Musika. MUSIKA. A cappella

Sasi guztien gainetik...

2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Eta laino guztien azpitik. Esamolde honekin deskribatuko nuke Kanadako Anvil heavy-metal taldearen esperientzia musikaren unibertso zabalean. 80ko hamarkadan, Metallica, Anthrax edota Megadethek bezala, jendez gainezkaturiko aretoetan zuzenekoak eman zituen Anvilek. Baina ez zuen haien famaren laurdena ere lortu. Zergatik? Auskalo; agian hainbeste heavy metal talde zeudenez, Darwinen hautatze naturalak talde jakin batzuk bakarrik aukeratu zituen.

Anvilen berri orain dela gutxi izan dut, taldeari buruzko dokumental baten ondorioz (Anvil!: the Story of Anvil, 2009). Anvileko bi partaideren eguneroko bizimodua eta «famatu bihurtzeko» duten ametsa eta fedea erakusten ditu. Horrela, Steve Lips Kudlow (gitarrista eta abeslaria) eta Rob Reinner (bateria jotzailea) ezagutuko ditugu. Bietatik lehena, nolabait taldeko liderra da: musika munduan ezagun bihurtzeko egiten dituen saioak amaigabeak dira. Reinner, berriz, liderrarengan itsuki sinesten duen hura da; taldeak izango dituen hainbat eta hainbat momentu txar gainditzeko Lipsen euskarri emozionala izango du.

Kontuan hartzekoa da Anvilek hamahiru disko kaleratu dituela eta hala ere «handien» itzalean gelditu den taldetxoa izan dela beti; agian haren historia musikala alda lezake dokumental honek, eta zin egiten dut merezi dutela, Metal on Metal abestiak baduelako izaera eta estilo propioa, baita melodia itsaskorra ere, adibidez.

2007an, Anvilek disko berri bat grabatzeko nahikoa abesti zituen, baina arazo ekonomikoak zirela eta, Lipsek ahizpari laguntza eskatu zion, eta horrek eman. Dirua eskuratzeko une dramatiko horietan, Lipsen inpotentzia —negarreraino iritsiz— hunkigarria da, benetan. Haren emazteak dioen bezala, Lipsen gainetik dagoen zerbait da Anvil: bere ametsa, fedea… eta, azken finean, baita Lips bera ere. Hain da sakona desiratzen duen fama —ez fama lortze hutsagatik, berak taldearen handitasunak betidanik merezi izan duen fama bilatzen baitu—. Beraz, This is Thirteen diskoa (2007) kaleratu zuten, baina egindako lanarekin oso gustura sentitu arren, kontzertu gutxi jo zituzten. Une horretan egin zen dokumentala, eta, txa-txan, Europan bira bat egin zuten: Espainia, Belgika, Alemania… Jende gutxi gerturatu zen, baina harrigarria izan zen Japoniako makro-kontzertua: milaka lagun txalotuz, buruekin heavy metalaren erritmoa jarraituz. Izugarria. Itzela.

Zenbat talde ezagutzen duzue hainbeste urtetan halako fede itsuaz aurrera egin nahian ibili denik? Anvilen irabazi ekonomikoak hutsaren hurrengoadira, baina ziur kide bakoitzaren nortasun agirian Anvil idatzita agertzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.