IGOR BOZANIC
'Zega'
Diskoetxea:ÂPop Depresija.
Balkanetako beste herrialdeetan ere agertzen bada ere, batik bat, Bosnia eta Herzegovinatik datorkigu sevdah edo sevdalinka musika. Musika otomanoetatik, erro balkanikoetatik eta mendebaldeko musiken eraginetatik edaten duen musika malenkoniatsu eta geldoa da, hainbesteraino, bluesarekin, tangoarekin edo mornarekin alderatu izan dutela hainbatetan. XIX. eta XX. mendeetan garatutako beste musika urbano horiekin oso lotura agerikoak ditu. Azkar esateko; kafe eta tabernetako musika herrikoiak dira, eta herri xehearen gorabeherei estuki lotutakoak.
Balkanetako gerraosteak eta world music delakoen leherketak agerira ekarri zuen sevdah estiloa mundu osoko musika zaleen artean. Ondorioz, ezagunak gertatzen hasi zitzaizkigun Mostar Sevdah Reunion, Saban Bajramovic eta Amira Mendunjaninen izenak, besteak beste. Hiru belaunaldi ezberdinetako artistak dira horiek, eta argi adierazten dute sevdah musikak garai ezberdinetara egokitzeko eduki duen gaitasuna. Hobe esateko, oraindik daukan gaitasuna, horixe baita Igor Bozanic gaztearen bigarren disko luzea den Zega honek erakusten duena.
Tradiziotik zuzenean edaten duen diskoa izanda ere —Banja Lukako kantu tradizionalak dira disko honetako ia kantu erdiak—, Sevadh Noir gisa izendatutako mundu onirikora hurbiltzen du musika mota honek berezkoa duen grina eta dramatismoa. Horretarako, Balkanetako musiketan ohikoak ez diren tresnak erabili ditu, adibidez; harpa, mandolina eta txeloa, eta giro lanbrotsu moduko bat gehitu die kantuei geruza elektroniko dotore eta urria erabiliz. Horrela protagonismo ia osoa kantariaren ahots androginoari uzten dio, hark bihurgunez betetako melodia geldoak beharrezko tenplearekin gara ditzan.
Srdan eta Pavel Popov musikariekin elkarlanean osatu du kantari bosniarrak lan hau, eta Mina Marincovicen laguntza eduki du harparekin. Honelaxe laburtu du kantariak prozesua: «Kantu horiek aukeratu nituen haien ustekabeko letrengatik, doinuen intrigagatik eta berrinterpretaziorako duten espazioagatik, bereziki musika arloan. Hor sartu ziren Pavle eta Srdan, abestiak birdefinituz eta gure mundu musikalak elkartuz. Azkenean, uste dut soinu paregabea eta perspektiba freskoa sortu ditugula musika tradizionalaren inguruan».
Horrela disko gozagarri hau ondu dute, non kantuz kantu urrats bat gehiago egingo dugun gure barne leiho horiek zabaldu eta bertakoa ikusmiratzen tarte bat emateko. Benetan, musika espeziala da horretarako.