Donostiako 87. Musika Hamabostaldia

Seulgo Orkestra Filarmonikoa lehen aldiz arituko da Musika Hamabostaldian

Jaap van Zwedenen zuzendaritzapean, orkestrak bi kontzertu egingo ditu, Kursaalean. Lehenengoan Bomsori Kim biolin jotzailea oholtzan izango da bakarlari gonbidatu gisa, eta bigarrenean Easo Abesbatza eta nazioarteko lau bakarlari arituko dira.

Seulgo Orkestra Filarmonikoaren kontzertuen aurkezpena gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Seulgo Orkestra Filarmonikoaren kontzertuen aurkezpena gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2026ko abuztuaren 25a
17:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baziren ia 10 urte Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauan «itsasoaren bestaldeko» orkestrarik agertzen ez zela, Patrick Alfaya jaialdiko zuzendariaren arabera. Ez da hamarkada betetzera iritsiko, ordea, aurten Seulgo Orkestra Filarmonikoa zuzenean entzuteko aukera izango baita; lehen aldiz etorriko da orkestra jaialdira, Jaap van Zwedenek zuzenduko dituen bi kontzertutan. Gaur izango da lehena, eta Bomsori Kim biolin jotzaile korearra bakarlari gonbidatu gisa arituko da. Bigarrena, berriz, bihar izango da, eta Easo Abesbatzaz gain, nazioarteko lau abeslari arituko dira bakarlari gisa, tartean Matthias Goerne baritono alemaniarra. 20:00etan izango dira bi emanaldiak, Kursaal auditoriumean.

«Orekatua» da bi programak laburbiltzen dituen hitza: egitarauaren «oreka» aipatu du Bomsori Kim biolin jotzaileak, baita Zweden zuzendariak berak ere: «Programa hau oso ondo pentsatutako piezen emaitza da». Musikariek ez dituzte pieza berak joko bi kontzertuetan, ordea.

Bi emanaldi, sei obra

Kontrastez sortutako oreka izango da gaur arratsaldeko kontzertukoa, Bomsori Kimen arabera: «Oso arina eta dotorea da, baina aldi berean oso kartsua ere bada. Pasioa eta emozioa ditu». Kontzertua Inferno obrarekin hasiko da, Jung Jae il konpositore korearraren lehen obra sinfonikoarekin. Jarraian, Wolfgang Amadeus Mozarten 40. Sinfonia sol minorrean joko du orkestrak.

Erromantizismoaren bi partiturekin osatuko dute egitaraua: Felix Mendelssohnen Biolinerako kontzertua mi minorrean obrarekin eta Ottorino Respighi konpositore italiarraren Erromako pinuak piezarekin. Lehena 1845ean estreinatu zen, eta hainbat berrikuntza izango ditu gaur arratsaldeko kontzertuan: Bomsori Kim bakarlariaren ia berehalako sarrera eta mugimenduen arteko etenik eza.

Biharko kontzertuan, berriz, orkestra John Adams konpositore estatubatuarraren The Wound Dresser obrarekin hasiko da, Walt Whitman idazlearen olerkiak oinarri hartuta orkestra eta baritono batentzako idatzitako lanarekin. Goerne: «[Adams] Boluntarioa izan zen Gerra Zibilean, eta, hark, bere hizkera zoragarriarekin, ikusten zuena deskribatzen zuen». Biharko emanaldian Goernek berak jarriko dio ahotsa obrari.

Kontzertua amaitzeko, berriz, oholtza gainean izango dira Seulgo Orkestra Filarmonikoa, Donostiako Easo Abesbatza eta nazioarteko lau bakarlari: Gloria Jieun Choi sopranoa, A Keyong Lee mezzosopranoa, Ji Hoon Son tenorra eta Goerne baritonoa bera. Ludwig van Beethovenen 9. Sinfonia re minorrean joko dute, Korala. Gorka Miranda, Easo Abesbatzaren zuzendaria: «Obra hau bizitzan oraindik erantzunik ez duten galdera handi horietako bat bezalakoa da».

80 urtetik gorako ibilbidea

«Orkestra bakoitzak dauka bere arima propioa, bere taupada propioa»; hala azaldu du, behintzat, Zwedenek. Eta halaxe du Seulgo Orkestra Filarmonikoak ere. 1945ean sortu zen, eta Hego Koreako orkestra «beteranoetariko» eta «ospetsuenetariko» bat da gaur egun, Hamabostaldiaren antolatzaileen arabera. 2005ean fundazio independente bihurtu zen, eta ordutik «munduko bakarlari eta zuzendari garrantzitsuenetariko batzuekin» lanean dihardu.

«Orkestra bakoitzak dauka bere arima propioa, bere taupada propioa»

JAAP VAN ZWEDEN Zuzendaria

Goernek nabarmendu du musikariek asteak ematen dituztela kontzertu bakoitza prestatzen; obrarekiko «lotura bat» sortzen dutela, baina publikoak «bizitzan behin edo bitan» entzungo duela, gehienez, pieza hori. Halakoa da biharkoa ere: «Entzuten duzu, hunkitzen zaitu, testua berehala ulertzen duzu, eta musika maitatzen hasten zara».

Bi kontzertuetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA