Donostiako Jazzaldiak orain dela aste batzuk aurreratu bezala, aurtengo jaialdia berezia izango da, eta COVID-19aren ondorioz ezarritako edukierak eta mugak bere eginda berrantolatu behar izan du bere programazioa. Hala, nahiz eta 2019aren amaierarako finkatuta zuen programazioa —Cecile McLorin Salvant, Abdullah Ibrahim, Hiromi, Kenny Barron, Dave Holland, Taj Mahal, Simple Minds eta John Zorn zeuden iragarrita—, koronabirusaren krisiak egitaraua oso-osorik berrantolatu behar izan du.
Hala, gaur jakinarazi duenez, aurtengo jazzaldian Silvia Perez Cruz, Jorge Pardo, Chano Domínguez, Iñaki Salvador, Marco Mezquida, Javier Colina, Joachim Kühn, Josemi Carmona, Chicuelo, Oreka TX, Perico Sambeat eta Antonio Serrano izango dira.
Kontzertuak, berriz, Trinitate plazan, Kursaaleko auditoriumean, Viktoria Eugenia antzokian eta San Telmo museoan egingo dituzte. Jazzaldiak bertan behera utzi ditu, berriz, doako emanaldiak biltzen zituzten agertokiak: Zurriola hondartza eta Kursaaleko terrazak.