Zinema estreinaldiak

Sinesten dugunaz

Alauda Ruiz de Azua zinemagile barakaldarraren azken filmak, 'Los domingos' lanak, klausurako moja izan nahi duen 17 urteko neska baten istorioa kontatzen du, eta neskaren erabakiak familian duen eragina islatu.

Alauda Ruiz de Azuaren 'Los domingos' filma.
Alauda Ruiz de Azuaren 'Los domingos' filma.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko urriaren 22a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ainarak 17 urte ditu, eta barnetegi batean bizi da, eskola katoliko batean. Ama duela urte batzuk galdu zuen, eta bi ahizpa txikiak aitarekin bizi dira, Iñakirekin. Oporraldietan, Ainara etxera itzultzen da, baina aitarengandik baino gehiago, izeba Maiterengandik eta amona Lilarengandik jasotzen du heziketa. Izan ere, aitak jatetxe bat du, eta zor mordoa. 

Ainara neska lotsatia da, azkarra, eta ondo dabil eskolan. Lagunak dauzka, eta eskolako abesbatzan parte hartzen du. Institutua amaitzear du, eta etorkizun polita du aurrean. Etxera itzultzen den aldi horietako batean, ordea, adieraziko du Jainkoaren deia jaso duela, eta klausurako moja bihurtu nahi duela. Erabakiak familian zeuden tentsioak leherraraziko ditu: aitak mailegu handi bat eskatu du jatetxean berrikuntzak egiteko, izebak bikote krisi bat du bere semearen aitarekin, eta amona gatazka guztiak arintzen saiatzen ari da. Eta, horrela, gaztearen aitortzak askotariko erantzunak piztuko ditu, askotariko ideologia eta izaeren erakusgarri: norbaitek bultzatu al du gaztea bide horretara? Haren erabakia al da? Haren hautamena errespetatu behar al da? Familia galdera horietan murgilduta dagoen bitartean, apaiz gazte bat Ainararengana hurbiltzen saiatuko da, eta Isabel mojak neskaren izebaren lekua hartu nahiko du, gazteak aitortza intimoak egin diezazkion. 

Alauda Ruiz de Azua zinemagile barakaldarrak klausurako moja bilakatu nahi zuen neska bat ezagutu zuen gaztetan. Jakin-mina piztu zion, harrigarria egin baitzitzaion norbaitek komentu batean sartzeko erabakia hartzea noiz-eta horrenbeste gauza egin nahi izaten diren garai horretan. Ruiz de Azuak urteetan izan du buruan filmeko istorioa, eta, Cinco lobitos filma amaitu ondoren ekoizleek beste proiekturen bat bazuen galdetu ziotenean, horixe kontatu zien. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen filma, eta Urrezko Maskorra irabazi zuen. 

Zuzendariaren orain arteko lanetan familia harremanak lantzen dira, besteak beste, lotura hauskorrei buruz hausnartuz, eta esaten den horren eta esaten ez denaren arteko tentsioa azpimarratuz. Cinco lobitos filmaren bitartez, amatasunaren zailtasun eta gatazkak landu zituen Ruiz de Azuak, oraindik ere alaba den ama gazte baten ikuspegitik; Querer telesailean, berriz, senar-emazteen arteko onespenaren gaia pantailaratu zuen, eta Los domingos filmean, zenbait gai gatazkatsuri heltzen ausartu da, hala nola erlijioari, bokazioari eta fedeari. Horrela, Ruiz de Azuak ikuspuntu bat baino gehiago erabiltzen ditu gaiaren inguruko galderak azaleratzeko, eta bere denbora eskaintzen dio bakoitzari: soiltasunez erretratatzen ditu alderdi guztiak, eta bakoitza, bere aurreiritzi eta guzti, errespetuz entzun. Ikuslea izango da puzzlearen azken pieza: bere ideia, iritzi eta sinesmenekin, filmak eraikitzen duen hausnarketaren parte aktibo bilakatzen da. 

'Los domingos'

Zuzendaria: Alauda Ruiz de Azua. Gidoilaria: Alauda Ruiz de Azua. Aktoreak: Blanca Soroa, Patricia Lopez Arnaiz, Miguel Garces, Juan Minujin. Argazkia: Bet Rourich. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 115 min. Herrialdea: Euskal Herria. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

Frankestein filma
Guillermo del Torok zuzendutako Frankestein filma.

'Frankestein'

Zuzendaria: Guillermo del Toro. Gidoilaria: Guillermo del Toro. Eleberria: Mary Shelley. Aktoreak: Oscar Isaac, Jacob Elordi, Mia Goth, Christoph Waltz. Argazkia: Dan Laustsen. Generoa: beldurrezkoa. Urtea: 2025. Iraupena: 149 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

 

Pretorious doktoreak ustez berrogei urte lehenago sute batean hil zen Frankenstein munstroa aurkitu behar du, Frankenstein doktorearen esperimentuekin jarraitu ahal izateko.

'san simÓn'

Zuzendaria: Miguel Angel Delgado. Gidoilaria: Miguel Angel Delgado. Aktoreak: Flako Estevez, Alexandro Bouzo, Guillermo Queiro, Ana Fontenla, M. del Carmen Jorge. Argazkia: Lucia C. Pan. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 108 min. Herrialdea: Espainia.

1936ko urria. Francoren erregimenak hirurehun kontzentrazio esparru baino gehiago sortu zituen Espainia osoan: komentuak, fabrikak, eskolak, zezen plazak... San Simon nabarmentzeko modukoa da irla bat izateagatik. Erregimenak heriotza leku bihurtu zuen, eta presoek edertasun ikaragarriz inguratuta jasan zuten errepresioa han. Zazpi urte geroago, Lamasi gogora datorkio Galiziako kostaldeko uharte txiki horretan berak bezalaxe errepresioa jasan zuten gizon eta emakumeen istorioa.

'Springsteen: Deliver Me From Nowhere'

Zuzendaria: Scott Cooper. Gidoilaria: Scott Cooper. Liburua: Warren Zanes. Aktoreak: Jeremy Allen White, Jeremy Strong, Paul Walter Hauser, Odessa Young. Argazkia: Masanobu Takayanagi. Urtea: 2025. Iraupena: 120 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

Warren Zanesek Bruce Springsteenen 1982ko Nebraska albumaren grabazioari buruz egindako kontakizunaren zinemarako egokitzapena. Filmak The Boss-i jarraituko dio, noiz-eta mundu zabalean ospetsu bilakatzear zen musikari gazte bat zela eta arrakasta izateko presioa eta iraganeko mamuak mendean hartu nahian zebilela. New Jerseyko bere logelan lau pistako kasete zahar batean grabatua dago Nebraska eta abeslariaren bizitzako garai garrantzitsu bat islatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.