Donostiako Jazzaldiaren agertokirik handiena eta jendetsuena izan ohi da Zurriolako hondartzan jartzen dutena, baina, koronabirusaren ondorioz, azkeneko bi urteetan antolatzaileek ez dute han eszenatokirik jarri, nahiz eta jaialdia bera egin, egin den. Aurten, ordea, jazzaldiak hondartzako egitaraua berreskuratuko du, eta bertako agertokiak Keler Gunea izena izango du, garagardo marka bilakatu baita jaialdiaren babesle nagusia.
Jazzaldia uztailaren 21etik 25era egingo da, eta, ohi bezala, lehenengo egunetik izango dira kontzertuak Zurriolan. Hain zuzen ere, lehenengo egunean joko dute bertan Simple Minds talde beteranoak eta Curtis Harding soul kantariak. Jim Kerr eskoziarra buru duen taldeak mundu mailako bira bati ekin zion 2019an, baina pandemiak geldiarazi egin zuen. Orain, baina, berriro berreskuratu dute hasierako asmoa.
Uztailaren 22an, Monophonics, soula, funka eta rock psikodelikoa lantzen duen San Franciscoko taldea, eta Christone Kingfish Ingram blues gitarrista gaztea ariko dira; 23an This is The Kit indie-folk kantaria eta Vintage Trouble soul eta rock-and-roll laukotea izango dira protagonista; eta azkenik, 24an Pillow Queens popa, rocka eta punka nahasten dituen Dublingo laukoteak eta Espainiako Leon Benavente taldeak joko dute.
Simple Minds eta Curtis Harding Donostiako 57. Jazzaldian izango dira
Zurriolako hondartzako agertokia berreskuratuko du jazz festibalak. Doako zortzi kontzertu izango dira bertan, lau egunetan banatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu