Scorsesek George Harrisonez eginiko filma erakutsiko du Zinemaldiak

Zabaltegi-Bereziak sailak emango du The Beatleseko kideari buruzko dokumentalaHirokazu Kore-eda, Juan Carlos Rulfo, Leila Kilani, Frederic Wiseman eta Joann Sfar eta Antoine Deslevauxen lanak ere izango dira

George Harrison: Living In The Material World, Martin Scorseseren lana. Z / BERRIA.
Irune Berro Urrizelki.
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako 59. Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko ez duten arren, izen handiak izango dira Zabaltegi-Bereziak atalean ere. Martin Scorsese, besteren artean. Zinemagile estatubatuarrak Donostia aukeratu du bere azken filmaren Europako estreinaldia egiteko. George Harrison: Living In The Material World film dokumentala aurkeztuko du, 2001ean zendutako The Beatles taldeko kidearen inguruan ondutako lan historikoa. Orotara, hamar film erakutsiko dituzte Zabaltegi-Bereziak sailaren barruan. Horien artean Leila Kilani iazko jaialdiko Zinema Mugimenduan sailean irabazle izandako zuzendari marokoarraren obra berria: Sur la planche.

Aurten, Hirokazu Kore-eda japoniarraren bi film izango dira Zinemaldian. Izan ere, Nochi no hi (The Days After) emango dute Zabaltegi-Bereziak sailean, eta Kiseki (I wish) filmarekin lehiatuko da sail ofizialean.

Halaber, Juan Carlos Rulfo mexikarraren Carriere. 250 metros eta Antoine Deslevaux eta Joann Sfarren Le Chat Du Rabbin emango dituzte lehiatik kanpoko Zabaltegi-Bereziak sailean. Baita Frederick Wisemanen Crazy Horse ere.

Gauerdiko saioetan, berriz, beste lau obra emango dituzte: Dominik Mollen Le Moine, Justin Kurzelen Snowtown eta Masaru Konumaren Hana to Hebi (Flower and Snake) eta Naboru Tanakaren Edogawa ranpo ryoki-kan: yaneura no sanposha (Watcher in the Attic). Azken bi horiek Japonian 60ko eta 70eko hamarkadetako zinema erotikoaren barruan ekoitzitako klasiko bi dira.

Aurrez jakinarazitako beste sei lan ere izango dira Zabaltegi-Bereziak atalean: Manuel Huergaren 14 d'abril Macià contra Companys, Eterio Ortegaren Al final del túnel, Isaki Lacuestaren El cuaderno de barro, Nacho Vigalondoren Extraterrestre, David Truebaren Madrid, 1987 eta Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Ikastegi Nagusiaren Puzzled Love.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.