Senpereko Larraldeak euskal kulturaren etxe izateari utziko dio

Euskal kulturari agur erranen dio Larraldeak. Andoni Iturriotzek erosi zuen etxea, 2000. urte aitzinttoan, eta bertan kokatu ziren Bertsularien Lagunak, Integrazio Batzordea eta Gastibeltza ekoiztetxea, bertzeak bertze. Gaur eginen dute azken ekitaldia.

Senpereko Larraldea etxea, ekainaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Senpereko Larraldea etxea, ekainaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nolako xantza izan duen Euskal Herriak hainbat urtez pertsona bakar baten ekimenez, halako lekua izatea». Hala kontatu du Katti Poxelu Gastibeltza ekoiztetxeko arduradunak Senpereko Larraldean (Lapurdi) egin bortz urteko ibilbidea. Sarako bidean dagoen etxaldeak gaur berean utziko dio euskal kulturaren etxe izateari, hogei urteko ibilbidea egin ondoan. Mladen Strbacek eta Emir Osmicek sortu triptikoa presentatuko dute azken ekitaldi gisa. Zerk eramaten gaitu Gernikak egitera? deitu dute obra, Pablo Picassoren margolanaren tamainari erreferentzia eginez.

Elkarte frankoren aterpe izateaz gain, Andoni Iturriotzek arte galeria gisa antolatu zuen etxea. Juan Gorriti, Nestor Basterretxea, Jose Luis Zumeta, Zoe Bray eta bertze artista frankoren erakustokia izan da Larraldea. Segurtatu duenez, etxea seme bati pasatu dion arren, oraingoz ez da salmentara bideratuko. «Semeek ez dute nahi etxe hau desagertzea. Segur aski, geroan alokatuko dute, baina bertako arima atxiki dezan nahi dugu».

Iturriotzek 2000. urtea baino lehentxeago erosi zion etxaldea anaiari. Enpresaburu gisa Parisen egon ondoan, lau urtez «mimoz» zaharberritu zuen, eta ondotik, baserriko tresnak biltzen hasi zen museo bat egiteko. Pare bat erakustoki bisitatu ondoan, deliberatu zuen museo batek etxea hilen zuela, eta beraz, 2004an Bertsularien Lagunak elkarteari lekua egin zion bertan. «Nire lagun batzuen alabari, Joana Mendibururi, galdegin nion etxe horrekin zer egin nezakeen, eta hark erran zidan bertsolarien elkarteari txoko bat egiteko».

(ID_16193866) (/EZEZAGUNA) (;)
Mladen Strbac eta Emir Osmic triptikoa tindatzen, ekainaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU

Aritz Bidegain Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariaren arabera, lan eremuak eta bilkura gelak izateaz aparte, bertso eskolak egiteko leku aproposa izan da Larraldea. Saio franko ere egin izan dira bertan, eta guzien oroitzapen onak atxiki ditu. «Bertsoaren etxea» zen, eta Iturriotzek kide guziak etxean bezala sentiarazten zituela azpimarratu du. «Andonik jendea hartu izan du bere familiakoa balitz bezala. Kideak eta zaleak biziki errazki jiten ziren bertara, eta hori biziki ederra izan da etxe horretan egin dugun ibilbidean».

Urte batzuk berantago instalatu zen Integrazio Batzordea ere bertan, 2013an, hain zuzen ere. Lan egiteko eta harremanak uztartzeko leku ederra zela kontatu du Maripi Toledok. Historia «handiko» etxean giro «biziki» ona zen, eta elkarteak gurutzatzeko leku «aparta» zen. Azken finean, elkartearen teilatua, garapena eta sustapena bermatu die Larraldeak. «Bilkurak zeudenean sutondoa edo gela huts bat hartu, eta han biltzen ginen: langileak, bulegoko kideak, familiak eta kontseilariak ere etortzen ziren».

«Andonik jendea hartu izan du bere familiakoa balitz bezala. Kideak eta zaleak biziki errazki jiten ziren bertara, eta hori biziki ederra izan da etxe horretan egin dugun ibilbidean»

ARITZ BIDEGAIN Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria

Gastibeltza sartu zen azkenik bertara. Ekoiztetxea duela bost urte sortu zenean, ez zuen lekurik, eta Iturriotzek «beso zabalik» hartu zituela oroitzen du Poxeluk. «Izugarriko» parada eman zien egitura egonkortzeko, ekoiztetxea «deusetarik» sortu baitzuten. Nahi zuten zinema garatzeko leku ezin hobea izan zela erantsi du: «Gastibeltza sortu genuelarik, memento polita eskaini zigun etxeak: kazetariak supazter xokoan errezibitu genituen, eta gure aurkezpen teaser-a barrukian proiektatu genuen. Gure zinemari eman nahi genion gustuaren aurkezteko toki ezin aproposagoa».

Huts «handia»

Euskal kultura sustatzea helburu zuen etxeak huts «handia» utziko du, elkarteetako ordezkarien arabera. Ideia berarekin bat egin dute Poxeluk eta Bidegainek: «altxor» hori galtzean ohartu dira nolako garrantzia zuen. «Dena ez da betiko, baina, dagoenean, kontziente izan eta profitatu behar da. Horrelako lekuak ez dira anitz, eta ohartzen zara haien garrantziaz galtzen dituzularik». Toledok behin eta berriz eskertu du Iturriotz, eskaini lekuarengatik eta egin ibilbideagatik. «Bihotz-bihotzez eskertzen dugu Andoni, egin kudeaketa guziagatik eta hartu lan ikaragarriagatik».

(ID_16193865) (/EZEZAGUNA) (;)
Senpereko Larraldea etxea, ekainaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU

Hala ere, Manex Fuchs Eguzkilore taldeko antzerkilari ohi eta Gastibeltzako kideak nabarmendu du ez dela Larraldearen hesteaz damutu behar. Prozesu aski naturala zaio etxe pribatu baten ibilbidean jabearen ondorengoei transmititua izatea. Arazoa bertze nonbait ikusten du berak, eta galdera batekin laburtu du. «Nolaz instituzioek ez dute baliabide gehiago eman nahi euskaraz mintzo den elkartegintza eta kultura biziarazteko?».

Etxe horrek utziko duen hutsak agerian uzten du Ipar Euskal Herriko euskal kulturak duen baliabide falta. «Minimoaren minimoa ematen zaio euskal kulturari, aurrekontu lerroak betetzeko baizik ez dute balio. Larraldeak egonkortu ditu bertan egon diren elkarteak, eta hori atxiki behar dugu buruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA