Bertsolaritza

Seigarrenez, txapeldun

Julio Sotok irabazi du 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hiru punturen aldea atera dio Eneko Lazkoz bigarrenari.

(ID_13398153) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2023-12-02, Iruñea.  Nafarroako Bertsolari txapelketa finala
Julio Soto, Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabaztea. AITOR KARASATORRE / EFE
Iñigo Satrustegi.
2023ko abenduaren 2a
23:00
Entzun

Beste behin ere, Julio Soto izan da Nafarroako Bertsolari Txapelketako garaile. Seigarren aldia du lehen postua eskuratzen, eta 1048,5 punturekin irabazi du oraingoan. Alaitz Rekondok jantzi dio txapela. Keinu horrekin, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteetako lana aitortu nahi izan dio orain gutxi arteko lehendakariari. Estu-estua izan da lehia, hiru puntugatik ez baitu eskuratu Eneko Lazkozek txapela  —1045,5 puntu lortu ditu—. Lazkozek laugarren aldia du txapeldunorde gisa. Hirugarren eta laugarren sailkatu dira Xabat Illarregi (635,5 puntu) eta Joanes Illarregi (601 puntu). Saioa Alkaiza (594 puntu), orain arteko txapelduna, bosgarren izan da. Segidan etorri dira Josu Sanjurjo (569,5 puntu), Saats Karasatorre (556 puntu) eta Sarai Robles (550,6 puntu).

Pankarta ugari ipini dituzte Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean kantatu dutenen gertukoek. Animoak emateko ez ezik, txapeldunaren inguruan iragarpenen bat egitera ere ausartu da baten bat. Kiroldegia lepo zegoen saioa hasi baino dezente lehenagotik, eta hainbat lagun toki huts apurrak hartzeko ahaleginetan ari zirela heldu dira eguneko protagonistak. Zortzi bertsolariek, 2.300 lagun baino gehiagoren aurrean, hilabeteetako lanaren emaitzak erakutsi asmoz ekin diote saioari.

Hain justu, Anaitasunako oholtzan berriak ziren bertsolarien ahapaldiak izan dira agurretan hunkigarrienetako batzuk. Roblesek azaroaren 30eko greba eta aldarri feministak ekarri ditu: «Joan den ostegunean egin/ zenutenak harrabots/ gaur gure ahots hauskorrak/ pixkat sendotzera datoz/ ez, hau ez da Miribilla/ baina batutako pausoz/ Anaitasunara ere/ ahizpatasunetik gatoz». Karasarrotek, berriz, txapelketako finalaren erakusleihoak eragiten dion «bertigoa» aitortu, eta entzuleei laguntza eskatu die.

Ofizioetako lehen zatian, pare-pare aritu dira kantari gehienak. Hala ere, Soto izan da puntuak eskuratzeko ariketetan hasieratik koxka bat gorago nabarmendu dena. Puntuak bata bestearekin josi ditu. Deigarria, esaterako, hamarreko txikiko ariketan egin dituen errimak, Karasatorrerekin batera supermerkatuko ateetan boikot egin edo ez egin daudela: «Haiena haundigoa/ denez behar bada/ zurea da dirua/ ta haiena nakba/ geroztik etorri zen/ lehen intifada/ aldatu behar genuke/ beraz begirada/ boikota egitea/ bide bakarra da».

Lazkozek puntuaziorik altuenak eskuratu ditu buruz burura heldu aurreko ariketetan. Final mordoa du bizkarrean etxarriarrak, eta badaki jendetzaren aurrean kantatzea zer den. Are, bere lanik borobilena zortziko txikian egin du, eta publikoaren irriak eragin ditu. Ez ditu gai errazak izan, eta, hala ere, eman die behar adinako erantzuna.

Apustuetan sartzen zen izenetako bat Xabat Illarregirena zen. Bere etorriak puntu ugari batzeko eman dio, eta zorrotz erantzun die gaiei. Ultraeskuinaren gorakadaz mintzatu da Alkaizarekin egin duen ariketan, eta pieza gogoangarria utzi du lehen ahapaldiarekin: «Besaulki baten bi adineko/ hortzak zorrozturik zerraz/ ikusten dugu nola mugitu/ diren Madril eta Ferraz/ gu lehen mugitzen ginen garaian/ dena lotzen zuten gerraz/ batzuoi dena zail utzi zaigu/ ta bestei berriz erraz». Illarregitarretan anaia nagusia, Joanes, berriz, ez da nahi bezain gustura aritu, eta halaxe adierazi du amaierako agurrean. Gainera etorri zaio saioa, eta trabatu egin da zenbait kasutan.

Aurreko txapeldunak ere saio ederra egin du. Alkaizak apurka-apurka altxatu du hasieran kosta egin zaion etorria. Puntu erantzunetarako, «Akatsa» gaia eman diote, eta bereziki fin aritu da. Bakarkako gaian, gainera, Xorieri mintzo zen doinua erabili du alzheimerdun bikote baten istorioa osatzeko. Teknikoki zaila izanagatik ere, gustura geratu den irudipena izan dute haren zaleek. Askogatik, iluntzeko hiru bertsorik txalotuenak izan dira, eta puntuak eta errimak kantatzen lagundu diote entzuleek.

Txiri-txiri, ariketaz ariketa. Halaxe aritu dira Robles, Karasatorre eta Sanjurjo. Lehenak aurreko egunetan ere aipatua zuen helburu zuela finalak bera gain ez hartzea. Baita ongi bete ere. Barañaindarrak txukun erantzun die gaiei, eta erakutsi du zein den bere bidea: kantu leunez, kolpe handiak. Hala ere, bakarkako gaian, finalaurrekoetan nola, denbora gehiegi hartu du ahapaldiak osatzeko.

Buruz burura arte, luze

Atseden labur baterako beharrez ziren entzule asko. Bakarka kantatzeko gaien aurretik sumatzen zen giroa bero zela, baina arreta mantentzea ere zail egin zaio bati baino gehiagori. Erretzaileak, komunera joateko beharra zutenak eta ipurtarinak. Tarte eta txaloaldi bakoitzean zalapartatxoa sortu da. Kinieletarako ordua izan da idazkariak puntuak batu bitartean. Soto ziurtzat eman dute gehienek. Buruz bururako bigarren plazarako hautagai gisa, Xabaten izenak oihartzuna izan du han-hemen. Alkaizak errepikatuko zuelakoan izan dira beste asko. Sorpresa orokorra izan da, ordea, Ander Aranbururen ahotsean Lazkoz aditzean.

Hirugarrenez errepikatu da Lazkoz-Soto tandema txapelaren bilaketan. Puntuka kantatzeko jarduerari ekiteko, finala boikoteatzeko asmoa duten euskararen kontrako ekintzaileen azalean jarri dituzte. Euskaldunez aritu dira: «Zer esanen luke/ Franco hemen balitz?», bota du iruindarrak. Kablea mozteko esanaz bukatu du etxarriarrak. Seiko motzerako, Euskal Herriko balizko ereserki berri bat topatzea izan dute helburu. Maialen Lujanbio eta Chill Mafia izan dira aukeren artean, baina, azkenerako, kantuari hitzik ez jartzea adostu dute.

Azken ariketa, ganbarakoa, eder askoa izan da. «Masailak gorritu zaizkizu» zioen gaiari erantzun behar izan diote. Lazkozek ligoteo egoera bat deskribatu du. Eta Sotok maisuki irudikatu du masturbatzen ari den nerabearen lotsa aitak harrapatzean.

Agurretan, Palestinara joan da begirada. Norbere sentsazioek eta lagunei egindako eskertzek ere tokia izan dute. Nola ez, txapeldunarentzako zorionak ere izan dira. Sotoren agurrarekin batera, Alkaizak egindako biluzte ariketari egin dio txalo gehien Anaitasuna kiroldegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.