Hilberria

Sonny Rollins hil da, jazz musikaren erreferentziazko saxofoi jotzailea

Jazzaren urrezko aroaren parte izandako musikarien belaunalditik bizirik zen azkenetakoa izan da orain arte estatubatuarra. Melodietarako zeukan asmamenagatik eta inprobisaziorako gaitasunagatik nabarmendu zen, besteak beste. 95 urterekin zendu da.

Sonny Rollins saxo jotzailea, Gasteizko Jazzaldian, 2012an. IÑIGO URIZ / FOKU
Sonny Rollins saxo jotzailea, Gasteizko Jazzaldian, 2012an. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko maiatzaren 26a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haren izena aspaldi zegoen jazzaren historian zizelkatua. Eta Saxofoiaren kolosoa ezizenarekin ere bazen ezagun, izatez. Saxofoia jotzeko trebetasunagatik, melodiak sortzeko eta are inprobisatzeko erakutsitako maisutasunagatik, jazzaren bop, hard bop eta gisa bereko soinu aldaera asko landu eta hedatzeagatik. Motibo askorengatik da handia Sonny Rollins musikariaren itzala; halaxe aitortu zaio urteetan, 1950eko hamarkadan hasi eta orain arte, eta litekeena da berdin aitortzea aurrerantzean ere halakorik, akaso indar handiagoz ere bai, azken hatsa emana duen honetan. Bart hil da Rollins, 95 urterekin, munduari ondare musikal mardula utzita. 

Woodstocken zendu da Rollins, bizitokian. Eta ez dute heriotzaren zergatiei buruzko informaziorik zabaldu, baina aspaldi jakina zen musikariak arnasa hartzeko problemak zituela. Hain justu ere, horregatik esan zien agur eszenatokiei 2012an, 80 urteen langa pasea ordurako. Aldiz, ordutik bi urtera, 2014an utzi zion guztiz pianoa jotzeari. 

Zenbait hamarkadatako ibilbide artistikoa egina zuen ordurako Rollinsek. 1947an Bigarren Hezkuntzako ikasketak bukatu eta berehala bihurtu zuen musika ogibide, eta 1949an sartu zen aurrenekoz estudiora, Babs Gonzales abeslariaren album baten grabaketarako. Harrezkero, abiada bizian hasi zen haren izena musika eszenan zabaltzen. Etenik ere izan zuen ibilbidean, bortxaz, 1950eko hamarkadan bi aldiz izan baitzen preso, lapurtzea eta justiziak ezarritako zigorra urratzea egotzita, eta, hala eta guztiz ere, goraldi betean segitu zuen Rollinsen sonak. Hain zuzen, garai horretantxe grabatu zituen zenbait kantu izen handiko beste zenbait artistarekin, hala nola Miles Davisekin, Modern Jazz Quartet taldearekin, Charlie Parkerrekin eta Thelonious Monkekin. 

1954an, hain justu ere Davisekin batera grabatu zituen bere kantu ezagunenetako batzuk: Oleo, Airegin eta Doxy. Eta beste motibo esanguratsu batengatik ere bada aipatzekoa azken hori, Doxy. 2000. hamarkadaren hasieran, izen bereko zigilu diskografiko bat sortu zuen Rollinsek. 

1956an kaleratutako Saxophone Colossus da Rollinsen obran gehien nabarmendu ohi duten albumetako bat. Edonola ere, gerora emandakoek ere erdietsi zuten bai zaleen beroa bai eta kritikaren onespena ere: Way Out West (1957), The Bridge (1962) eta Sonny Side Up (1957) lanek, besteak beste.

Saxofoiarekin aireratzen zuen soinu sakon eta «harrigarria» nabarmendu dute zenbait adituk Rollinsen obran. Swing ukitua izaten zuen gehienetan, baina, garaiaren arabera, abanguardiatik hurbilago ziren bestelako joera batzuekin ere ibili zen «maite jolasetan», bai eta rockarekin ere. Rolling Stones taldearekin Tattoo You albumeko hiru kantutan aditu daiteke Rollins, saxofoia jotzen. Hala eta guztiz ere, uko egin zion Ingalaterrako musika bandaren ezein kontzertutan parte hartzeari. 

Biziki maite zuen bere kabuz jardutea, inoren menpeko izan gabe. Horren erakusle da, besteak beste, 1959an «bere kasara, aske» jarduteko hartu zuen erabakiak ekarritakoa. Guztia erdiz erdi eten zuen behin-behinean, eta hau egin zuen egunero-egunero bi urtez: Manhattaneko Williamsburg zubiaren azpira joan, saxofoiarekin, «soinu bila». Urteotan guztietan, gehienetan hitz erdika mintzatu izan da garai hartaz, serio edo txantxetan ari ote zen argitu gabe. Edonola ere, zera iradoki izan du: «Inoiz John Coltrane saxofoi jotzailearen mailara iritsiko ez zela» ohartu zelako erabaki zuela aldi baterako «zubira erretiratzea». Egia izan edo ez, segurua honako hau da: aurrez, 1956an, elkarrekin murgildu ziren estudioan, eta Tenor Madness kantua izan zen emaitza —izen bereko albumean dago jasota—; Rollinsen obra musikalean sarri nabarmendu ohi duten kantua da hori ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA