'Sibastarrak' pastorala eskainiko dute urdiñarbetarrek, bihar

Pastorala 15:30ean emanen dute, eta agorrilaren 6an ere ordu berean; agorrilaren 4an, berriz, 20:30ean hasirik. Maddalen eta Jean de Jauregiberriren historia taularatuko dute

Urdiñarbetarrak, joan den igandean, azken mustraka orokorrean. J.E.
Joanes Etxebarria.
Urdiñarbe
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Pastoral bat egiteko behar diren aktore nagusiak oro Urdiñarbeko herrian (Zuberoa) atzeman dituzte aurten: Maritxu Negelua idazlea, Battitta Berrogain errejenta, dantza eta kantu eramaileak...; herritarrak dira denak. Herri baten harrotasuna agerikoa da taula gainean, eta, aurten, tauladaren inguruak ere aipagai dira: azken urteetan ohikoena bada soro batean plantatzea, Urdiñarben herriko plaza hautatu dute bihar 15:30ean estreinatuko duten trajeria eskaintzeko: Sibastarrak. Tenore berean emanen dute agorrilaren 6an ere, eta 4an, berriz, 20:30ean.

Arizaleak ere urdiñarbetarrak dira. Aitzina Be elkarteak hautu bat egin behar izan zuen, iragan neguan, errejentak nahi zituen 80 pertsonak baino gehiagok interesa agertu baitzuten parte hartzeko; azkenean, herrian bizi eta herriko elkarte batean diren pertsonak hautatuak izan dira. Besteak, laguntzaileetan izanen dira. Urdiñarbek 1999an eman zuen azken pastorala, eta jakina da ez dela parada berehala berriz agertuko, 2035 arte, urte oro herri desberdinak erreserbatu baitu.

Sibastarrak pastoralak Maddalen eta Jean de Jauregiberri arreba-anaien historia plazaratuko du; Negeluak otsailaren 17an Ipar Euskal Herriko Hitza-n zioenez, haien bizitzek harriturik utzi zuten. «Jende horiek bi mundu gerra eta gerra zibila bizi izan zituzten; hori jadanik harrigarria zait, bizi bakar batean hainbeste gerra bizitzea. Halere, motibaturik ziren euskararen alde, errefuxiatuei laguntza emateko, Maddalenek [de Jauregiberri] emazte abertzaleen lehen taldea sortu zuen...». Bi pertsonaia nagusien karguak Maider Bedaxagarren eta Patrick Loustauren eskuetan izanen dira taula gainean.

Hurbilago, tipiago

Müsikaren Egünak ezagutarazi zuen Urdiñarbeko plaza harmailaz inguratu dute pastoralarentzat. Joan den igandean, mustraka orokorrean, agerikoa zen publikoak ukanen duen hurbiltasuna; mikrofonoen erabilpena atxiki badute ere, antzerki jokoa ezin hurbilago izanen da. Horregatik preseski, usaian baino leku gutiago izanen dira orain: 1.700 inguru emanaldi bakoitzeko. Baratu lekuak salgai dira ostatuetan eta Interneten, Helloasso webgunean.

Igandean eta agorrilaren 6an, 10:00etan pastoraleko meza, eta 11:00etan karrika itzulia izanen dira; ondotik, ikastolako gurasoek prestatu bazkaria (erreserbatzeko 0681-81 14 39), eta 15:30ean pastorala bera. Egun horietan bero handiegia eginez gero, goizez emanen dute, 10:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.