75. Musika Hamabostaldia

Sortzaile, zuzendari eta gidari bera dituen orkestra

Gaur eta bihar ariko da Budapest Festival Orchestra Kursaalean

Ivan Fischer, Budapesteko orkestra zuzentzen. IAN DOUGLAS.
2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Izaeraduna, irekia eta irudimentsua». Hala definitu du Budapest Festival Orchestra haren sortzaile, zuzendari eta gidari den Ivan Fischerrek. 1983an sortu zuen orkestra hau Zultan Kocsisekin batera, eta, elkarrizketa batean azaldu zuenez, filosofia «berri» bat izango zuen orkestra sortzea izan zuten helburu. Horretarako, tokiko bertako musikariak «sortzaileak, berritzaileak eta parte hartzaileak» izan zitezen bilatu zuten, eta nazioarteko musikari ugarirekin aritu dira. Sortu zenetik 31 urte igarota, munduko hamar orkestra «onenetako» bat da Budapestekoa, eta arrakasta horretarako gakoetako bat orkestraren sortzaile eta zuzendari Ivan Fischer izan dela diote adituek. Budapesteko orkestratik haratago, Berlingo orkestraren zuzendaria ez ezik, musikagilea ere bada Fischer. Hainbat herrialdetan interpretatu dira haren lanak, eta, egindako lan guztiarengatik, hainbat sari eta merezimendu eskuratu ditu. Azkena, 2013an Londreseko Royal Academy of Musicen eskutik.

75. Donostiako Musika Hamabostaldiak Kursaaleko auditoriumean egindako kontzertuak amaitzeko, gaur eta bihar ariko da Budapesteko Festival Orchestra 20:00etan hasita. Johannes Brahms izango dute oinarri gaurkoan, eta haren Hirugarren sinfonia Fa Maiorren, eta Laugarren sinfonia Mi menorren lanak dira interpretatuko dituztenak. Lehenak izaera «lirikoa» duela azaldu du Mari Jose Cano adituak Musika Hamabostaldiaren eskuko programan, eta «agerikoa da bertan Beethovenen eragina». Laugarren sinfonia Mi menorren 1885an estreinatu zen musikagilearen beraren zuzendaritzapean. Lan «berezia» dela adierazi du Canok: «Garai hartarako modernoak ziren harmoniak eta arkaikorako nolabaiteko joera nahasten baitzuen».

Biharko kontzertuan, berriz, Europako erdialdeko errepertorioari dagozkion pieza «txikiak» eskainiko dituzte antolatzaileek adierazi dutenez. Horretarako, Johannes Brahms, Franz Schubert, Gustav Mahler, Josef eta Johann Strauss, Antonin Dvorak, eta Zoltan Kolday musikagileen lanak izango dituzte oinarri. Hala, folklorearen eta erromantizismoaren arteko harreman «ia mistikoa» azalduko dutela adierazi du Mercedes Albaina adituak.

Orkestrarekin batera Roman Trekel (Dresden, Alemania, 1963) baritonoa ariko da. Berlinen (Alemania) kantua ikasi ostean, hango Operan ekin zion abeslari ibilbide profesionalari, eta gaur egungo baritono «erakargarrienetako» bat da, Hamabostaldiko antolatzaileen iritziz. Munduko agertoki garrantzitsuenetan aritu da; hala nola Scalan (Milano, Italia), Royal Opera House Covent Gardenen (Londres, Erresuma Batua) eta Semperoper Dresdenen (Dresden, Alemania), besteak beste.

Hamabostaldiak Araban programatu dituen kontzertuen barruan, Artziniegako Arteko Amaren Santutegian ariko da gaur, 20:00etan, Iagoba Fanlo biolontxelo jotzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.