Sedukzioa, desira, pornografia, munstrotasuna

‘Organorik gabeko gorputz baten orroak’ performancea estreinatuko du bihar Amaiur Maciasek Bilboko Fundicion aretoan. Sexualitatea ulertzeko modu estereotipatuak ditu ardatz lanak.

Amaiur Macias performerra, 'Organorik gabeko gorputz baten orroa' piezaren entseguetako batean. JOSE LUIS BLANCO LOPEZ
Amaiur Macias performerra, 'Organorik gabeko gorputz baten orroa' piezaren entseguetako batean. JOSE LUIS BLANCO LOPEZ
Inigo Astiz
2025eko ekainaren 5a
12:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Pantaila baten aurrean dago performerra, eta, txat xume baten bidez, ikuskizunaren voyeur edo parte hartzaile izango diren erabaki beharko dute ikusleek. Zuzeneko pornografia digitalaren tresneria baliatu nahi izan du Amaiur Macias artistak desira, sedukzioa eta sexualitatea ulertzeko nagusitzen diren estereotipoak arrakalatzeko. Hain zuzen ere, publikoaren begirada da Organorik gabeko gorputz baten orroak performancearen lehengai nagusia, eta publikoaren eskariek abiatuko dute emanaldia, baina, keinuak errepikatzearen poderioz, jolas erotiko baten itxura zuena, pixkanaka eraldatuz eta deseginez joango da, prozesu horretan absurdoa, aitortza eta munstrotasuna zeharkatzeko. Macias 2020an hasi zen pieza lantzen, Bartzelonan, eta, koronabirusak eragindako etenaldi behartuaren ondoren, azkenean, bihar estreinatuko du Bilboko Fundicion aretoan, Zer(K)nias zikloan, 19:00etan.

«Sexualitate garaikidearen koreografiak» izan dira Maciasen ikerketa prozesuaren ardatzeko bat; «neurriz gaindi erakutsitako eta ikusteko diseinatutako sexualitate bat. Etenik gabe errepikatzen den koreografia bat». Eta, dioenez, koreografia hori zartatzea izan du asmoa. Esparru intimorako pentsatutako keinu horiek publiko aurrean aztertu eta desegitea, alegia. «Hainbestetan errepikatuko da keinu hori, ezen zentzua galduko baitu: deformatu egingo da, eta orduan fabrikatutako keinu horren alde absurdoa azeleratuko da».

Izan ere, Maciasen hitzetan, edozein keinu izan daiteke pornografikoa. «Zer gorputzek, zer dispositibotan eta zer testuingurutarako egiten duen». Horren arabera. Eta keinu, jarrera zein irudi estereotipatu horiek baliatuko ditu berak, publikoak txataren bidez zuzenean egindako eskariak betetzeko. Emanaldia hasi arte, ezin du jakin zer eskatuko dioten zehazki, baina, iragarri duenez, eskaria edozein txikikeria dela ere, kutsu pornografiko hori emanez erantzungo du berak aldiro.

«Niretzat garrantzitsua zen sexualitateari buruzko gogoeta horiek guztiak eszenaratzea, eta hori euskaraz egitea»

AMAIUR MACIAS Performerra

Baina abiapuntua publikoarekin izango duen hartu-eman hori izango den arren, kutsu koreografiatuagoa eta pautatuagoa izango du emanaldiak une batetik aurrera. Musikak, kantuak, ikus-entzunezkoak eta hitz egiteko tarteak ere izango ditu emanaldiak. Eta euskaraz izango dira hitz horiek. Macias: «Duela bi urte itzuli nintzen Euskal Herrira, eta niretzat garrantzitsua zen sexualitateari buruzko gogoeta horiek guztiak eszenaratzea, eta hori euskaraz egitea».

Postpornoa, antzokian

Antonin Artaud idazle eta antzerkigileari hartu dio Maciasek organorik gabeko gorputzaren kontzeptua. «Izan behar lukeenaz aspertuta dagoen gorputz bat da», azaldu du. «Emakume modura sozializatutako pertsona bat naiz, eta, beraz, keinu mota batzuk espero dira nigandik, seduzitzeko forma konkretu batzuk, eta egoteko modu jakin batzuk ere bai. Baina Artauden metafora horretatik abiatuz, bestelako leku batzuetara joango da hori guztia emanaldian. Halako munstrotasun moduko batera».

Maciasek gogoratu duenez, sexualitateari buruzko estereotipoak zalantzan jarri eta haiekin esperimentatzen du postpornoak ere, baina, dioenez, «nahiko ibilbide undergrounda» izan du orain artean, eta berak ere, hasieran, ez zuen emanaldia antzoki batean egiteko asmorik. Fundicion aretoak aukera eskaini zionean, ordea, aurrera egitea erabaki zuen. «Arriskuak hartzera ohituta dago Fundicion aretoa, baina gogoz nago halako eskaintza bat antzoki batera eramatean zer gertatzen den ikusteko».

Hain justu, D-8 Sorkuntza faktorian ez ezik, Fundicionen bertan egindako egonaldietan amaitu du pieza Maciasek.

Antzerki eta interpretazio ikasketak egin ditu Bilbon, Marseillan eta Bartzelonan, eta kantu eta piano ikasketak ere bai, Bilboko Kontserbatorioan. 2022an, Kafune kolektiboa sortu zuen Raira Rosenkjar kidearekin batera, eta Nire irudia zure haragian antzezlan performatiboa estreinatu zuten elkarrekin. Baina, horretaz gainera, filosofia ikasketak ere egin zituen Maciasek, eta filosofia irakasle aritzen da egun Bigarren Hezkuntzako ikasleekin. Dioenez, han ere, bistakoa egiten zaio sexualitatearen gaia landu beharra: «Beti egon da sexualitatea landu beharra gizartean orokorrean, eta bereziki gazteekin».

Erabateko estreinaldia izango du piezak biharkoa, eta, publikoarekin izango duen hartu-emana ikusi ostean, aurrerantzean ere harekin lanean jarraitzeko asmoa du Maciasek.

Zer(K)nias zikloa

Uda aurreko programa ixteko antolatu ohi du Zer(k)nias zikloa Fundicion aretoak, eta zirkuitu konbentzionaletan lekurik izan ez duten euskal sortzaileen lanak biltzen ditu. Aurten, Maciasen biharko estreinaldiaz gainera, beste bi emanaldi ere izango dituzte. Larunbatean, Madame Señorita konpainiako Paula Valluerca gasteiztarrak Herz. Desde lo más profundo de la patata bakarrizketa egingo du, eta igandean, berriz, La montaña del diablo emango du, Carla Roisinek dantza eta bideo instalazioak uztarturik, eta Baeline musikariaren zuzeneko musikarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.