Kritika. Musika

Seulgo magia

Marta Garcia
2026ko abuztuaren 26a
17:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

SEULGO ORKESTRA FILARMONIKOA

Biolina: Bomsori. 

Zuzendaria: Jaap van Zweden. 

Egitaraua: Jung Jae-ilen Inferno, W. A. Mozarten 40. sinfonia, F. Mendelssohnen Biolinerako kontzertua eta O. Respighiren Erromako pinuak. 

Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. 

Eguna: abuztuaren 25a.

 

Astelehenean Seulgo Orkestra Filarmonikoaren zehaztasun sinesgaitzaren, dinamika malgutasunaren eta batasun txundigarrien lekuko izan ginen, baita Jaap van Zwedenen energia sutsuarena, begirada tinko eta keinu argiarena eta ideia propioak aurrera eramateko grinarena ere.

Jung Jae-il korearraren Inferno obrak ireki zuen emanaldia, iaz estreinatu zenetik sarritan interpretatu dutenak. Obra efektista da, orkestraren ehundura trinkoa profitatzen duena giro zerratuak sortzeko. Konpositorea soinu bandengatik egin da ezaguna batez ere (Parasites filma eta Squid Game telesaila, batez ere), eta pieza honek baditu pantailarako idazketaren indarra eta arkitektura, nonbait. Horren ondoren, W. A. Mozarten 40. sinfonia, bere bizitzako une sortzaileenetako batean idatzia, arina bezain fina suertatu zen. Batutaren aginduei men eginez, bultzadaz betetako interpretazioa eskaini zuten Seulgoek, formazio murritzagoan, xehetasun txikienak ere sakon eta luze lantzen dituztela une oro agerian jarriz. Zeinen gustu onez jardun zen zurezko haizeen sekzioa, kontzertu osoan zehar mantenduko zen doitasun eta kontrolarekin.

Bigarren zatia izan zen, ziurrenik, orkestra honen ezaugarri guztiak bizitzeko aukera gorena. Felix Mendelssohnen Biolinerako kontzertua, bi hitzetan, sekulako erakustaldia izan zen: bai Bomsoriren samurtasun eta musikaltasunarena, bai van Zwedenen gidaritza zintzo eta emankorrarena, bai orkestraren erantzun bizi, sotil eta neurtuarena. Orbangabea Bomsori Andante-ak behar dituen fraseatzeetan zein mugimendu azkarren eskakizun teknikoetan. Ottorino Respighiren Erromako pinuak irudimentsua espero zitekeen bezain oparo, kokatu eta distiratsua izan zen. Villa Borghesen jostalari, eta Via Appian zabal eta aberats, bukaerako crescendo zirraragarrian metal sekzioak zehaztasun lezioa emanez. Irtetean, musikariek eta van Zwedenen hagaxka magikoak eragindako sorginkeria kolektibo baten parte izanaren irudipena nuen. Aukeratzerik banu, sorgindu gaitzatela nahi duten guztietan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA