Soinu jolearen ahaide ugariak

Soinua eta soinu jotzailea ditu ardatz 'Erlea' aldizkariaren 11. zenbakiak. Euskal gizartearen «objektu nagusietakoa» izan dela dio Bernardo Atxaga argitalpenaren zuzendariak

Joxan Goikoetxea musikaria, Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Bernardo Atxaga Erlea-ren zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua, joan den astean, aldizkariaren 11. zenbakia aurkezten. GORKA RUBIO / ARP.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Museo bat bisitatzen ari zela,den-dena objektuen bidez adierazten dela konturatu zen Bernardo Atxaga. Lehen Mundu Gerraren gaineko erakusketa bat zen, eta ikusgai zeuden armak, maskarak eta beste hainbat objektu. «Iruditu zitzaidan errealitate bat azaltzeko, askotan, diskurtsoak baino askoz ere esanguratsuagoak direla objektuak». Pentsatu zuen, bada, euskal gizartearen bizimoduarekin lotutako objektuen artean, soinua dela nagusietako bat. Halaxe, soinuak eta soinu jotzaileak ardaztu dute Atxagak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren 11. zenbakia. Euskaltzaindiak argitaratzen du, Pamiela argitaletxearekin batera.

Soinuari tiraka, hamaika gaitara heldu da aldizkaria. Amagoia Gurrutxagaren Zarauzko gutunak. 36ko gerra liburua irakurtzen ari zela, Jesus Zulaika Larrañaga soinu jotzailearen testigantza aurkitu zuen Atxagak. «Gerrari buruzko testua da, baina soinu jole baten begietatik ikusita». Aurrez argitaratuta egon arren, aldizkarian sartu dute, eta ohar bat erantsi du hor idazleak: «Barkatu esatea, baina Euskal Herrian gauza asko argitaratzeak ez du esan nahi gero irakurtzen direnik».

Historiaren eta soinuaren arteko loturen bila, Euskal Herrian izandako soinu jotzaileen atzetik abiatu zen Atxaga. «Herri mailan ezagunak ziren soinu joleak» aurkitu nahi izan ditu. Horien artean, Patziku Perurenak osaba zuen Goizuetako (Nafarroa) Xixilio Zubiriren kontaera jaso du, eta Jose Ramon Arbek bere aita Pedro Arbe Zunzunegi Patxoa-rena, Zeanurikoa (Bizkaia). Garaiko eta tokian tokiko bizitza soinu jotzaileen bizitzen bidez adierazteko era goraipatu du idazleak. Felix Ibargutxi kazetariak ere idatzi du bere testua; «izen handiko» Kaxianoren istorioa kontatu du, gaur jada klasiko diren Itsasontzi baten eta Zorionak kantuen egilearena. Artikulu horretan ageri den argazki bat «hunkigarria» zaio Atxagari: «Hunkigarria, batez ere, zer alaia den ikusita. Azkenaldian, iruditzen zait, Euskal Herrian argazki goibeltsuak ateratzen ari garela beti». Gizon txiki bat ageri da argazkian, eltze bati koilara birekin perkusioa jotzen.

Soinulari garaikideengana ere iritsi da Erlea-ren 11. zenbakia. Jabier Muguruza, Joseba Tapia eta Idoia Noblerengana, batik bat. «Jendaurrean txaloak jasotzen ikusten ditugu. Baina aditua nuen soinu jole bihurtzeko bidea gogorra izan zutela, eta, hori gogoan, euren hasierak kontatzeko eskatu nien».

Atxagaren arabera, soinuaren ildoak «kaleko soinu joleengana» iristeko bidea ireki die; alegia, etorkinengana. Manolo Martinezek Bilbon aritzen den Ilie errumaniarrarekin hitz egin du, eta Atxagaren anaia Ramon Irazuk, Korka Diallo senegaldarrarekin.

Aldizkarian «bi mundu guztiz ezezagun» azaltzen direla aipatu du Atxagak. «Josu Zabalari galdetu genion soinuaz, eta, batez ere, Arabako euskal historiaz hitz egin zuen». Inor gutxik dakien historia kontatu du Zabalak, Atxagaren esanetan. Eta bigarren aurkikuntza, Jean-Louis Davantek Ipar Euskal Herriaren historiaz idatzi duena. «Hemen Euskal Herria izugarri maitatzen da, baina gero inork ez du ezagutzen Sara non dagoen ere», esan du. Martxoan hil zen Piarres Xarriton euskaltzain osoaren gaineko testuarekin batera osatu du idatzia Davantek.

Poemen atzeko aldeak

Castillo Suarezek, Luigi Anselmik eta Gotzon Barandiaranek poema bana idatzi dute, poemen atzeko azalpenekin osatuta. Horrekin batera, liburu iruzkinak ere badatoz aldizkarian; Juan Luis Zabalaren Txistu eta biok iruzkindu du Lourdes Otaegik; Lardaska aldizkaria Aritz Galarragak; eta Garbine Ubedaren Hobe isilik Mari Jose Olaziregik, besteak beste.

Carson McCullers idazlearen jaiotzaren mendeurrena bete da aurten, eta haren Madame Zilensky eta Finlandiako erregea ipuina itzuli du Asun Garikanok. Ana Malagonek ere ipuin bat idatzi du, kaleko soinu jotzaile bat protagonista duena.

Aldizkariaren azala eta barruko irudiak Juan Sagastizabalek egin ditu. Eta, irudiekin batera, 11. zenbakiko «bereziena» Angelaren erlojua dela aipatu du; zehazki, testuko eguzki erlojua: «Poesia bizitua da».

Joxean Goikoetxea soinu jotzaileak musika jarri dio aurkezpenari, hasieran nola bukaeran. Eta aldizkarian ere hartu du parte; objektu batzuk aukeratu, eta «elkarrizketa berezi bat» osatu dute Atxagaren eta bien artean. Bide batez, Goikoetxeak eskerrak eman dizkio Atxagari soinu jotzailearen terminoa «homologatu» zuelako, Soinujolearen semea liburuan. Eta aipatu du, askotan «lotsa» sentitu dutela soinu jotzaileek: «Unibertso sinfonikoak hasieratik baztertu gintuen, eta gutxitan sentitzen gara harro, orain gure istorioak aldizkarian ikusitakoan bezala». Frantzian soinuari «pobreen pianoa» deitzen diotela ekarri du gogora, eta ohartarazi badela 50 urte barru desagertuko dela iragartzen duenik ere.

Euskal literaturaren proba

«Aldizkari honekin gertatua, gertatzen dena eta gertatuko dena da euskaraz idatzitako literaturarekin gertatuko dena». Hor utzi du profezia Atxagak. Erlea-ren zortzigarren zenbakia kaleratzean, azkena izango zela iradoki zuen; baina 11.era iritsita, hamabigarrena ere etorriko dela ziurtatu dute. Bi urte barru beteko dira ehun urte Euskaltzaindia sortu zutela, eta,Urrutiak iragarri duenez, «Euskaltzaindiaren mendeurrenarekin batera etorriko da Erlea 12».

Euskaltzaindiak Erlea-rekin jarraitzeko duen «gogoa» nabarmendu du Urrutiak. «Euskaltzaindia zerbait baldin bada, herri honek egin duen erakunde hori da, eta erakunde horrek gizartearengandik jasotzen duena gizartearengana ere eramateko beharra du. Filosofia hori da, azkenean, Erlea-ren filosofia: euskal kultura sortzen ari direnak batzea eta berriro proiektatzea gizartearen aurrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.