Jafar Panahi zinemagile irandarrak zuzendutako Un simple accident filmak irabazi du Urrezko Palma Cannesko 78. Zinemaldian. Juliette Binoche aktorea buru izan duen epaimahaiaren erabakiak ez du inor ezustean harrapatu, jaialdiko sari nagusia irabazteko hautagai nabarmenetako bat baitzen filma, eta, gainera, Cannesek aspaldi erakutsia zuen Irango gobernuarekin kritiko diren zinemagileen lana ikusarazteko gogo irmoa. Hain zuzen ere, Panahik hamabost urte eman ditu Irandik irten ezinda, eta Teherango gobernuak hainbat zigor ezarri dizkio. Bere azkeneko pelikula ere ezkutuan filmatu behar izan du.
Un simple accident-ek zuzenean begiratzen dio Irango egoerari, drama, thrillerra eta komedia beltza uztartuz. Gobernuaren aginduetara torturatzaile aritu den gizon batek zakur bat harrapatuko du auto istripu batean, eta gertaera ustez hutsal horrek beste batzuk ekarriko ditu. Hala, haren biktima izango direnek bahitu egingo dute, hiltzeko asmoz.
Epaimahaiaren Sari Nagusia, hau da, Cannesen bigarren aitortza garrantzitsuentzat jotzen dena Joachim Trier danimarkarrak irabazi du, Sentimental Value filmari esker. Filmak oso harrera ona izan zuen estreinatu zuten egunean, eta kritikari askok adierazi zuten Ingmar Bergmanen eragina sumatzen dela hartan. Hain zuzen ere, bi ahizparen eta haien aitaren arteko harreman korapilatsua da filmaren ardatza.
Urrezko Palma eta Epaimahaiaren Sari Nagusia alde batera utzita, O secreto agente filma izan da Cannesko zinemaldiko garaile nagusia. Kleber Menconça Filho zinemagile brasildarrarentzat izan da zuzendari onenaren Zilarrezko Palma, eta Wagner Mourak jaso du gizonezko aktore onenaren saria. Pelikula 1977an dago girotua, Brasilgo diktadura militarraren garaian, eta iraganeko gertaera batzuetatik ihesi Recife hirira iritsiko den irakasle bat du protagonista. Han, baina, Gobernuaren indarrak izango ditu segika.
Emakumezko aktorerik onenaren saria, berriz, Nadia Melliti frantziarrak irabazi du, Hafsia Herziren La petite dernière lanean egindako lanagatik.
Epaimahaiaren Saria Oliver Laxeren Sirat eta Mascha Schilinskiren Sound of Falling-entzat izan da, eta Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Bi Ganen Resurrection-i eman diote.
Jean-Pierre eta Luc Dardenne zinemagile frantziarrak ohiko parte hartzaileak dira Cannesko zinemaldian, eta hainbat sari irabazi izan dituzte bertan, baita Urrezko Palma ere, bitan. Aurten, sari nagusia ez, baina gidoirik onenaren saria eman dio epaimahaiak anaia zinemagileen Jeunes mères filmari.