Komikia

'Sorgin seinalea' komikiaren erakusketa abian da Donostian

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, 1984. urtean kaleratutako komikia izango da erakusketaren oinarri, ia 40 urte geroago.

Gregorio Muro Harriet eta Jorge Madejon, erakusketaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Urko Iridoy Alzelai
2023ko azaroaren 2a
15:40
Entzun

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen harira, Sorgin Seinalea komikia oinarri duen erakusketa egingo dute Donostian eta Irunen (Gipuzkoa). Donostiako Udal Liburutegi Nagusian erakusketa irekita dago urriaren 27az geroztik, eta azaroaren 18ra arte ikusi ahalko da. Irunen, berriz, Carlos Aguinaga Blanco kulturgunean izango dute, azaroaren 23tik abenduaren 12ra. Komikia Daniel Redondo ilustratzailearen eta Gregorio Muro Harriet gidoilariaren lana da, eta bilduma osatzen duten lau albumak 1984 eta 1990 bitartean argitaratu ziren.

2017an berrargitalpen bat kaleratu zuten. XVII. mendeko hastapenetan kokatzen dira komikiak, Lapurdin. Hango emakumeek pairatutako sorgin ehiza da istorioaren gaia, emakumeen ikuspuntutik jorratuta betiere. Erakusketan, komikietako hainbat sekuentzia ikusteko aukera egongo da. «Komikiko sekuentzia txundigarrienak aukeratu ditugu erakusketan jartzeko. 2017ko edizioan ilustrazioak digitalizatu ziren, eta horrek asko erraztu digu lana», esan du Jorge Madejon erakusketako arduradunak. Guztira 32 erreprodukzio bildu dituzte, 28 komikiaren barneko orrietakoak eta 4 azaletakoak. «Frantzian argitaratutako azalak berreskuratzea lortu dugu, ez baitziren hemen ateratakoak bezalakoak. Horiek ere erakusketan daude», azaldu du Madejonek.

Ia 4 hamarkada pasatuta

40 urte ondoren, lanak lortutako arrakastaren arrazoiak azaldu ditu Harrietek: «Komikian gizakiez hitz egiten da, eta gaur egun ere gizakiak gara. Pertsonen istorioak beti interesatu zaizkigu denoi, eta horretan oinarritzen da Sorgin seinalea. Ez da gauza bitxiez hitz egiten, baizik eta pertsonez eta haien bizitzez».

Redondoren lana nabarmentzeko aukera izan dute Madejonek eta Harrietek. Komikiari «zentzua» eta «emozioa» eman zion pertsona izan da Redondo, Harrieten ustez. «Komikigintza zinemarekin alderatu beharko bagenu, zuzendari eta gidoilari lanetan aritu nintzen ni, baina zuzendari, arte zuzendari eta aktore lanetan, berriz, Redondo egon zen. Pertsonen emozioak zein haien keinuak paperean irudikatzen abilezia ikaragarria dauka», azaldu du Harrietek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.