Siria iparraldean, Rojavako eskualde autonomoan sortutako zinemagile kolektibo bat da Rojavako Zinema Komuna izenekoa. 2015eko uztailaren 14an jarri zuten abian, eta gazteak trebatzea eta eskualdean filmak sortu eta proiektatu ahal izateko azpiegiturak berreraiki eta berrantolatzea izan du helburu. Rojavan bertan, Qamishlo hirian jaiotako Diyar Hesso da proiektuaren fundatzaileetako bat, eta Bilbon da egunotan, kolektiboak ekoiztutako lehen lana aurkezten: Ji Bo Azadiye (Askatasunaren alde). Harekin aurrez aurre hitz egin du BERRIAk, eta, telefonoz aritu da Ersin Çelik zuzendariarekin, hala komunari buruz nola Euskal Herrian —igandean Bilbon eta astelehenean Donostian— aurkeztuko duten filmaz.
2015ean Diyarbakir hiriko —Amed kurdueraz— Sur izeneko auzo historikoari egindako setioa eta gazte talde baten erresistentzia kontatzen ditu filmak. «2015-2016ko negua zaila izan zen kurduentzat», azaldu du zuzendariak. «2015eko ekainaren 7ko hauteskundeetan HDP alderdiak arrakasta handia izan zuen, hain justu, kurduen aferaren irtenbidea bide demokratikoetatik hel ote zitekeen eztabaidagai zenean. Baina goitik behera aldatu zen dena. Uztailaren 20an, Suruç sarraskitu zuten; 22an, armak salerosteko hitzarmena sinatu zuten AEBek eta Turkiak, HDPko kideak masiboki atxilotu zituzten, eta operazio militar gogorrak izan ziren Kurdistanen».
Çelikek gogoratzen duenez, Turkiako inteligentzia zerbitzuen (MIT) dokumentu batzuk ere filtratu ziren sasoi hartan, eta 2014an prestatutako Suntsipen plana izeneko asmoaren berri ematen zuen haietako batek, une berean, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruarekin negoziazioak martxan ziren bitartean. «Negu hartan, [Turkiako] gobernuak hainbat hiri setiatu zituen, baina jendea altxatu egin zen, eta argi utzi zuten eutsi egingo zutela».
Kazetari lanetan zebilen orduan Çelik, eta oso gogoan ditu setiatutako hiri haietan bildutako lekukotzak, hala Cizren nola Sur-en. Eta erresistentziako kideen egunerokoen irakurketatik jaio da filma. «Çiyager izeneko Sur-eko komandanteak erresistentzia kontatzeko esan zien irtetea lortzen zuten guztiei. YPS herri defentsarako unitate zibiletako kide batzuek setioari izkin egitea lortu zuten, eta luze hitz egin ahal izan genuen haiekin. Estatuak Sur suntsitu nahi zuen, milaka urteko iragana duen auzo hori ezabatu nahi zuen, eta ia lortu zuten».
Zinemagileak dioenez, funtsean, bi galdera izan zituzten buruan filmaren gidoia idazteko. «Zer indarrek bultzatu zituen 50-60 gazte haiek, gehienak eskutan sekula arma bat hartu gabeak, indar militar entrenatu hari aurre egitera? Hori da lehena, eta bigarren galdera hau izan zen: zer gertatu zen kanpoan? Zergatik hainbesteko gorrotoa? Noski, oso zaila da galdera horien erantzuna ulertzea Surren gertatutakoari soilik erreparatuta, eta kurduen azken mende osoko historia aztertu beharko litzateke».
Gidoia idaztea ez zela erraza izan esan du zuzendariak, eta kolektiboki lantzeak lagundu egin ziela. Diyar Hesso Rojavako Zinema Komunako kideak gehitu dio azalpena: «Sur setiatua zuten bitartean, mundua isilik gelditu zen begira. Eta, beraz, gure filma isiltasun horren aurkako kritika bat ere bada».
Harribitxi tekniko bat da pelikula. Kobanen filmatu zuten: munduak beldur egoera amaigabe batean bizitzeari amore emana ziola zirudien sasoian Estatu Islamikoa garaitzen jakin zuen hirian. Kobaneko herritarrek autodefentsa miliziatan antolatuta egin zuten borroka, Ocalanek aldarrikatutako elkarbizitza ereduak bultzatuta, eta, bizitzaren antolaketari buruz erabaki ahal izateko eskubideak dakarren askatasunaren alde. «Kobanen filmatzeak esanahi eta arrazoi asko zituen», azaldu du Çelikek. «Kobaneren eta Surren historiak antzekoak dira. Kobanen garaitutako indarrek eraso nahi zioten Surri. Helburu bera zuten, bizitza eredu bat suntsitu nahi zuten. Eta jende berak eutsi zuen bietan: kontzientzia, borondate eta asmo sendo bera zuten».
Gogoeta intimoago bat ere egin du zuzendariak. «Espazioak eragina du norbanakoen formakuntzan, hala bizitza errealean nola zineman, eta jendeak ere antzeko eragina du espazioetan. Surren borrokatu zirenek esanahi berri bat eta bestelako espiritu bat eman zieten harriei. Kobaneko hiriak, haren kaleek, hango etxe suntsituek eta hango erresistentziaren arrastoek espiritu bera dute. Giro eta nortasun hori presente izan zen filmaketan. Asko lagundu zituen horrek aktoreak beren rolean sartzen».
Gerlariak aktore
Beren buruarena egiten dute aktore horietako batzuek. Haietako askok Surreko erresistentzian parte hartu zuten, eta bizirik atera ziren. Eta «antzezpen» hori da pelikularen lorpen nagusietako bat. Çelik: «Beti da zaila aktore ez-profesionalekin lan egitea, baina askoz ere zailagoa izango zen aktore profesionalekin lan egitea. Surreko erresistentzian parte hartu zuten bi milizianok beren burua interpretatzen dute pelikulan, eta gainontzeko aktoreetako gehienak ere gazteak dira, eta Estatu Islamikoaren aurkako gerran parte hartutakoak edo gerran hazitakoak».
Bada Askatasunaren alde-ren arrakasta ikusi ezingo duen aktore bat. Van-ekoa zen Rubar Servan (Cihan Sever). Kurdistango lekurik hotzenetako bat da Van, eta helburu eta sentimendu batek eraman zuten bere herrialdeko gunerik hotz eta menditsuenetik eskualderik bero eta erdi desertikora. 2014ko eta 2015eko Estatu Islamikoaren erasoen aurkako erresistentziarekin bat egiteko heldu zen Kobanera, eta han hartu zuen parte EIren aurkako gerran. Zuzendariak gogoratu du noiz ezagutu zuten elkar. «Jadanik EIren kontra borrokatutakoa zen Rojavan eta Siria iparraldeko beste hainbat lekutan, eta maiz zauritu zuten. 2017an elkartu ginen Kobanen, filmatzeko prestaketa lanak martxan zirela».
Zuzendariak hasieratik jakin zuen berak jokatuko zuela filmeko Çiyager komandantearen rola, antzezpenik sekula egin gabea izan arren. Lanak bukatu, eta2018an agurtu zuen, azkenekoz. «Abuztuan ikusi genuen elkar azkenekoz. Pelikularen lehen bertsioetako bat jarri nion. Gero ez nuen haren berririk izan, harik eta 2019ko urriaren 25ean martiri erori zela jakin genuen arte. Kurdistan hegoaldean, Heftaningo borrokaldietan galdu zuen bizitza». Oraindik ere bizirik diraute borrokaldi horiek.
SETIOA APURTZEN DUEN FIKZIOA
Turkiak Diyarbakir hiriari 2015ean ezarritako setioaren aurkako erresistentzia kurduaz dihardu 'Ji Bo Azadiye' filmak (Askatasunaren alde). Fikzioa baliatu dute errealitate hura pantailaratzeko. Gaur Bilbon emango dute lana, eta bihar, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu