Gorka Azkarate.

Zaharrenak indarrean

2023ko abenduaren 3a
05:15
Entzun

Nafarroako bertsolaritzak aspaldiko garairik loriatsuena bizi duela aipatu da azken asteetan han eta hemen. Urte luzeetan egindako lanaren emaitzak, inondik ere. Bertso mugimendua sasoiko, eta maila oso altuan dabiltzan bertsolari mordoxka. Atzoko bertso festaren lehia atalari erreparatuz gero, ordea, lehengo lepotik burua: zaharrenak indarrean; etxeko pareta txapelez estalita daukan Julio Soto, batetik, eta azkenaldian buruz burukoetan kantatzeari gustua hartu dion Eneko Lazkoz, bestetik. Gertu izan zuen sakandarrak txapela atzo ere, nahiz eta Sotok egoera kontrolpean daukanaren patxadaz kantatzen ari zela transmititu aukera izan zuen aldiro. Soto ez da ofizio baten joanean bertso dirdiratsu edo ateraldi solte bakanaren bila joaten diren bertsolari horietakoa; horrela, bertsoaldiaren pisua nagusiki bere gain hartu eta lana borobiltzen saiatu zen une oro.

Lazkozek erregulartasuna eta tarteka dirdira erakutsi zituen ofiziokako jardunean. Zortziko handian diamantezko ale solte batek egin zion ihes nahi gabe bezala, makina martxan jarri zuen seinale. Zortziko txikian bertsoaldi betea osatu zuen Sotorekin, eta hamarreko txikian, berriz, elkarrizketa hunkigarria Sarai Roblesekin. Buruz burukotik gertu ibil zitekeela espero zen lehenengo txandaren amaieran, eta halaxe egin zuen jauzi azken txanpara.

Xabat Illarregiri zerbait handia egin nahia igarri zitzaion mikrofonora hurbildu zen lehen unetik. Bere burua aldarrikatzeko gosea. Ofiziotan tarteka entzuleen txaloak amaitu baino lehen kantatuz, freskotasuna ez ezik, halako final batek ezinbestekoa duen bertso maila igotzeko lan eskerga ere egin zuen Illarregi gazteak. Hurbil izan zuen buruz burukoa, oso hurbil. Joanes Illarregiri dagokionez, buruz burukoan kantatzeko ez ezik, txapelerako hautagai nagusietako bat ere bazen askoren ustez. Iaz goia jo zuen Txapelketa Nagusian finalerako sailkatuz, eta herrialdeko txapelarekin berretsi asmo zuen orduko balentria. Erraz eta seguru egiten du bertsotan Illarregi anaietan zaharrenak, baina beste batzuetan baino nahasiago sumatu genuen gaiaren aurrean kokatzerako orduan. Akats tekniko bat egin zuen une jakin batean, eta itxura eman zuen hortik aurrera, bere burua aukerarik gabe ikusita bezala edo, saioari joaten utzi ziola.

Saioa Alkaiza zurrunbilo batean nola, halaxe igoko zen ziur aski Anaitasunako oholtzara. Txapelaren defentsa duina egin zuen, edozein kasutan, baldintzak baldintza. Josu Sanjurjok zailtasunak izan zituen zenbait unetan ofizioak proposaturiko agertokian bere lekua bilatzeko, baina asmatu zuen une horietan plaza lehertu zuen, zortziko txikikoan Alkaizarekin egindako bertsoaldiko lehenengo bertsoan, kasurako.

Saats Karasatorre debutariak ausardiaz kantatu zuen. Bere bertso guztiak ez ziren pieza erabat borobilak izan, baina uneka zertarako gai den erakustea lortu zuen. Roblesek ere, lehenengo finala atzokoa. BaraƱaindarra beretik ematen aritu zen saio osoan, bereziki nabarmenduz Lazkozekin osatu zuen hamarreko txikiko ariketan, zeinetan bezeroak iraindu duen zerbitzariaren larrutik aritu zen kantuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.