'HAURDUNALDI OHARRAK'
1991n Akutagawa saria irabazi zuen Yoko Ogawa idazle japoniarrak Haurdunaldi oharrak nobela laburrarengatik, eta orduz geroztik, ez bakarrik Japonian, nazioartean ere oso kontuan hartu diren idazleetako bat dugu. Orain euskaraz ere irakur dezakegu Igelak argitaratutako Iker Alvarezen itzulpen bikainarekin. Izenburuak gardentasunez azpimarratzen digunez, lehen pertsonan hitz egiten digun protagonista femeninoaren ahizparen haurdunaldia hartzen da hizpide narrazioak irauten duen 80 orrialde eskasetan, eguneroko forman. Haurdunaldiaren seigarren astean —bigarren hilabetearen erdian— hasten da kontakizuna, eta haurra jaiotakoan bukatzen. Haurdunaldiak eragingo dizkion aldaketa fisiologikoen bitartez ezagutuko dugu protagonistaren ahizpa zaharragoa; egunetik egunera gorputzean jasango dituen aldaketek bere aldartean ere eragingo dute. Ez dira aste eta hilabete guzti-guztiak kontatzen, hala ere; saltoak eta elipsiak dira nagusi hilabete horietan guztietan. Eta elipsiak nagusitzen dira, gainera, ez bakarrik denboraren joanean, ezpada kontatzen den horretan ere. Izan ere, Ogawaren estiloa telling-etik —kontatzetik— baino showing-etik —erakustetik— hurbilago dago, eta, hala, (ustez) gai nagusia den haurdunaldiaren bitartez, beste hainbat arazo familiar eta sozial bistaratzen dira, baita protagonistaren ahizparen egoera emozional eta mentala iradoki ere.
Tropoen munduan gotortzen da Ogawa hori guztia inplizituki kontatzeko, batez ere metaforetan: bat eginda erakutsiko dizkigu, esaterako, fetuaren ongizatea eta esportatutako pomeloena; edo kontakizunaren hoztasuna, eta klinikako pintura usaina eta hitzik gabeko eguneroko keinuak. Irakurleak interpretatu beharko dituen lotura fin horiek atmosfera misteriotsu eta tentsioz betea sortuko dute. Misteriorik handiena, baina, pertsonaiengan aurkituko dugu, euren egunerokoa xehetasunez ezagut badezakegu ere ez baitugu bakoitzaren barne-munduan, sentipenetan eta elkarren arteko interakzio eta maitasun-dinamiketan guztiz sartzerik izango. Desproportzionalki, ordea, narratzaile autodiegetikoa asko luzatuko da eguneroko detaileak xehe deskribatzen eta aurkezten, edo, are, iraganeko zenbait pasarte, usain eta kolore erreproduzitzen ere, hainbeste non irakurleak, zenbaitetan, egoera bakoitzak duen usaina, testura, soinua ere sentituko dituen. Eta desproportzionalki diot, kontuan izanik nobela labur baten aurrean gaudela, eta, printzipioz, genero literario horretan pentsaezina litzatekeela xehetasunei horrenbeste espazio eskaintzea, eta, kontakizun «zentralari» horren gutxi. Desproportzio horrek, ostera, badu intentzionalitaterik: xehetasunek betetzen dute, hain zuzen ere, pertsonaia guztiek, eta batez ere protagonistaren ahizpak bizi duten isiltasun pertsonal eta afektiboa. Eta, hain justu, esandako horien bitartez, detaileen bitartez, garamatza autoreak, abilezia handiz, ez esandako horietara begiratzera eta horietan hazka egitera. Horra hor liburuaren meritu handiena.Â
Izan ere, zer da, bada, detaileen luzamendu hori emakumearen buruaskitasunaren galeraren eta bakardade sentimenduaren metafora ez bada?Â