Behin jarri zioten Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko txapela Lizasori, eta berak ere jarriko dio beste bati. Bertsozale Elkarteak Sebastian Lizaso (Azpeitia, 1958) aukeratu du aurtengo txapelketa nagusiko irabazleari txapela jartzeko.
BERRIAren Txapelpekoak telebista saioak elkarrizketa egin dio, eta biharko saioan jarriko du ikusgai osorik. Bertsolari modura egindako hasiera, txapelketa norbere azaletik edo semearen bueltan bizitzeari buruzko desberdintasunak... Hau, aurrerapen bat da.
[youtube]https://youtu.be/p4x5Mu76JlQ[/youtube]
Joxe Lizaso aitaren bidea hartu zuen Sebastianek, eta oso gazte zela hasi zen plazaz plaza, 1974an egin zuen aitortutako aurrena —behin baino gehiagotan Andoni Egaña aldamenean zuela—, gero etorriko zen txapela 1986ko txapelketan, eta orain bera izango da irabazleari txapela jarriko diona. Ordea, berak ere ezustean hartu zuen berria.
Iñaki Murua lagun eta Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zion albistea, oso modu berezian, Lizasok berak BERRIAri aitortu dionez: "Esateko modua oso polita izan zen".
Joxe Lizasoren errautsak lurperatuta zeuden tokira laguntzeko eskatu zion Muruak azaro amaieran. Tokira iritsitakoan, baina, oroitarriari hitz egiten hasi zitzaion Murua: "Bizitzan hamaika aldiz jantzi eta erantziko zenuen txapela, baina txapeldun bati ez zenion sekula jantzi. Ondorengoak utzi zenituen, eta honek jantziko dio aurten txapeldunari".
Txapela jaso ostean, hura janztea tokatuko zaio, beraz, Lizasori. Nork jantziko duen, baina, datorren igandean jakingo da. Hautagaiak ezagunak dira: Amets Arzallus —duela lau urteko txapelduna—, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Sustra Colina. "Zortziko bikaina da", esan du Iñaki Muruak gaur finalaren aurkezpenean.