Oroitzapenen kutxatik oholtzara egingo du Pablo Sorozabal sortzaile donostiarraren La isla de las perlas zarzuelak. Aurrez, Madrilen eta Bartzelonan antzeztu zuten, iragan mendearen lehen erdialdean, baina obra sortu eta 90 urte baino gehiago igaro ostean izango du estreinaldia Euskal Herrian; hain zuzen ere, obraren sortzailearen etxean. Datorren ekainaren 20an eskainiko dute obra, Donostiako Viktoria Eugenian, 19:30ean. Historian hirugarren aldiz izango da zarzuela ikusteko aukera.
Bost pertsonaia protagonista izango ditu obrak, eta Aitor Garitanok, Estibaliz Arroyok, Julen Garciak, Klara Mendizabalek eta Iñigo Gastesik interpretatuko dituzte. Haien ondoan izango dira oholtzan Musikene Opera Orkestra —Eros Quesadak zuzendua— eta Easo Abesbatza —Gorka Mirandak zuzendua—.
Izen handiko konpositorea izan zen Sorozabal. Katiuska, La tabernera del puerto eta La del manojo derosas dira haren obrarik ezagunenak, eta sona handia dute oraindik ere. La isla de las perlas lanaren kasua guztiz desberdina da. Sorozabalek oso gustuko zuen obra hori, eta zera esan omen zuen haren inguruan: «Zer-nolako gogoa jarri nuen partitura honen konposizioan. Espainian estreinatu beharrean atzerrian estreinatu izan balitz, arrakasta handia izango luke».
Bere garaian arrakasta handiko obra izan zen, baita publikoaren aldetik ere, Donostia Musikako ordezkari Carlos Benitok adierazi duenez. 1933an estreinatu zuten, Madrilen, eta hilabete iraun zuen zinema aretoetan, 1.800 sarrera inguru salduta. 1949. urtera arte, ordea, ez zen lan hari buruz gehiago jakin. «Inork ez daki zergatik», gaineratu du Benitok. Bartzelonan estreinatu zuten urte hartan, eta bertan ere arrakasta izan zuen. Baina ez zuen biderik egin. Benito: «Harrigarria bada ere, arrakasta handia lortu ondoren berriro galdu zen. 1940an saiakera bat egin zuen Donostian aurkezteko, baina ez zioten utzi».
Film batean oinarritu zen Sorozabal obra hori egiteko. Hain zuzen, La isla de las perlas filmean. Tehae eta Taipo dira protagonistak. Lehenengoa irla bateko printzea da, eta bigarrena, irlako herritar bat, printzearekin ezkonduko dena. Baina itsasontzi baten etorrerak dena aldatuko du. Izan ere, itsasontzian doazen gizon zuriek zibilizazioa eraman nahi dute irlara, eta bertako kapitaina eta Taipo maitemindu egingo dira. Horri denari egin beharko dio aurre Tehae printzeak.
«Desberdina baina erakargarria»
Benitok esan duenez, Donostia Musikan uste dute Sorozabalen obra hori «autorearen onenetakoa» dela, eta merezi duela «haren beste lanen mailan» egotea. Horregatik erabaki dute oroitzapenen kutxatik atera eta ezagutzera ematea. Horretarako, hiru fasetan antolatu dute obraren berpiztea. Lehenengoan, obraren zati handi bat interpretatuko dute. Donostian aurkeztu zuten kontzertua, eta honako hauek hartuko dute parte: lau protagonistek, vanesa koru batek eta pianoak.
Bigarren fasea oholtza gainean egingo da, orkestra erdi batekin. Obraren zati musikal osoa interpretatuko da, koruarekin, bakarlariekin eta taldeko abeslariekin. Eta hirugarren fasean, berriz, antzezpen osoa egingo da, orkestra osoarekin eta testuekin. Hori, baina, «beste antzoki eta ekoizpenen esku» utziko dute.
Ekainaren 20an Viktoria Eugeniako oholtza gainean egongo dira Aitor Garitano tenorra eta Lucia Arzallus, Easo Abesbatzako zuzendari laguntzailea. Arzallusek esan duenez, «ohorea» da halako lan baten parte izatea, eta «ilusio eta gogo handiz» hartu dute bertan parte hartzeko gonbita. Obrari dagokionez, Arzallusek nabarmendu du interpretatu behar dutena «erabat desberdina» dela Sorozabalen ohiko doinuekin alderatuta: «Musika estilo asko entzungo ditugu obra bakarrean bilduta, eta ikuslearentzat oso interesgarria izango da».
Garitanoren ustetan, Sorozabalen obra asko «oso garrantzitsuak» dira, «baina hau ere ez da makala». Zarzuelaren planteamenduari dagokionez, berriz, adierazi du «desberdina eta erakargarria» izango dela: «Pertsonaia oso politak dauzka. Baita musika estilo desberdinak eta ahotsetan melodia politak ere. Musikak garrantzi handia dauka lan honetan, baina tramak ere bai. Elkarrizketak eta proiekzioak ikusiko dira».
Era berean, obra horren taularatzearekin gazteei emango dieten aukera nabarmendu nahi izan du bergararrak: «Oso talde gaztea gara; protagonistak 30 urtetik beherakoak gara. Horrek badu bere xarma, proiektua gaztea eta freskoa bilakatzen baita».
Sarrerak bihar jarriko dira salgai, maiatzaren 7an.Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan edo Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke, 20 edo 35 eurotan.