Literatura

Sekta batean sartu den gazte baten bizi aztarnari segitu dio Garazi Arrulak bere lehen nobelan

'Dakigun hori' du izenburua, eta Txalaparta argitaletxearekin atera du. Liburua «kronika nobelatu» bat dela aipatu dute; Idoia du protagonista, komunitate sektario batean sartu den gaztea.

Garazi Arrula idazlea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Garazi Arrula idazlea, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko urriaren 7a
16:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kezka edo ezinegon batetik tiraka idatzi ohi du Garazi Arrula idazle, itzultzaile eta editoreak. Orain arte, ipuinak jorratu ditu bere lanetan; Gu orduko hauek-en (Txalaparta, 2017) eta Lurraz beste-n (Txalaparta, 2021), kasurako. «Ipuinetan ez dago sakontzeko edo garatzeko aukerarik; gaia bota, aurkeztu eta hor uzten da», azaldu du. Bada, kontakizunetan apur bat gehiago sakontzeko pausoa ematea erabaki du oraingoan, eta bere lehen eleberria kaleratu du: Dakigun hori; Txalaparta argitaletxearekin plazaratu du. 

Idoia da protagonista, «gazte arrunt bat», idazlearen esanetan, eta bere bizitza azaltzen da kontakizunean; haurtzarotik hasi, eta helduarora arte. Baina istorioak badu berezitasun bat: Idoia ez dela zuzenean ageri, bere inguru afektiboak ematen baitu haren bizitzaren berri. Sekta batean dago protagonista, eta ingurukoen azalpenei esker, irakurleak haren bizitzak izan duen aldaketa ikusi ahal izango du. «Idoiak lagun, alaba eta senide izateko duen modua kontatzen da, eta, bidenabar, haren hautuak eta lekukoen ezinak ere bai». Iratxe Retolaza editoreak gaineratu duenez, «absentzian oso presente dagoen» protagonista bat da.

«Idoiak lagun, alaba eta senide izateko duen modua kontatzen da, eta, bidenabar, haren hautuak eta lekukoen ezinak ere bai»

GARAZI ARRULA Idazlea

Galdera bati tiraka hasi zen idazlea liburuarekin: «Nola bukatzen du gazte arrunt batek komunitate sektario batean?». Arrulak spoiler txiki bat egin du: «Galdera horri ez zaio erantzuten». Izan ere, nahiz eta sekta bat izan eleberriko ardatzetako bat, ez da hari buruzko liburu bat. «Sektak agertu bezala ageri dira dolua, memoria, gizarte egiturak eta botere harremanak ere». Dakigun hori-k ahots asko eta hari mutur asko ditu, egileak gaineratu duenez.

«Dakigun hori ez da liburu honetan kabitzen», abiatu du liburuaren aurkezpena idazleak. «Dakigun hori ez da dakigun guztia. Dakigun hori asko izan arren, beti izanen da gehiago ez dakiguna. Dakigun hori beti da partziala, mugatua, kamutsa». Honekin amaitu du azalpena: «Batzuetan nahiago genuke ez jakin». Hain zuzen liburuko pertsonaiek, bizitzako momentu batean, ezer gutxi dakite protagonistaren inguruan.

Urruntzea

Protagonistak ez duenez inongo ahotsik hartzen, idazleak urruntzeko ariketa egin behar izan du istorioa sortzeko; Retolazak «kronika nobelatu» gisa izendatu du lana. Halaber, kronika kutsu hori zenbait ahotsekin nahastu du Arrulak: eszena konkretuak diren iraganeko irudiekin, pertsonen arteko elkarrizketekin, narrazioak diren formulekin, eta oharrekin, esaterako. Editorearen ustez, horretan bereziki asmatu du idazleak. Bestalde, sekten gaia lantzeko modua ere aipatu nahi izan du Retolazak. Haren ustez, kazetaritza lan askok sentsazionalismotik joko lukete sekten inguruan idaztean, baina egileak narratiba ofiziala auzitan jartzea lortu du.

Editoreak labur azaldu du Arrularen estilo «konkretua»: «Garaziren lanek arnasa, giro eta begirada bat dute. Hemen badago narrazioaren arkitektura hori lantzeko kontzientzia». Baina, hala ere, orain arteko ahotsa aldatzea erabaki du eleberrirako. «Lagun batek irakurri zuen testua eta zera esan zidan: 'Norbaitek liburua Garazi Arrularen literatura irakurtzeko asmoz hartzen badu, ez du lortuko'».

Dakigun hori-rekin hasteko orduan, gaiak ertz asko zituela ikusi zuen idazleak, eta horiek arakatuz noraino irits zitekeen aztertu nahi izan zuen: «Ez da azalpen liburu bat: bilaketa bat da». 

Bihar publikoari irekitako aurkezpen bat egingo du egileak Iruñean, Txalaparta argitaletxearen egoitzan, 19:30ean. Ander Perezek izango du saioa gidatzeko ardura.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA