaztu du bizpahiru urtez behin jende desberdina hasten dela tiraka. «Egia da hasierako berdintsuak gabiltzala hor oraindik. 17-19 urteko hamar bat gazte badauzkagu, izugarrizko taldea daukate sortuta, baina gazteak dira oraindik, eta egia da kostatzen ari zaigula pixka bat».

Oihana Iguaranek azpimarratu du ibilian ikasi dutela oinez Harituz-en. «Gauza asko ez ditugu sortu aurrez hala erabakita; ustekabeko arrakastak eraman gaitu horretara». Tolosaldeko eskola guztietara motibazio saioak egiteko gonbita bidali zutenekoa jarri du adibide gisa. «50 umek izena eman zuten bat-batean, baina nork emango zizkien horiei klaseak? Horrelako egoerei erantzuteko, sortu zaizkigun arazo zoragarri horiei erantzuteko ere sortu zitzaigun pertsona bat liberatzearen kontua».

Gaur-gaurkoz, dozena bat bertso eskola dauzkate Tolosaldean. «Zazpi-zortzi, umeenak; 17-18 urtekoen beste pare bat ere bai; eta helduetan, ibiltariak hor jarraitzen du, nahiz eta ez diren edo garen hainbeste eta ez garen hain ibiltariak». Tolosaldean, beraz, kopuruz gora egin dute nabarmen bertso eskolek. «Larritasunik ez daukagu zentzu horretan; guk jaso nahiko genukeena nola eman, kezka hori daukagu orain gehiago; transmisioak kezkatzen gaitu pixka bat», esan du Oihana Iguaranek. «Gehiago egin nahiko genukeela sentitzen dugu, baina ez gara iristen».

Proiektu arrakastatsuak

Bertso jarrien afaria, Pello Errota sariketa —gaur izango da hirugarren finala, Asteasun—, Fernando Amezketarraren urteurrena, Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa, aisialdi proiektuak edo asteburu pasak, santa eskeak, Jun ta bota bertso pote inprobisatua, Harituz Tolosaldeko Herriarteko txapelketa… Tantaka-tantaka proiektu asko sortu dituzte. «Eta zenbat gauzak ihes egin ote digun eskuetatik!», hasi du azalpena Oihana Iguaranek. «Herriarteko lehen txapelketa antolatu genuenean [2014an], esaterako, hamar herritako 11 talde apuntatu ziren. Jendetza pilatzen zen saio bakoitzean, eta Anoetako gaztetxean, adibidez, izugarria muntatu genuen». «Moldatuz eta eraldatuz» joan dira proiektuetako asko, eta biak ala biak ziur daude etorkizunean ere «egoera berrietara etengabe egokitzea» izango dela taldearen irtenbiderik onena.

HARITUZ TOLOSALDEKO BERTSOZALE TALDEA

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen laguntzarekin eta Tolosaldeko Ataria-rekin elkarlanean, Tolosaldeko Ataria irratian ere irratsaio bat dauka Harituz-ek. Imanol Artola Felix-ek gidatzen du, eta laster iritsiko da hirurehungarren saiora —293. saioa eskaini zuten urriaren 16an—.

Funtsean, hezkuntza, sustapena, ikerketa, eta bilketa eta hedapena, horiek dira Harituz-en lau lan ildo nagusiak. «Teoria hori da, baina, boladaka, agian ez dugu asmatu alor guztietan», aitortu du Beñat Iguaranek. «Urrutiena ikerketaren alorra gelditu zaigu, ziurrenik; jendearen gogoaren araberakoa izan da gehiago ikerketa lan hori. Proiektuka funtzionatzen dugu».

Hamargarren urteurrenaren harira, urte osoko ospakizun dinamika bat jarri zuten martxan Harituz-ekoek. Pello Errota sariketaren gaurko finalaz gain, azaroaren 1ean bertso jaialdi bat izango dute Villabona-Amasako Gurea antzokian, 18:00etan. Sustrai Colina, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira bertsotan. Abenduaren 23an, berriz, Gure Bertso Zirkuaren saio bikoitza egingo dute, umeentzat nahiz helduentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.